Dragoi itxurako zaldizkoena

Harrietek 'Mugako dragoiak' komikia publikatu du. XVIII. mendeko Amerikan girotuta dago

Mugako dragoiak-en egileak, ezkerretik eskumara: Gregorio Muro, Ivan Gil eta Garluk Agirre. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Gustura irakurtzen dudana idazten saiatzen naiz». Horrexetan ahalegindu da Gregorio Muro Harriet komikigilea (Hernani, Gipuzkoa, 1954) argitaratu berri duen Mugako dragoiak liburua idazterakoan. Atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkeztu zuen bere argitaletxearekin kaleratu berri duen azken komikia, berarekin lanean ibili diren bi lagunekin batera: Ivan Gil marrazkilaria eta Garluk Agirre kolorista.

Mugako dragoiak komikiak liburu bakarrean biltzen ditu Harrieten ibilbide profesionalean zutabe izandako langaiak: historiaren azterketa, fikzioarekin uztarturiko kontaketa, emakumezkoen ahotsa eta euskal jatorria duten baina emigratu egin duten pertsonaien bizipenak. Horretarako, egilearen hitzetan, «urteetako dokumentazio lan gogorra» egin behar izan du.

Lanaren hazia, baina, txiripaz ernaldu zitzaion, argitu duenez: «Itxarongela batean nintzela, aldizkari sentsazionalista batean 'Indiarrak garaitu zituen lehenengo zalduna Hernanikoa zen' izenburua irakurri nuen». Horrela egin zuen topo Juan Bautista Antza izen-abizenekin.

Antza, hain zuzen, Cuerako zaldunak izeneko zalditeria taldeko partaidea izan zen; talde horren egitekoa Espainia Berriko—egungo AEBak— muga defendatzea zen. «Horrexegatik kalifikatu dut komiki hau western edo prewestern historiko gisa», dio.

Harrietek hasieratik izan zuen argi pertsonaia historiko zinez mamitsua dela. «AEBetan Euskal Herrian baino garrantzi handiagoa eman zaio Antzari pertsonaia historiko moduan; badakite, besteak beste, San Frantzisko hiribildua berak fundatu zuela eta Mexiko Berriko gobernadorea izan zela».

Harrietek fikzioarekin blaituta kontatu ditu Antzak eta Cuerako zalditeriak Adar Berde izeneko indiar buruzagiaren kontra izandako pasarte historikoak. Prozesu horretan bidaide izan ditu Ivan Gil eta Garluk Agirre.

Bien lana «funtsezkotzat» jo du idazleak: «Ivanen marrazkiek nire gidoiaren sostengu eta ikusgaitasun lanak egin dituzte, eta Garluken koloratzeak sinesgarritasuna eman dio konposizio guztiari».

Ikuspuntu humanista batez

Jakinik historiaren kontaketak sarritan bereizten dituela «onak eta txarrak», «haiek eta gu», «irabazleak eta galtzaileak» eta halakoak, Harrietek bestelako ikuspuntu batetik heldu dio Cuerako zaldun edo dragoien gaiari.

Bide horretan, liburuko pertsonaia bakoitzari «ahots propioa» ematen saiatu da: «Talde bakoitzean pertsona onak eta maltzurrak daude, hau da, zalduna edo amerindiarra izateak ez ditu pertsonaiak sailkatzen, bi bandoetan denetariko izaerak baitzeuden». Hortaz, pertsonaia oro «dagokion humanismoarekin» landu du Harrietek.

Halaber, liburuko protagonista hautatzeak ere «buruko minak» eman dizkio. Izan ere, Harrietek bere lanetan jorratu ohi duen genero eta klase berdintasunari jarraikiz, pertsonaia nagusia hurbila eta apala izatea nahi zuen, hots, «ohiko topikoei ihes egiten diena, eta irakurleak ondo ezagutu ahalko duena». Hautu horren fruitua da Migel, zalditeriako kadete gaztea. Hura da, eta ez Juan Bautista Antza kapitaina, benetako protagonista.

Kontakizunean, «gidoilariaren lizentzia txikiak» hartu ditu. Askatasun hautu horren erakusgarria da, esate baterako, pasarte historikoak ordenaz aldatzea: «Ondo dokumentatu naiz, kontu bakoitza non eta batez ere noiz jazo zen jakiteko, baina, gero, kontatu nahi nuen istorioak gertaera batzuk aurreratzera edo atzeratzera eraman nau». Idazleak argi utzi du Mugako dragoiak abentura baten kontaketa dela historiatik edaten duen arren, eta ez kronika historiko bat.

Ilustrazioen arduradun Ivan Gil, Harriet bezala, «harro eta pozik» agertu da lortutako emaitzarekin: «Gai historikoak betidanik gustatu izan zaizkit. Zaldiak marraztea ere umetatik atsegin dut, eta liburu horretan hainbat zaldun irudikatzea suertatu zait».

Bestalde, Gilek azaldu du Harrietek «zeharka bada ere» marrazkigintzan parte hartu duela, bere gidoilari lanarekin: «Gregorioren gidoia oso baliagarria izan zait marrazkiak dituzten 108 orrialdeetako bakoitzean; gidoiak bikain dokumentatzen ditu, ia-ia alderdi grafikotik, eta horrek izugarri errazten du marrazkigilearen lana».

Mugako dragoiak-ek zer bide egitea nahiko lukeen itaunduta, Harrietek argi du: «Edozein komikik bezala, lehenik, entretenitzea nahiko nuke». Horrez gain, irakurleak galderak planteatzea nahi du: «Zergatik zen hain ohikoa, sasoi hartan, Amerikara alde egitea? Zein izango ote zen, garai hartan, Antzaren jaioterri Hernaniko edo Gipuzkoako egoera?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.