Albistea entzun

Musikaz itsatsitako puskak

Maite Larburuk 'Krak' izeneko disko berria aurkezteko kontzertu bat emango du bihar, Donostian
Maite Larburu musikaria, biolinarekin kantuan, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Maite Larburu musikaria, biolinarekin kantuan, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2021eko irailak 29 - Donostia

«Krak egiten duen disko bat da hau. Rubik kutxa koloreaniztun bat. Krak handiak eta txikiak. Erretenak, zartadurak, pitzadurak, arrakalak, arrailak. Zatitzen den zerbait: ahoa, bulba, belarria. Birus ñimiño batek ebakitako gizartea». Maite Larburu musikariak (Hernani, Gipuzkoa, 1979) sarrera horren bidez aurkeztu zuen atzo Krak, bere bakarkako bigarren diskoa, prentsaren aurrean. Bihar emango du estreinako kontzertua, 19:00etan, Donostiako Gazteszena aretoan.

Larburuk jotako 11 kantuk osatzen dute diskoa, eta horietako batzuk Axut! antzerki konpainiaren Amua antzezlanerako idatzi ditu. Antzezlana ere Gazteszenan emango dute asteon: urriaren 1ean, 2an eta 3an egingo dituzte emanaldiak, 19:00etan. Larbururen kontzerturako sarrerak agortuta daude; oraindik badago antzezlana ikusteko lekurik.

Krak diskoko kantu ia denen musika sortu duen arren, bertsio bat ere egin du Larburuk: Itoizen As noites da Radio Lisboa; Jean Marie Ekairena da musika, eta Jose Mari Argoitiarenak hitzak. Gainontzeko kantu gehienen hitzak Larbururenak badira ere, Harkaitz Canok idatzi ditu kantu batenak; Raymond Carverren olerki bat erabili du beste batean —Canok berak euskaratuta—, eta Amua antzezlanaren gidoitik hartutako esaldi batzuk batu ditu beste batean. Hitzik berezienak Aldabako (Nafarroa) Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak dira; anonimoak dira: emakume batek idatzi zituen, eta ezkutatu.

Larbururen ahotsaz, biolinaz, biolaz, gitarra klasikoaz eta elektrikoaz gain, Carlos Taroncherrek klarinete baxua jo du diskoan; Karlos Aranzegik, bateria, eta Garazi Navasek, akordeoia. Joan den maiatzean grabatu zuten, Haritz Harregiren estudioan.

Biharko kontzertua hirukotean joko dute Larburuk, Taroncherrek eta Aranzegik. «Ohikoa ez den zerbait izango da, bai Taroncherren eta bai Aranzegiren jotzeko moduak nahiko ezohikoak direlako», azaldu zuen Larburuk: «Klarinete baxua gailu elektroniko bihurtzen dute, eta bateria sinple bat, sekulako perkusio instrumentu set-a».

«Disko honetan zati pila bat dago; horregatik deitzen da Krak: hautsitako disko bat da». Larbururi hainbat tokitatik iritsi zaio kantu horiek sortzeko inspirazioa. Bere musikagintza jarduera «are indartsuago» bilakatu zen pandemiaren ondorioz, denbora gehiago eman ziolako, eta beste artistekin egindako kolaborazioak ere baliatu ditu: Canorekin batera egindako Fruitu arraroak errezitala eta, batez ere, Amua antzezlana. «Amua-ren gaia maitasuna da, eta munduko kantu guztiena ere bai. Niretzat plazera izan da hor inspirazioa aurkitzea».

Jotzen eta antzezten

Disko honek bi desberdintasun nagusi ditu Larbururen aurreko lanekin alderatuz, haren ustez: musikagintzaren garapen bat sumatzen du, bateriaren ekarpenarekin, besteak beste, eta Zart kolektiboarekin eman du argitara. Aurreko lanak, Neighbour bikotean egindako Ura patrikan (2013) eta Hau (2016), eta bakarka egindako Hezurren azpian (2019) Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin atera izan ditu. Zart kolektiboa 2019ko Durangoko Azokan aurkeztu zuten zenbait artistak, eta Krak hark kaleratutako seigarren lana da. Iker Laurobaren, Mikel Urdangarinen, Pettiren eta Rafa Ruedaren diskoak atera dituzte orain arte.

Diskoa estreinatu ondorengo egunetan emango dute Amua, eta Larburu bera ere han izango da; izan ere, antzezlanerako musika sortzeaz gain, aktorea ere bada. Manex Fuchs, Ximun Fuchs eta Larburu egongo dira agertokian; hirurek idatzi dute obra, Arantxa Hirigoienekin batera, eta Ximun Fuchsek zuzendu du. Komedia sentimental politikoa da antzezlanaren azpititulua. «Pandemian, bat-batean maitasuna oso subertsiboa bilakatu zen. Baziren bikote batzuk mugaren alde batean eta bestean bizi zirenak; hainbat Romeo eta Julieta izan dira. Maitasunaz mintzatzea askatasunaz mintzatzea da, utopiaz mintzatzea da, eta gure hizkuntzaz eta herriaz mintzatzea ere bada», adierazi zuen Ximun Fuchsek atzoko aurkezpenean. Aurtengo maiatzean abiatu zuten bira.

«Oso gauza ederra da niretzat, inoiz gertatu ez zaidana. Ehunka kontzertu eman ditut Europan, eta inoiz ez ditut egin lau emanaldi jarraian Donostian, bata bestearen atzetik. Eman ditut Amsterdamen, Parisen..., baina Donostian ez», eskertu zuen Larburuk. Ximun Fuchsek nabarmendu zuen denbora behar dela lan bat leku batean behar bezala zabaltzeko: «Beharrezkoa da obra bat denboran uztea hor agerian, eta ez izatea bakarrik kontsumorako. Denbora batez hiria maitasunaz, arrosaz edo ubelez margotzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...