Bideoa irratia hiltzen saiatu zen aroa hona ere heldu zenekoa

'Ez dakit zer pasatzen den azkenaldi honetan' erakusketa zabaldu du Artium museoak. Gasteizko Musika Bideo Jaialdia du ardatz

Askotariko bideo, argazki, dokumentu eta afixak ikus daitezke erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ez zen soilik MTV izan; Euskal Herrian ere musikak telebista hartu zuen 1980ko hamarkadaren lehen urteetan. Hainbat izan ziren bideokliparen loraldiari bide eman zioten ekitaldiak eta jaialdiak, baina zeresan bereziki handia izan zuen Gasteizko Musika Bideo Jaialdiak, aurrenetarikoa izan baitzen euskal musikaren eszenan. Bada, jaialdiaren nondik norakoak ikertu dituzte Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gomez Egiluzek, eta lan horren emaitza ikusgai jarri dute orain Artium museoan, Ez dakit zer gertatzen den azkenaldi honetan. Vitoria-Gasteizko Musika Bideo Jaialdia 1985-1990 izeneko erakusketan.

Donostiako Tabakalera zentroak, Bilboko Azkuna Zentroak eta Gasteizko Artium museoak elkarrekin sustatutako Komisario Berriak programaren barruan landu dute ikerketa hiru gazteek, eta aurtengo bekaldian aukeratutako hiru proiektuetako bat da haiena. Museoko A01 aretoan jarri dute ikusgai, Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1997-2002 aldian erakusketaren alboan, lotura zuzena baitu harekin: ikerketari zabaldutako leihoari esker, aldi hartan euskal testuinguruan garatutako praktika eta kategoria kulturalak berrikusteko modua eskaintzen du. Martxoaren 21era arte izango da bisitatzeko aukera.

Gasteizko bideo jaialdiaren aurreneko sei urteak izan dituzte aztergai, zehazki, eta epe horretan parte hartu zuten musika taldeen bideoak, dokumentuak, kartelak, prentsa artikuluak ikus daitezke erakusketan; baita horien testuinguruari lotutako bestelako afixak ere.

Ikusgai jarri dituzte, baita ere, Marivi Ibarrolak garai hartan eginiko argazkiak; argazkilariak orain arte argitaratu gabeko artxibokoak dira. Erakusketaren parte dira, halaber, jaialdia sustatzeko bideo bat eta Pedro Espinosa musikari eta kazetariak 1980ko hamarkadan egindako kontzertuen grabazio sorta bat.

Jaialdiaren garrantzia

«Bagenekien jaialdia existitu zela, baina informazio gutxi genuen horren inguruan», azaldu du Ane Lekuonak. Eta ezagutzaren hutsune horretan topatu zuten ikerketarako bide bat, hain zuzen; arlo akademikorako nahiz ezagutza pertsonalerako balio zuen bide mehar bat. «Ikusi genuen aukera polita zela proiektua gorpuzteko, eta hala hasi ginen. Ikerketan aurrera egin ahala jakin dugu jaialdiak benetan zer esan nahi izan zuen».

1985ean egin zen lehenengo aldiz, eta ordurako bideo musikatuen aroa hazkunde betean zen; AEBetan eta Europan, batez ere. Bada, Euskal Herrira ere iritsi zen kultura berri haren oihartzuna, Itziar Gutierrezek gogorarazi duenez: «Bideo kreazioaren inguruan bazeuden bestelako jaialdi batzuk ordurako: Donostian izan zen bideo jaialdi bat, Tolosan ere bai, eta Zinemaldia ere hor zegoen... Beraz, Gasteizko jaialdiaren hasierako asmoetako bat zera izan zen, nolabait topaleku bat sortzea, inguruan sortzen ari ziren guztia bateratzeko».

Izan ere, garai hartan ari zen gorpuzten euskal musikaren panorama aldatuko zuen mugimendua, eta horrek guztiak Gasteizen ere izan zuen eraginik. «Ekitaldi garrantzitsu eta kontzertu asko izan ziren hamarkada hartan Gasteizen, eta talde garrantzitsu asko bertan loratu ziren: Hertzainak, adibidez», azaldu du Iñigo Gomez Egiluzek. «Jaialdia, beraz, hemengo artista eta sortzaileentzat izugarrizko aukera izan zen bideoaren kultura berri hori ikusteko, eta horren inguruan eztabaidatzeko».

Industria diskografikoak bultzatzen zituzten produktu mediatikoak bilakatu ziren musika bideoak, baina Euskal Herrian kontrako bidea hartu zuten: mundu alternatibo bat irudikatzeko bitarteko bilakatu ziren, musikari gazteei esker. Hala antzeman daiteke euskal sortzaileen bideoetan, hain zuzen ere. «Korrika egitea, ihes egiteko gogoa, autoritatearen kontrako protestak, belaunaldi zaharragoen kontrako jarrerak... Badaude behin eta berriz errepikatzen diren kode batzuk, orduko behar horietara eramaten gaituztenak», Gomez Egiluzen arabera.

Meloi bat zabaltzearen pare

Artxiboetan arakatu dute gehienbat informazioa eskuratzeko, baina mediatekak ere bisitatu dituzte. Garaiko errealizadoreen, musikarien, sortzaileen eta jaialdiaren antolatzaileen testigantzak ere jaso dituzte, ikerketa osatzeko. Lekuonak azpimarratu du, ordea, hari mutur bat baino ez dela: «Zer garrantzia zuen bideoak bere garaian? Zer harreman zuen kultur erakundeekin? Emakumeek zer paper zuten bideoetan? Ildo pila bat atera daitezke. Guk batzuk baino ez ditugu aztertu».

Historialariak dira hirurak, baina nor bere esparruan hasi da bidea egiten. Bada, Gutierrezek dio Komisario Berriak programa «beste esperientzia bat» izan dela esperientzia bilketa propio horretan, baina argi du leihoa zabaldu besterik ez dutela egin. «Gurea hurbilpen bat besterik ez da. Meloi handi bat zabaldu izanaren irudipena daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.