Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Julia

2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Sukaldaritza profesionalaren mundua gizonez betea dago. Etxeko sukaldeetan, berriz, emakumeek gizonek baino denbora gehiago ematen dute. Kontraesan horrek gure gizartea guztiz islatzen du. Sukaldaritza lanez-profesionala denean emakumeek betetzen dute, baina etxetik kanpo eta ordaintzen denean, gizonek lidergoa hartzen dute. Sukaldari askok beren ama, izebak edo amonak oroitzen dituzte Michelin izarra jasotzen dutenean. Baina aurtengo galako sarituen artean emakume gutxi ikusi ditugu berriz ere.

Telebistan ohituta gaude sukaldaritzako saio ugari ikustera. Aurreko astean Landerrek sukaldaritza saio batzuk aipatu zituen. Ume nintzenean, Pedro Subijana gogoratzen dut pantailaren beste aldean bere platerak egiten; asko gustatzen zitzaidan bere saioa. Karlos Argiñanorekin bat, aitzindariak izan ziren sukaldaritza etxeko pantailetara eramateko. Haiek bezala, munduan zehar telebistan errezetak erakusten zituzten sukaldari asko egon ziren. Besteak beste, Julia Child sukaldari estatubatuarra dugu. Emakume horrek ez zuen luxuzko jatetxerik, baina sukaldaritza frantsesa maite zuen. Maitasun horrek liburu bat idaztera eraman zuen, eta gero, sukaldaritza saio bat egin zuen telebista publikoan.

Julia Childek 1960ko hamarkadan egiten zen telebistara iraultza ekarri zuen. Kanon guztiak apurtu zituen: 50 urte zituen, ahots nahiko berezia zuen, eta edertasun hegemonikotik at zegoen. Bere istorioa hobeto ezagutzeko, Julia (HBO Max) telesaila gomendatzen dizuet. Bertan, telebistara nola iritsi zen ikusiko dugu —bere senarra Juliaren proiektuarekin bat egiteko engainatu behar izan zuen—. Kultura maila altua zutenek telebistaren aurka zeuden, eta «moda iragankor bat» izango zela aipatzen zuten askok. Childek berak ez zuen telebistarik bere etxean. Bere liburuaren argitaletxeko nagusiarekin ere gatazka izan zuen. Telebistak liburuei tartea kenduko ziotela beldur ziren editoreak, baina beldur hori adierazteko mespretxua erakustea nahiago zuten. Telesaila oso goxoa da; Juliaren munduan denbora gehiago pasatu nahi duzu. Sukaldaritza saioen aitzindari horrek janariarekiko maitasuna eraman zuen AEBetako etxeetara. Michelin izarrik gabe ere, Subijana alde batera utzi dut, eta Juliarekin geratzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.