Abian da Noka Mentoring-en hirugarren deialdia

Emakumezko zinemagile hasiberriak laguntzea du helburu programak. Proiektuak aurkezteko epea otsailaren 19ra artekoa izango da

Clara Montero, Andoni Iturbe eta Victor Iriarte, atzo, deialdiaren aurkezpenean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
aitor biain
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Emakumezko zinemagileak laguntzeko Noka Mentoring programa martxan da dagoeneko. Hirugarren aldia du aurten, eta Hego Euskal Herriko emakumezko zinemagileei zuzenduta dago. Zehazki, zinemagile hasiberrien proiektuak sustatzea da programaren helburua, sektorean emakumezko sortzaileek duten «presentzia eta ikusgarritasuna» handitzeko. Proiektuak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko; otsailaren 19ra arte egongo da irekita.

Donostian aurkeztu zuten egitasmoa, atzo, Eusko Jaurlaritzako eta Tabakalera Zentroko arduradunek. Bertan izan ziren, besteak beste, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendaria eta Victor Iriarte zentroaren zinema eta ikus-entzunezko programaren arduraduna. Antolatzaileek azaldu zutenez, hirugarren aldian, Tabakalerak bere gain hartu du proiektuaren antolaketa, eta bertan egoitza duten Donostiako Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren eta Elias Kerejeta Zine Eskolaren «ekosistemara» batuko da.

Beren lehen edo bigarren filma egin nahi duten sortzaileei «denbora, espazioa, testuingurua eta akonpainamendu profesionala» eskaini nahi zaizkie, batez ere, proiektuaren hasierako fasean direnei. Modu horretan, zinemagintzaren arloko bestelako laguntza batzuk eskuratu ahal izateko bideak erraztu nahi dizkiete sortzaile berriei, izan Eusko Jaurlaritzarenak, ICAA Espainiako Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutuarenak edota nazioarteko zinema industriako beste eragile batzuek ematen dituztenak.

Aurreko aldietan egin bezala, aurten ere hiru proiektu hautatuko dituzte, eta «ospe handiko» mentoreen aholkularitza izango dute hirurek. Bada, iazko adituak arituko dira aurten ere lan horretan: Elena Lopez Riera, Mar Coll eta Celia Rico. Bi ardatz izango ditu aholkularitza horrek: batetik, film bat sortzeko prozesura «sormenaren bidez» hurbiltzen lagunduko diete zuzendariei, eta,bestetik, proiektu horiek zinemaren merkatuan eta industrian txertatzeko eta trebatzeko beharrezkoak diren «moduluak» erakutsiko dizkiete.

Parte hartzaileek bultzada ekonomiko bat ere jasoko dute, edonola ere: 4.000 euroko laguntza izango du zinemagile bakoitzak bere proiektua «ahalik eta baldintzarik onenetan» garatu ahal izateko.

Hego Euskal Herrian jaio edo bizi diren emakumezko zinemagileei dago zuzenduta Noka Mentoring programa, eta aurkez daitezkeen film proiektuak fikziozkoak edo ez-fikziozkoak izan daitezke. Hori bai, sortzailearen lehen edo bigarren film luzea izan behar da, gehienez ere.

Proiektuak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko, eta otsailaren 19ra arte. Martxoaren 12an jakinaraziko dituzte programan parte hartuko duten hiru filmen izenak. Hautaketa batzordea honako hauek osatuko dute: Maialen Belokik, Donostiako Zinemaldiaren zuzendariordeak; Carlos Muguirok, Elias Kerejeta Zine Eskolako zuzendariak; eta Lur Olaizolak, Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzaileak.

Ekosistemaz baliatu

Antolatzaileek azaldu dutenez, ezinbestekoa da programan parte hartuko duten film proiektuak Ikusmira Berriak egitasmoaren aurtengo deialdian ere aurkezteko prest izatea. Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak antolatzen dute programa hori, eta proiektu zinematografikoak garatzeko egoitza artistikoa eskaintzen diete sortzaileei.

Aurtengo aldia uztailaren 1etik abuztuaren 31ra izango da, eta, hain zuzen ere, Noka Mentoring programaren xedeetako bat da hiru proiektuak deialdi horretara «baldintzarik onenetan» aurkeztu ahal izateko prestatzea. Iaz programan parte hartu zuen Marina Palacio zinemagilea, esaterako, Ikusmira Berriak programan aukeratu zuten, Y así seguirán las cosas film proiektuari esker.

Horrez gainera, programa Tabakalerako «ekosistemara» batuko denez, sortzaileek «dagoeneko aktibatuta dagoen sare profesional eta formatiboan» parte hartzeko aukera izango dute. Horrek esan nahi du Tabakaleran zinemagintzan diharduten erakundeen testuinguruaz baliatzeko aukera izango dutela. «Hori da Noka Mentoring programak beste programa batzuekin alderatuta duen balio bereizgarririk handiena», azaldu dute antolatzaileek.

Besteak beste, zuzendariek doan izango dute Tabakalerako pantaila partekatuko programazioko zinema saio guztietarako sarbidea, eta zine eskolako askotariko ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute programak irauten bitartean. Donostiak Zinemaldian ere industriako akreditazio profesional bat eramango dute, beren proiektuak garatzen lagundu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.