Zatituta ospatuko ditu NATOk 70 urte

Trumpek eta Macronek aliantzaren estrategia aldatu nahi dute, norabide desberdinetan. Europako kideek ekarpena handituko dute

Emmanuel Macron eta Jens Stoltenberg, Parisen, joan den azaroaren 28an. IAN LANGSDON / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ospakizunetarako aldarte handirik gabe egingo du NATOk bere 70. urteurreneko ekitaldia, gaur, Londresen. 1949an sortu zen defentsarako aliantza, Bigarren Mundu Gerraren ostean, Sobietar Batasunari aurre egiteko. Zazpi hamarkadaren ondoren, zalantzaz beterik begiratzen dio etorkizunari. Kideetako batzuek salatu dute erakundea urrun dagoela egungo erronka geopolitikoei erantzuteko, eta aldaketa sakonak behar dituela. Hori dela eta, ospakizun ekitaldietan parte hartzeaz gain, aliantzaren norabide estrategikoaz eztabaidatuko dute erakundean pisurik handiena duten estatuetako agintariek.

Barruko ahots kritikoak ez dira edonorenak. Donald TrumpAEBetako presidenteak esan zuen «zaharkituta» zegoela, 2017ko urtarrilean. Handik gutxira atzera egin bazuen ere, ordutik behin eta berriz errepikatu du beste era batera banatu behar dela kideek aliantzari egiten dioten diru ekarpena, eta estatu europarrei presio egin die BPGaren %2 NATOra bideratu dezaten. Hori izango da AEBen kezka nagusietako bat gaurko bilkuretan.

Diru kontuetatik harago, Emmauel Macron Frantziako presidenteak aliantzaren estrategia bera jarri du auzitan. Erakundea «garun heriotzak» jota dagoela adierazi zuen, joan den astean.

Macron ez dago ados Errusia eta Txina etsai nagusi gisa hartzearekin. Moskurekin eta Pekinekin hurbilagoko harremana lortzearen aldekoa da, eta, aldiz, ahalegin handiena «terrorismoaren» kontrako borrokara bideratzea nahi du. Horrez gain, Europako estatuen arteko defentsa elkarlana bultzatzearen beharra nabarmendu du.

Macron oso kritiko agertu da Turkiak Sirian izan duen jokabidearekin. NATOtik kanpo aritu dela salatu du. AEBak Siriatik erretiratu ondoren, Turkiak Rojavari egin zion eraso, eta su-etena negoziatu zuen bere kabuz Errusiarekin. Macronen kritikei berehala erantzun zien Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Macroni gomendatu zion ziurtatzeko ea ez ote den bera «garun heriotzan» dagoena. Auziaz hitz egiteko, Turkiarekin bilduko dira Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania, Londresen. Beste bilkura batean elkartuko dira Macron eta Trump, aurrez aurre.

Macronen hitzek kezka eragin diete aliantzako hainbat kideri. Europa ekialdeko herrialdeek ez dute inolako hurbilketarik nahi Errusiarekin. Alemaniak ere bestelako ikuspuntua du. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren esanetan, «Europa ez da gai gaur egun bere kabuz defendatzeko», eta NATO mantentzea derrigorrezkoa zaio, «orain, Gerra Hotzean baino gehiago». Defentsara bideratutako diru kopurua handitzearen alde agertu da Merkel, eta goratu egin du NATOk Afganistanen eta Balkanetan jokatu zuen rolaren garrantzia.

Errusia ere «mehatxu»

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia Macronekin bildu zen joan den ostiralean, Parisen, Londresko bilkurak prestatzeko. Bileraren ostean, Frantziako estatuburuak bereari eutsi zion. Stoltenbergek, berriz, «mehatxu guztiei» erantzuteko beharraz ohartarazi zuen: «terrorismoari», baina baita Errusiari ere. Haren esanetan, Moskuk aliatu bakar bati ere eraso egin ez dion arren, Ukraina eta Georgia «bizilagunei» eraso egin die.

Stoltenbergek ziurtatu du NATOk «bide bikoitza» lantzen jarraituko duela Moskurekin: defentsa jarrera indartsu bat eta, aldi berean, elkarrizketarako eskaintza.

Txinak nazioartean duen pisuaren eragina ere aztertu behar du NATOk, Stoltenbergen iritziz. «Aliatuek kontuan hartu behar dute Txinako armadaren modernizazioa, eta Artikotik Balkanetara eta ziberespazioan duen presentzia geroz eta handiagoa».

Gastuak, gora

NATOren gastua 360.000 milioi euro izango da 2024an. Stoltenbergek nabarmendu du bosgarren urtez jarraian handituko dutela ekarpena europarrek eta Kanadak aurten. Haren esanetan, ez da Trump gogobetetzeko erabakia, «aliantza osoarentzako» neurri garrantzitsua baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.