Grebarako eskubidea ezbaian ikusten dute

Lanuzteak iragarri dituzten Baikoko pilotariek enpresari eta Enpresen Ligari adierazi diete ez dutela onartuko «greba eskubidea urratzea»

Bengoetxea, Larunbe eta Artola, ostiralean, ELAren egoitzan, Bilbon. A.L. / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Baiko enpresako pilotarien gehiengoak eta ELA sindikatuak uste dute grebarako eskubidea urratzeko saialdiak egiten ari direla enpresa eta Pilota Enpresen Liga. Etzitik astelehena bitarte dira egitekoak aurreneko lau lanuzteak, eta atzo agiri bidez jakinarazi zuten azken orduetan Baiko eta Enpresen Liga hartzen ari diren erabaki batzuen inguruko kezka eta haserrea. «Argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko grebarako daukagun oinarrizko eskubidea urratzen duen jarrera bakar bat ere», esaten dute agirian.

Baikok iragarrita dauka larunbatean Gernikako jaialdian Aspe enpresako pilotariekin osatuko dituela partidak, bi enpresetako pilotariak nahasian jarriz. Grebara deitu duten pilotariek beste adibide bat ere eman dute: «Ligak asmoa omen dauka larunbatean Agirreri eta Albisuri Binakako Txapelketako finalerdia galdutzat emateko, pilotariek greba eskubidea gauzatzen badute». Baikori beste hau ere leporatu diote: «Pilotari berrien debutak eta kontratuak dataz aurreratu ditu grebalariak ordezkatzeko». Enpresaren eta Ligaren jarrera horiek «guztiz legez kanpokoak» direla diote. Konponbide bakarra ikusten dute: «Gatazka asteburu hau baino lehen konponduko ez balitz, legezko irtenbidea eta ontzat ematen dugun bakarra da partida horiek bertan behera uztea».

Ondorengoa esan dute asteburu honetako egoerei aurre egiteko Enpresen Ligak darabilen aukera bati buruz: «Ezin da erabili aztertzen ari den araudia. Izan ere, pilotariak faltako balira, araudi horretan datorren estaldura-sistema ezin zaio ezarri greba eskubidea gauzatzeagatik jokatuko ez duen pilotariari». Oinarrizko eskubide baten urraketaz mintzo dira: «Ez dago araudirik, erabaki administratiborik edo liga profesionalik oinarrizko eskubide hori urratzeko ahalmena duenik». Urraketa horri bide emango dioten jarduerak ikusten badituzte, Lan Ikuskaritzara joko dutela diote, baita Fiskaltzaren aurrera ere greba eskubidea urratzen duten enpresen edo sozietate-talde guztien aurka: «Ez ditugu onartuko langile taldearen elkartasuna eta ahalegina gutxitzeko helburua duten jarduerak, eta adi egongo gara greba eskubidea errespetatzen dela ziurtatzeko».

Baikori eskaera argi bat luzatu diote beste behin ere: «Bere jarrera zuzentzeko deia egiten diogu, bazterrak nahasteari utz diezaiola, eta langileentzat konponbide egokiak bilatzen saia dadila». Gaur dira biltzekoak enpresa eta pilotariak.

Imazen salaketa

Greban ez dagoen pilotarietako bat Ander Imaz da. Kontratua berritu du, gainera, Baikorekin. Gatazkaren harira, kontratua berritu ez duen Jon Mariezkurrenak Imazi leporatu zion emandako hitza ez betetzea, eta, gainera, enpresari informazioa pasatzea. Orain, Imazek salaketa jarri du pilotari nafarraren aurka, bereaurkako «adierazpen faltsuak egiteagatik». Mariezkurrenaren hitz horiek «kalte larria» eragin diotela dio: «Ohorezko eskubidea eta nire irudia eta ospea urratu dizkit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.