'Telenorte'-k baztertu egiten gaitu

Xabier Lakarra, Andoni Sarriegi eta Edurne Alegria
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar urte bete ditu RTVEko Telenorte saioak. Frankismo garaian jaioa da, euskarak errepresio latza pairatzen zuenean, eta harrezkero bere hizkuntza-portaeragutxi aldatu du telebistako saio horrek: euskararen bazterketa begi-bistakoa da, ia 1971koaren antzekoa, eduki guztien %6 soilik ematen baititu gure hizkuntzan.

Euskaldunontzat bitxia eta iraingarria da ikustea enpresa publiko berak (RTVEk) irizpide desberdinei jarraitzen diela lurraldearen arabera: esaterako, Kataluniako lurralde-deskonexioetan (hainbat ordu egunero) RTVEk katalanez emititzen du %100ean. Halaber, Galiziako lurralde-deskonexioetan saioak galiziera hutsez dira, %100ean ere. EAEn, aitzitik, bertako hizkuntza guztiz baztertuta dago, minutu eskas batera zokoratua saioaren bukaera aldera.

Garbi hitz egin dezagun: Telenorte euskararekiko iragazgaitza den estatuaren beste gotorlekuetako bat da, EAEn estatuak duen benetako hizkuntza-bunkerra, frankismo garaiko hizkuntza-bazterketa mantentzen duena.

Deitoragarria da, era berean, Urkullu lehendakariaren gobernuak protesta irmoa ez egitea EAEn emititzen duen telebista publiko batek praktikatzen duen hizkuntza-bazterketa honegatik. Eta tristea halaber lehendakaria bera Telenorte-ren50. urteurrenaren ospakizunera joan izana, euskaldunak modu lotsagarrian baztertzen dituen erakunde publiko baten ospakizunera. Irakur dezagun zer esaten duen horretaz 1982ko EAEko Euskararen Legeak (24. artikuluan):

Ā«Jaurlaritzak hizkuntza-normalizazioa bultzatuko du Espainiako Irrati-Telebistaren emanaldi zentroetan, euskarak, Euskal Herriko hizkuntza propioa denez, behar duen presentzia izan dezanĀ».

Legea betearaztea ez al da botere publikoen eginbeharra? Zergatik hainbeste grina lege batzuk betetzeko (lege arrotzak, kasu gehienetan) eta ez beste batzuk (euskararenak, adibidez)?

Euskaldunok tratu duina eta parekoa exijitzen dugu guretzat eta gure hizkuntzarentzat Telenorte saioan. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarron %34 euskaldunak dira, eta %45ek euskaraz ulertzen dute. Telenorte-ren euskarazko edukiek, gutxienez, ehuneko horietara iritsi beharko lukete. Era berean eskatzen dugu RTVEk deskonexio-denbora gehitu dezala euskara hutsezko programazioa eskaintzeko, aisialdi-, heziketa- edo informazio-gaiei gure hizkuntzan lekua emanez.

Azkenik, euskal alderdi politikoeiRTVEri exijentzia hau adieraztea proposatu nahi diegu,Telenorte-k gure hizkuntza-eskubideak errespeta ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.