Hezkuntza Sailaren txapuzak

Arantza Garagartza Lekube, Onintza Vara Altonaga, Amaia Bikandi eta Jaione Atxabal Zatika
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Gaixo kronikoak atera nahi ditu Lakuak Zerbitzu Eginkizunetatik, aurten bereziki horretarako ateratako dekretuaren aizkorarekin. Zerbitzu eginkizunen deialdiak berak esaten du osasun arazo kronikoak dituztenek lan egokitzapena eskatu behar dutela. Mahaian bilduta egon zirenean, Hezkuntza Sailak jakinarazi zien sindikatuei egoera honetan zeuden irakasleek egin beharreko bidea: Prebentzio Zerbitzuetara jotzea.

Udaberriko oporretan, sendaezinak diren gaixotasunak ditugun irakasleok txosten mediku guztiak bildu eta Prebentzio Zerbitzura eraman genituen. Han artatu gintuen medikuak erabaki behar du irakasle batzuk etxera hurbiltzea eta beste batzuk ez. Esan beharra dago hainbat irakasleri egokitzapena ukatu zaiola medikuak ikusi gabe.

Hezkuntza Sailak sindikatuei hitzeman zien ebazpena maiatzaren bukaeran aterako zutela, baina Hezkuntzak ez du bere hitza bete. Hogei egun beranduago, erabakiaren ebazpena atera baino bi egun arinago, esleipenen atarian egindako telefono deien bitartez dator erantzuna, batzuentzat bakarrik eta beste errekurtsorik egiteko tarterik utzi gabe. Hau ez da batere serioa. Langile izanik, horrelako tratua merezi dugu?

Guraso guztiek jakin beharko lukete hau dela Hezkuntza Sailak hainbeste urtetan zuon umeen zerbitzuan eta zaintzan buru-belarri egon garen langileenganako duen tratua eta langileak zaintzeko jarrera. Gaixotasun kronikoak zalantzan jarri eta «bizilekuz aldatzeko» proposamenak helarazi dizkigu Hezkuntza Sailak, zenbait erantzunen artean. Erantzun hauek guztiz desegokiak dira, eta joan den ikasturtetik bizitzen ari garen egoera hau onartezina da.

Deialdi berria atera ondoren, hainbeste erreklamazio eta errekurtso jarri eta gero, irakasle asko atzera botatzen dira prozesuaren erdian, prozesuak korapilatsuak eta nekezak direlako eta gure eguneroko lanerako gorde behar dugulako energia hori. Gaixotasunak behartuta, mediku baja eskatzea besterik ez zaigu geratzen. Gainera, hori da Hezkuntza Sailak «aholkatzen» diguna: «Txarto bazaude, baja eskatu», horrek gizarte osoari ekartzen dion kalte ekonomikoarekin.

Hau irakurtzen duenari adierazi nahi diogu egoera honetan gauden langileak ez garela baliogabeak. Osasun arazoak ditugu, baina gure lana beste irakasleek bezala egiten dugu, eta lanerako egokitzapenak behar ditugu gure arazoa ez areagotzeko.

Blanca eta Amparo, gaixotasunek gainezka egin eta baja egoerak sortzera itxaron ordez, ez al da hobe ezezkoa jaso duten irakasleen osasun egoera kontuan hartzea?

Ez al zaigu denoi komeni gure umeen ongizatea zaintzen dugunak zaintzea? Zuen erantzunaren zain geratzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.