Ikusgaitasuna handitu arren, andreak gutxiengo dira filmetan

Donostiako Zinemaldiak genero identifikazioko txostena egin du hirugarrenez. Beste lanbide kategoria batzuk aztertuko ditu datorren urtean

Donostiako Zinemaldiko sari nagusiak jaso zituzten zuzendari eta aktoreak, Kursaaleko oholtzan. JON URBE / FOKU.
aitor biain
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak genero aldagaia aztertu du hirugarren urtez, jakiteko jaialdian parte hartu duten filmen artean emakumezkoen presentzia zer-nolakoa izan den. Antolatzaileen esanetan, aurten andreak ikusgaitasun handiko lekuetan egon dira, nola Sail Ofizialean, hala epaimahaietan edo sarituen artean, baina horrek ez du eragin parte hartzaile kopuruan. Hau da, genero femeninoarekin identifikatzen direnak herenak baino ez dira oraindik kategoria eta sail gehienetan.

Aurreko jaialdietan egin bezala, sei arlo aztertu dituzte txostena osatzeko: zuzendaritza, produkzioa, gidoia, muntaketa, argazkia eta musika. Bildutako datuak antzekoak dira hautapen batzordeak ikusi zituenen eta programazio ofizialean parte hartu zutenen artean. Alegia, oraindik genero maskulinoarekin identifikatzen dira alor guztietako hamar profesionaletik sei baino gehiago. Gainera, ez da izan alde handirik azken hiru urteetan.

Badaude ñabardurak, halere, antolatzaileek azaldu dutenez. Esaterako, proportzioan, emakume gisa identifikatzen diren profesional gehiago daude hautatutako filmetan ikusitakoetan baino. Horrez gain, aurreko urteekin alderatuta, andreen presentzia nabarmenagoa izan da lehiaketa ofizialeko zuzendarien artean; epaimahaikide gehienak ere emakumezkoak izan dira aurten, eta, bigarren urtez jarraian, emakume gehiago saritu dira.

Aitzitik, aldea handia da oraindik argazki zuzendaritzan eta musikan. Datorren urtean, hala ere, lanbide kategoria gehiago aztertuko ditu antolakuntzak, ikus-entzunezkoen arloko emakumeen elkarteekin adostu duenez.

Analisi horretan ezin dira bazter utzi, ordea, generoarekin lotura duten bestelako aldagaiak ere. Batetik, aurten lehen aldiz ez delako generoa bereizi aktorerik onenaren sarietan. Antolakuntzak aitortu du erabakiak zenbait elkarteren «gaitzespena» eragin duela, baina iragarri du hiru urteko epea emango duela neurriaren eragina egiaztatzeko. Erantsi du, gainera, sektorean gero eta pertsona ez-binario gehiago daudela. «Parekotasuna lortzea ez ezik, bazterketa ezabatzea ere bada horren helburua», azaldu du.

Bestetik, Donostia saria Johnny Deppi emateak ere eztabaida eragin zuen. Horri lotuta, antolakuntzak esan du ohorezko sariekin lotutako «kode etiko bat» adosteko aukera aztertuko duela datozen hilabeteetan, sektoreko hainbat emakume elkarterekin.

Azkenik, epaimahaiaren auziari ere heldu dio txostenak; izan ere, irizpide ez-artistikoen arabera epaitzea leporatu zioten zenbaitzuk. Antolakuntzak gogorarazi du aurten andreak gehiago baziren ere iaz alderantziz izan zela, eta orduan sei sarietatik lau emakumeek zuzendutako filmei eman zitzaizkiela. «Garrantzitsua da aurrera egitea, erabakiak erantzukizunez hartuta betiere, baina urtez urte emaitzak aztertuta eta gure okerrak aldatzeko beldurrik gabe».

Ikusleak berreskuratzen

Izurrite garaian egin den bigarren Donostiako Zinemaldia izan da aurtengoa, eta horrek jaialdiaren alor guztietan izan du eragina. Ikusleei dagokienez, aurtengo kopurua 2019koaren eta 2020koaren artean gelditu da. Hau da, iaz baino ikusle gehiago izan dira, baina inolaz ere ez da lortu izurriaren aurretik bezainbeste jende biltzea. Guztira, 96.867 pertsona izan dira jaialdian erakutsitako 211 filmetako baten bat ikusten: iaz baino %46,2 ikusle gehiago dira, baina 2019an baino %45,8 gutxiago. Akreditatu kopuruan ere antzekoa izan da aldea.

Bestelakoan ere izan dira baikortasunari eusteko zantzu batzuk ere. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kritikak eta zinema industriak azken urteetako «baloraziorik onenetako bat» egin baitute programazioaren inguruan. Kontuan hartu behar da aurten ere zinema jaialdia moldatu behar izan dutela, nahiz eta zenbait jarduera berreskuratu diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.