Ihes egin dio garaipenak

Gernikak 62-67 galdu du Virtus Bolognaren kontra, Eurokopako laugarren jardunaldian. Bizkaitarrak aurretik joan dira ia lehia osoan

Gernikaren eta Virtus Bolognaren arteko lehia, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Partida garrantzitsua zuen atzo Lointek Gernika Bizkaiak, Malosten, zaleen babesean. Virtus Bolognaren aurka aritu zen Eurokopako ligaxkako laugarren jardunaldian, eta neurketa irabaziko balu, urrats garrantzitsua egingo zuen txapelketan aurrera egiteko. Ez zen hala izan, baina. Eskuetan izan zuen garaipena, baina ihes egin zion. Bikain aritu zen lehen zatian, eta hamalau punturen aldearekin joan zen atsedenaldira: 40-26. Bizkaitarrek neurketa kontrolpean zutela zirudien, baina jokalariei erregaia amaitu zitzaien, eta goitik behera aldatu zen lehia. Azkenean, Italiako taldeak partida berdindu eta iraultzea lortu zuen, eta 62-67 amaitu zen.

Mario Lopezen taldea jakitun zen neurketaren garrantziaz, eta Ā«funtsezkotzatĀ» jo zuten lehia. Bada, ez zen nahi bezala atera. Modu horretara, ligaxkako bi partida irabazi dituzte bizkaitarrek, eta beste bi galdu. Maloste gotorleku izatea nahi zuen Gernikak, baina Eurokopan alderantziz izaten ari da: etxetik kanpoko bi neurketetan gailendu dira, eta aldiz, porrota jasan dute etxeko bietan. Italian, 60-65 nagusitu ziren Virtus Bolognaren kontra. Bi partida falta dira multzokako fasea amaitzeko: bi final ditu aurretik, beraz, Gernikak.

Ondo sartu zen partidan Bizkaiko taldea. Erritmo handia ezarri zuten, bizi jokatzen ari ziren, eta intentsitate handiz. Italiako taldeak ere dohainak dituela erakutsi zuen lehen laurdenean, eta lanak eman zizkien Myisha Hines-Allen bezalako jokalariek; buruhauste handia izan zen estatubatuarra partida osoan, eta 34 puntu pilatu zituen berak bakarrik. Errebotea zaintzea partidako gakoetako bat izango zela bazekiten bizkaitarrek, eta ondo aritu ziren lehen zatian, baina latz sufritu zuten azken laurdenean.

Lehen zatian talde moduan eginiko ahaleginak eta taula azpian nahiz kanpotik egindako lanak fruituak ematen hasi ziren, eta markagailuan ihes egiten hasi zen Gernika: Tinara Moor eta Melisa Brcaninovic fin aritu ziren jaurtiketetan. Mailari eustea zen asmoa, nahiz eta ez izan lantegi erraza. Suspertu egin zen Virtus Bologna, eta gidoia erabat aldatu zuen; lehia iraultzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.