Guatemalako bozen bigarren itzulian lehiatu ahal izango da Arevalo

Hauteskunde batzordeak baztertu egin du Semilla indarra legez kanpo uzteko fiskaltzak eginiko eskaera; sinadurak baimenik gabe biltzea egozten dio. Abuztuaren 20an egingo dituzte bozak

Fiskaltzak aginduta, Guatemalako Hauteskunde Batzordearen egoitza miatu zuten atzo. ESTEBAN BIBA / EFE.
Igor Susaeta - Mikel O. Iribar
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Guatemalako Hauteskunde Batzordeak presidentetzarako bozen lehen itzuliko emaitzak ofizial egin zituen herenegun —Euskal Herrian baino zortzi ordu gutxiago dira Guatemalan—, eta, horien arabera, Sandra Torres eta Bernado Arevalo presidentegaiak dira lehiatzekoak bigarren itzulian, abuztuaren 20an. Baina ikusteko dago hala izango ote den; izan ere, batzordeak erabakiaren berri eman eta segidan, Guatemalako Fiskaltzak eskatu zuen Arevalo buru duen Semilla mugimendua legez kanpo uzteko, epaile baten eskariari erantzunez. Hauteskunde batzordeari 24 ordu eman zizkion ebazpena betetzeko, eta atzo iluntzean baieztatu zuen Arevalo eta Torres bozen bigarren itzulian lehiatuko direla. Beraz, atzera bota zuen fiskaltzak eginiko eskaera.

Sistema demokratikoa gain behera zihoala iritzita 2015ean herrialdean egindako protesten ondoren sortu zuten Semilla, eta Arevalok fiskaltzaren erabakiaren ondoren azpimarratu zuen «boteretsuek» ez dutela nahi «herriak bere etorkizuna libreki erabakitzea», baina «garaitu» egingo dituztela. Hauteskundeen lehen itzulian Torresen hautagaitzak lortu zuen boto gehien (%15,86), eta Arevalo izan zen boto gehien bildu zutenen artean bigarrena: %11,78. Biztanleen erdia baino gehiago pobre bizi dira Guatemalan, eta Semillak erreforma handiak egiteko asmoa jaso du bere programan. Torres «kezkatuta» agertu zen atzo, bozen lehen itzuliaren ondorengo gertakariak «nahasiak» direla iritzita, baina bozen datari eutsi eta abuztuaren 20an egiteko eskatu zuen.

Rafael Curruchiche da legez kanporatzea eskatu duen epailea, eta, Semilla ustelkeria kasuan jaso duenez, mugimenduari egozten diote afiliatuen sinadurak baimenik gabe biltzea. AEBek Curruchiche bera zigortu zuten iaz, ustelkeria kasu batzuetan ikerketak oztopatzea leporatuta.

Organo independentea

Hauteskundeen lehen itzulikoemaitzak ofizial egin eta gero etorri da eskaera, eta, hain zuzen, hauteskunde batzordeak hamazazpi egun behar izan ditu emaitzak ontzat jotzeko, horien aurka jarritako helegiteei buruz ebatzi behar izan baitu. Zenbait erakunde sozialek ohar bateratu batean salatu dute fiskaltzaren erabakiaren bidez «kolpe bat ematen ahalegindu» direla. Atzo nabarmendu zuten, bide batez, «legez kanpokoa» dela, eta ez betetzeko eskatu zioten hauteskunde batzordeari.

Enpresarien buruzagitza ere fiskaltzaren erabakiaren aurka agertu da. «Betebehar bat da hauteskunde batzordeak deliberatutakoa eta guatemalarrek hautetsontzietan azaldutako borondatea errespetatzea», azpimarratu zuen atzo, ohar batean. Eta patronalak gogoratu du zer ezartzen duen Hauteskunde eta Alderdi Politikoen Legearen 92. artikuluak: ezingo dela alderdi bat legez kanpo utzi hauteskundeetara deitu eta horiek egin arte. Guatemalako zuzenbide konstituzionalean adituak direnek ere hori adierazi dute hedabide batzuetan, eta zehaztu, gainera, hauteskunde batzordea organo independentea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.