Hungariak galdeketa bat egingo du Orbanen lege homofoboari buruz

Lehen ministroak erreferendum bat iragarri du EBren presioari izkin egiten ahalegintzeko

Bi emakume elkarri muxu ematen, sexu eta genero askatasunaren aldeko martxa batean, Budapesten. ZOLTAN BALOGH / EFE.
Paulo Ostolaza - Gorka Berasategi Otamendi
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Erreferendum bat: bide hori hautatu du Viktor Orban Hungariako lehen ministroak, EB Europako Batasunaren presioari aurre egineta «pedofilo homosexualen aurkako legeak» sortu duen eztabaida ixteko. Europako Batzordeak Hungariako Gobernuaren kontrako ekinbidea hasi zuen joan den astean lege horrengatik, LGTBI komunitatea diskriminatzen duela iritzita, baina Budapestek ez du atzera egiteko asmorik. «Gure haurren etorkizuna dago jokoan, eta ezin dugu amore eman gai honetan», adierazi zuen atzo Orbanek, erreferenduma iragartzeko Facebooken argitaratu zuen mezuan.

Hungariako lehen ministroak Europako Batzordearen «botere abusua» salatu du, bere gobernuaren kontrako ekinbideagatik: «Gure herrialdearen gaineko presioa hain handia denean, aukera bakarra da Hungariako jendeak bere nazioa babestea».

Hungariaren kontra ez ezik, Poloniaren aurka ere egin du Bruselak. Bi gobernuei eskatu die «berdintasuna eta giza eskubideekiko eta duintasunarekiko errespetua» bermatzeko. Bi hilabeteko epea utziko die Batasunaren kontrakotzat dituen erabakien aldeko argudioak aurkez ditzaten. Gero, Batzordeak «ebazpen arrazoitu bat» bidali ahalko die, eta, neurriak indargabetu ezean, Europako Justizia Auzitegira jo.

Hungariaren kasuan, pedofilia eta homosexualitatea lotzen dituen eta LGTBI komunitatea estigmatizatzen duen legeak eragin du Bruselaren eta Budapesten arteko tirabira. Legeak debekatu egiten ditu ustez homosexualitatea eta transexualitatea bultzatzen dituzten eskola edukiak eta iragarkiak. Bruselak dio EBko araudiaren kontrakoa dela; Orbanen gobernuak, berriz, «haurrak babesteko» neurria dela, LGTBI ekintzaileen «sexu propaganda» eragozteko erabakia.

Hungariako Parlamentuak joan den ekainaren 15ean onartu zuen legea, Fidesz alderdiaren aldeko 157 botorekin. Oposizioko alderdiek uko egin zioten bozketan parte hartzeari.

Orbanek ez du iragarri erreferenduma noiz egingo duen, baina zehaztu du bost izango direla herritarrek lege polemikoari buruz erantzun beharko dituzten galderak. Besteak beste, galdetuko dute ea «beren baimenik gabe» haurrei eskoletan sexu-orientazio tailerrak ematea babesten duten, eta ea haurren artean «transexualitatea errazteko prozedurak» bultzatu behar diren. Lehen ministroak argitu gabe utzi du emaitza legearen kontrakoa balitz hura indargabetuko ote lukeen.

Ez da lehen aldia Orbanek erreferendum bat antolatzea erabakitzen duena EBren presioari izkin egiteko. 2016an, bide bera aukeratu zuen Europara iristen ari ziren migratzaile eta iheslarien banaketaren harira. Hungariak ez zituen onartu Bruselak ezarri zizkion harrera kuotak. Galdeketak ez zuen baliorik izan, parte hartzea ez baitzen iritsi %50eko gutxienekora. Lehen ministroak orduko jarrera bera erakusteko eskatu die herritarrei: «Ezetz esateko eskatzen dizuet, duela bost urte egin genuen bezala, Bruselak migratzaileak Hungarian sartzera behartu nahi zituenean. Orduan, erreferendumak eta borondate bateratuak Brusela geldiarazi zuen».

Datorren urteko apirilean hauteskundeak egingo dituzte Hungarian, eta, askoren ustez, Orban «bere balio kristau eta tradizionalistak indartzeko» erabiltzen ari da lege hori.

EBko funtsak jokoan

Hungariari diru laguntzak izozteko eskariak ugaritu egin dira Europan. COVID-19aren pandemiari aurre egiteko funtsa ez onartzeko eskatu zion Europako Parlamentuak Batzordeari uztailaren 8an, harik eta Budapestek sexu eta genero askatasunaren kontrako legea indargabetu arte. Zuzenbide estatuaren printzipioak errespetatzea ezinbesteko baldintza da EBren diru laguntzak jasotzeko, iazko abendutik.

Hain justu, Europako Batzordeak zuzenbide estatuari buruzko txostena aurkeztu zuen herenegun, eta kritika gordinak zuzendu zizkien Hungariari eta Poloniari hainbat arlotan. Bereziki, botere judizialaren independentziari, ustelkeriaren kontrako borrokari eta informazio askatasunari dagokienez. Bruselak adierazi zuen eskura dituen «baliabide guztiak» erabiliko dituela EBren oinarrizko printzipioak babesteko, diru funtsak indargabetzea barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.