gorka julio
IRLEN SAREA

Sukalde ilunak

2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ostalaritza hain gaizki pasatzen ari den momentu hauetan, etorri daitekeen itxiera masiboez gain, banaketa plataforma algoritmiko neoliberalen txertaketaren eraginez, sukalde ilunak agertzen hasi dira.

Ingelesez Black kitchen edo dark kitchen bezala ezagunak dira sukalde erraldoi horiek. Normalean merkeak izan ohi diren zonalde industrialetan kokatuak, baina hori ez da beren bereizgarri nagusia. Etxerako banaketak izandako arrakastaren ondorioz, plataforma horietan dauden jatetxeek beren sukaldearen tamainagatik mugara iristean, eskaerak bertatik emateko pentsatutako sukaldeak dira.

Ez gara ari beren negozioa birpentsatu eta etxera eramateko birformulatzea erabaki duten negozioei buruz, baizik eta horretarako espreski eta banaketa enpresei estuki loturik jaiotako egiturez baizik. Glovo bezalako aplikazioetatik eskatzen duzuna, akaso ez dute zuk esandako jatetxe horretan egingo, era horretako sukalde batetik etor liteke.

Horrelako sukaldeak hedatzen badira, hainbat arazo sor daitezke. Alde batetik digitalizaziora pasa ez diren edo pasatzea erabaki ez duten jatetxeek salmenta gutxiago izan ditzakete. Zentroan kokatutakoak/ezagunagoak diren jatetxeek arrakasta gehiago izan dezakete, periferian daudenen kalterako. Bestetik, orain arte «azken kilometroko» bizikleta edo gailu elektriko txikien bidezko banaketa, auto edo moto bidezkoa bihur daiteke, horrek dakarren kutsadura gehituta.

_____ (jarri hemen zure jatetxe/taberna gogokoena) tortila, poligono batean egiten ikusiko dugu?Aipatutako aplikazioekin daukaten harremana ere arazo iturri izan daiteke. Zer gertatuko da, baldin eta aplikazio horien jabeek era horretako sukaldeak erabiltzen dituztenak gehiago promozionatzen badituzte? Prest egongo al dira jatetxe horiek beren ereduaren oinarria den janaria egiteko era/moduak kanporatzeko? Zer sahiestuko du sukalde eta aplikazoen jabeak, jatetxeek egiten dutenetik ikasi eta datuak baliatuz, zuzenean horiek ordezkatzea?

Sukaldea alokatzeagatik jatetxeek diru bat ordaintzeaz gain, salmentaren parte handiago bat eramaten dute. Horietako batzuk ez dira «independenteak»; plataformak beraiek sortuak eta kontrolatuak dira, gainera.

Sagardotegi ez-garai honetan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu mahai baten bueltan biltzea, kontu horiei buruz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.