EUSKARA ETA KITXUA BIZIBERRITZEKO

Sisariy erakundeak antolatuta, eta Garabideren laguntzaz, kitxuaren biziberritze estrategikorako nazioarteko lehen ikastaroa egin dute Ekuadorren. Euskalgintzako ordezkari batzuk han izan dira, esperientziak trukatzen. Han ikasitakoak azaldu dituzte Maialen Sobrinok eta Belen Urangak.

Kitxuaren alde antolaturiko ikastaro bat, Ekuadorren. GARABIDE.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ibarran elkartu dira, baina ez Euskal Herrikoan. Ekuadorko Imbabura eskualdeko hiriburua ere bai baita Ibarra, eta han egin dute, Sisariy erakundeak antolatuta, kitxuaren biziberritze estrategikorako lehen nazioarteko ikastaroa.

Zortzi asteburuz kitxuaren alde lanean ari diren berrogei lagun elkartu dira, urtarrilaren 24tik martxoaren 15era, eta justu-justu bukatu dituzte jardunaldiak koronabirusa dela eta. Euskal Herriko Garabide elkartea izan dute ibilbide osoan bidelagun, baina ez da kontu berria: «Kitxuekin ja hamar urtez baino gehiagoz ari gara elkarlanean», azaldu du Maialen Sobrino Garabideko kideak.

Izan ere, munduko hizkuntza gutxituekin lankidetzan aritzen da Garabide, eta bi urterik behin aditu ikastaroak egiten ditu Euskal Herrian. Leku anitzetako jendea etorri ohi da hiru hilabetez prestakuntza jasotzera, eta urteotan guztietan kitxuek ekarri dute ordezkaritzarik zabalena: «Lau alditan antolatu dugu aditu ikastaroa, eta hamabortz bat kitxua etorri dira jada». Hain justu, Euskal Herrian izandako hainbat kidek sortu zuten Sisariy elkartea kitxuaz loratzea erran nahi du, kitxuaren aldeko elkarteen nukleo sinboliko gisa jarduten duena, 2017an. Eta elkarrekin eramandako lankidetzak beste urrats bat egitera animatu ditu aurten, Hala antolatu dute nazioarteko ikastaroa, oraingo honetan euren herrian. Premia ere bazegoen, Sobrinoren ustez: «Hizkuntzaren suntsipenaren erritmoa aise agudoago heldu baita gure biziberritze gaitasuna baino».

Euskal Herriko sei irakasle gonbidatu dituzte Ekuadorko ikastaroetara, eta horietako bat izan da Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kidea. «Nire lana izan zen kokatzea kitxua munduko hizkuntzen artean nola dagoen, batez ere erakusteko ez dela soilik kitxuaren arazo bat, munduko hizkuntza gehienek daukaten arazo bat dela».

Hiru zatitan banatu zuten ikastaroa: lehenik, soziolinguistikari buruzko bi saio egin zituzten; ondotik, kitxuaren egoeraren diagnostikoa eta plangintza, eta, azkenik, hizkuntza biziberritzeko proiektu zehatzak garatu zituzten. Hezkuntzan, administrazio publikoan, hedabideetan, helduen alfabetatzean, gizarte aktibazioan eta aktibismo digitalaren arloan landu dituzte proiektuak. Eta, Sobrinok zehaztu duenez, «denetarik dago» horien artean: «Bat da, adibidez, Imbabura probintziarako hizkuntza plangintza egitea, baina bertze bat, dimentsio aldetik igual hain handia ez dena baina dimentsio sozialetik anitz duena, kitxuazko udalekuak egitea haur eta gazteendako. Bi proiektu guziz desberdin dira, baina biak beharrezkoak».

Sobrinok nabarmendu du, gainera, pertsona estrategikoak izan direla parte hartu duten guziak, eta, beraz, «eragin biderkatzailea» izanen dutela euren komunitateetan: «Badute egitura bat edo talde batgibeletik proiektuak aitzina eraman ahal izateko».

Elkarrengandik ikasten

Elkarri egindako ekarpena. Horixe izan da Sobrinok eta Urangak Ekuadorretik ekarri duten funtsezko irakasgaietako bat. «Bat-batean, munduaren bertze puntan zaude, eta hemen bizi izandakoaren iruditxoak ikusten dituzu. Orduan konturatzen zara ez dela kasualitatea bizipen hain iduritsuak izatea munduko hain toki desberdinetan», azaldu du Sobrinok. Harridura momentuak ere izan ditu Urangak: «Hitz egiten hastean konturatu ziren zenbateraino den kaskarra daukaten egoera, zenbateraino daukaten euren hizkuntzan hitz egiteko zailtasun handia eta batez ere transmisioa zenbateraino dagoen etenda». Ez zaio erraza egin: «Oso gogorra da ikustea kontzientzia handiko pertsonak ere hizkuntza erakustea utzia daudela». Baina itxaropen uneak ere bizi izan ditu: «Elkarrekin egindako hausnarketari esker ahalduntze bat gertatu zen». Urangaren arabera, euren lana izan da erakustea posible dela galerari aurre egitea, baina horretarako kontzientzia beharrezkoa dela ere bai: «Inportanteena dela borondatea izatea, eta borondate horrek aktibatzen duela».

Ekuadorren ikusitako egoerak ispilu egin die hala Urangari nola Sobrinori. Bi irakaspen ekarri ditu Urangak: alde batetik, ezberdintasunen gainetik proiektu kolektibo bat eraikitzeko beharra, eta, bertzetik, proiektu guztiak bateratzen dituen «borondate» komun bat izatea. Euskarari dagokionez, ideia horiek berreskuratzea garrantzitsutzat du. «Euskal Herrian hain da handia egin duguna azken 50 urteetan, adarrak hain dira handiak esparru guztietan, iruditzen baitzait erroak ondo sendotzen ez baditugu erortzeko arriskua egon daitekeela. Hori ekarri dut handik: borondate hori, ezberdintasunen gainetik duten nahi kolektiboa».

Sobrinok, berriz, ikuspegiaren zabaltzea ekarri du gogora. «Guri erraten digute hizkuntza-zentristak garela. Badirela bertze aspektu batzuk hainbertze landu ez ditugunak». Lurrarekiko lotura edota mundu ikuskera, erraterako. «Igual hitz horiek guretzat arrotzak dira, baina gure munduan bizitzeko modua non dago?». Haren ustez, kitxuengandik ikasteak azaleratu egiten du euskaldunek zer bide hartu dituzten eta zeintzuk ez. Bertzalde, uste du euskararen prozesuaren oroimena berreskuratu eta hedatu behar dela: «Gure hizkuntzaren biziberritzearen kontzientzia ez dakit hainbertze badugun; gainera, ez gara ari sistematizatzen, dibulgatzen eta dibertsifikatzen».

«Bestea da pertsonalki zer ekartzen duzun handik», azaldu du Urangak: «Han ikusten dituzun nahia eta ilusioa ezin dira ordaindu». Bat egin du Sobrinok: «Dena kontra izanik ere, gogotsu daude eta elkar elikatzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.