Kataluniako epaitegi batek bertze auzibide bat hasi du erreferendumarengatik

Desobedientzia, prebarikazioa eta beste hiru delitu leporatu dizkiete 30 goi karguduni; tartean dira TV3eko eta Catalunya Radioko zuzendariak

mikel rodriguez
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako justiziak bertze auzibide bat ireki du Katalunian 2017an antolatu zuten independentziari buruzko erreferendumarengatik. Bartzelonako 13. epaitegiak hasi du prozesua, eta 32 pertsona auzipetu ditu, goi kargudun publikoak gehienak. Bortz delitu egotzi dizkie guztira: desobedientzia, prebarikazioa, funtsak bidegabeki erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta sekretuak jakinaraztea. Guztiak ikerketapean zeuden erreferendumaren antolaketan parte hartu zutelakoan, eta horien artean daude Vicent Sanchis TV3 Kataluniako telebista publikoko zuzendaria, Saul Gordillo Catalunya Radio irrati publikokoa, Alberto Royo Diplocat Generalitatearen zerbitzu diplomatikoaren burua zena eta Amadeu Altafaj Generalitateak EB Europako Batasunerako zuen arduraduna.

Auzipetzeetara eraman duen ikerketa, hain zuzen, erreferenduma egin aitzinetik hasi zuen epaitegiak, Espainiako El País egunkariak Santi Vidal epaile eta ERCko senatari ohiaren adierazpen batzuk argitaratu ondoren, 2017ko urtarrilean. Vidalek konferentzia batean egindako adierazpenak ziren, eta, bertzeak bertze, aipatu zuen Kataluniako Gobernuak «legez kanpo» lortu zituela herritarren datu fiskalak erreferenduma antolatu ahal izateko. Orduko hartan, Generalitateak eta ERCk berak adierazi zuten Vidalek errandakoa gezurra zela. Vidal bera ez dute auzipetu.

Sanchisi eta Gordillori desobedientzia leporatu die epaileak. Guztira hamazazpi laguni egotzi die delitu hori. Bertze batzuei delitu bat baino gehiago leporatu dizkie; errate baterako, Royori—funtsak bidegabeki erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea—. Diru publikoa bidegabe erabiltzeaz akusatutako hamazazpi auzipeturi sei milioi euroko bermea ezarri die. Epailearen arabera, erreferenduma egiteko ustez baliatutako diru kopuruaren parekoa litzateke bermea.

Torraren babesa auzipetuei

Quim Torra Kataluniako presidenteak mezu instituzional bat eman zuen atzo auzipetuei babesa agertzeko. «Egin genuen, eta berriz eginen dugu», adierazi zuen erreferendumari buruz.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, berriz, Miquel Buch ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteko presidente ohiaren aurkako kausa berriz irekitzea erabaki zuten atzo. Desobedientzia leporatzen diote hari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.