Akordiorik ez ERCk jarritako epeen barruan

Oraindik ez daukate gobernurik Katalunian, Aragonesek zehaztutako epemuga gaindituta. Akordioa «aurki» lortzea espero du JxCk

JxCko eta ERCko ordezkariak, asteartean, Lledoners espetxearen kanpoaldean. SUSANNA SAEZ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Ultimatuma eman zion Pere Aragones ERC Esquerra Republicana de Catalunyako presidentegaiak JxC Junts Per Catalunyari, joan den astean, eta gaur arteko epea jarri zuen bien arteko gobernu akordioa lortzeko, ordurako lortu ezean «bestelako bideak» aztertuko zituztela ohartarazita. Epe hori gaindituta, negoziazioen luzapenak sinesgarritasuna kendu dio ERCren mehatxuari, duela egun batzuk baino hurbilago ikusten baitu akordioa iragartzeko eguna, baina, aldi berean, epea luzatu beharrean baita, agerian utziz JxCk zehazten dituela erritmoa eta epeak.

Kontuan hartu beharreko data maiatzaren 26koa dela ematen du, ordurako izendatu beharko baitute Generalitateko presidente berria, nahiz eta Aragonesek atzo esan asteburu hau «erabakigarria» izango dela akordiorik egin ote daitekeen ikusteko. Haren alderdia JxCri presa sartzen ari zaio oraindik adierazpen publikoetan, eta hala egin zuen Marta Vilalta bozeramaileak atzo: «Presa daukagu, eta gure presa jendeak duen presa berbera da». Hain justu, epeak estutu izana kritikatu zion ERCri Pilar Calvo JxCk Espainiako Kongresuan duen diputatuak, eta helburua «gobernu egonkor» bat osatzea dela. Hala ere, aitortu zuen «aurki» ados jartzea espero dutela.

Bi alderdietako ordezkariak Bartzelonako Lledoners espetxean elkartu ziren asteartean, gobernu berriaren osaketaz eztabaidatzeko. Bilerak bide onean jarri zituen negoziazioak, bi alderdietako iturrien arabera. Kontseilaritzaren banaketaz hitz egin zuten. Bere proposamena aurkeztu zion ERCk JxCri, zenbait hedabidek zabaldu dutenez, eta kontraproposamen bat egiteko eskatu. Nació Digital agerkari digitalaren arabera, auzi sozialek zentralitatea duten kontseilaritzak lehenetsi ditu Carles Puigdemonten alderdiak, hala nola Hezkuntza eta Osasuna.

Desadostasun agerikoak ere badira zenbait kontseilaritzatan, ordea, atariak dioenez. Politika Digitalen eta Administrazio Publikoaren kontseilaritzei alderdietako bakoitzak eman nahi dien garrantzian ez daude ados, adibidez. ERCk administrazio publikoko zenbait eskumen presidentetzaren esku utzi nahi dituela uste du JxCk. Europako funtsen auzia ere ari da zeresana ematen. Aragonesek gai horri begirako batzorde jakin bat sortu nahi du, eta haren buru jarri Miquel Puig ekonomialaria. JxCk, berriz, begiz joa du kontseilaritza hori, eta Elsa Artadirentzat izatea nahi du. Azken legealdiko rolak aldatu, eta ERCk azken lau urteetan izan dituen kontseilaritzak hartu nahi ditu Carles Puigdemonten alderdiak.

Edonola ere, kontseilaritzen banaketa bi indar politikoen arteko desadostasunen zerrendan atzean geratuko dela aurreikusten da, eta lehenago bideratuko dutela eztabaida hori, independentzia prozesuaren bide orriari buruzkoa eta prozesu horren gidaritzaren ingurukoa baino.

Orain arteko negoziazioek emaitzarik eman ez izanak bistaratu egin ditu bestelako gobernu osaketen aukerak. JxC gobernutik kanpo geratzea da horietako bat, Aragonesen inbestidurari bide emanez. Askok jakintzat jotzen dute JxC gobernuan sartuko dela, eta uste hori baieztatu zuen Damia Calvet alderdiko diputatuak TV3 telebista katean. Badira alderdiaren barruan beste sektore bat ere badagoela diotenak, ordea: gobernuan sartu gabe geratzearen aldekoa. Beste aukera bat ere bada, aurrekoak baino zailagoa dirudiena: behin-behinean kanpoan geratu eta negoziatzen jarraitzea, aurrerago gobernura batzeko.

CUPen ohartarazpena

JxCk egingo duenari garrantzia kendu zion Xavier Pellicer CUPeko diputatuak, nahiz eta onartu zuen «kezkaz eta amorruz» ari zaiela erreparatzen negoziazioei. Adierazi zuen ERCrekin bakarrik gobernatzea ez dela «arazo bat» haientzat. «Guretzat garrantzitsua da legealdia hastea eta ezkerrerako norabidea hartzea, aurrera egiteko», nabarmendu zuen.

Halaber, gogora ekarri zuen bere alderdiak ERCri ematen dion babesa bi alderdiek sinatutako akordioak baldintzatzen duela, eta indar politiko horiek adostutako gutxienekoak errespetatu beharko dituela ERCren eta JxCren arteko akordioak: «Akordioa puskatzen baldin bada, gure akordioa ere puskatuko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.