'Jainkoak ez dit barkatzen' etzi iritsiko da zinema geletara

Josu Martinezek Lezo Urreiztietaren biziaz zuzendu dokumentala Hazparnen estreinatuko dute, larunbatean, eta Santurtzin emango dute igandean. Emanaldi bereziak prestatu dituzte birarako
BERRIA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko azaroak 22
Lezo Urreiztietak (Santurtzi, Bizkaia, 1907-Baiona, 1981) oraindik ez duela dena kontatua argi du Josu Martinez zinema zuzendariak. Eta, horregatik, Jainkoak ez dit barkatzen dokumentalaren birari kolore berezi bat eranstekoa da. Martin Ugalde kazetariak Lezo Urreiztietari egindako 35 orduko elkarrizketa ardatz hartu duen dokumentala da, lehen aldiz Donostiako Zinemaldian aurkeztu zutena. XX. mendea zeharkatu zuen pertsona atipiko baten bidez, neurri batean Euskal Herriaren historia kontatzen duena. Adur Larrearen marrazkiak, artxiboko irudiak eta Joserra Senperenaren musika bizia biltzen ditu.

Anitz gelditu da filmetik kanpo eta, filmaren emanaldiak «Lezoren azken bidaia» gisa pentsatu ditu Josu Martinez filmaren sortzaile eta zuzendariak. Eduki gehiago ekarriz emanaldietara, oraindik argitaratu gabeak zabalduz. «Lezo nor izan zen, zer eta zergatik egin zuen gehiago eta hobeto ikas dezagun». Ikus-entzuleari «zinema esperientzia berritzaile bat» proposatu nahi diote filmetik harago. «Pertsonaiak anitz ematen duenez, nolabait, jarraitutasun bat ematea da horri. Jakin-minarekin gelditu den horri bazka gehiago ematea, eta Lezoren figurari segida bat ematea».

Lehen emanaldiak asteburu honetan dituzte. Larunbatean, Hazparnen (Lapurdi), Zinegin jaialdiaren karietara, 18:00etan. Hor izanen dira Josu Martinez eta Adur Larrea, eta euskarazko azpidatziekin izanen da. Biharamunean, igandearekin, Santurtziko (Bizkaia) bidea hartuko du filmak. Martinezez gain, Urreiztieta familia ere bertaratzekoa da. Serantes aretoan izango da emanaldia, 20:00etan. Hortik aitzina, hogei bat emanaldi dituzte finkatuak, eta gehiago izanen direlakoan dira. Memoria lanetan segitzeko baliatuko dituztela emanaldiak, adibide zehatz bat Luanco (Asturias) herrikoa izan daiteke. Abenduaren 21ean dute han emanaldia. Eta bertan egonen dira Urreiztietak salbatu zituen gerrillarien senideak. Eta, karia horretara, gerrillari baten izena emanen diote herriko karrika bati —gaur egun gobernadore frankista baten izena du karrika horrek—. Izan ere, 70 urte betet dira aurten Urreiztieta Asturiasera joan zela. Luancoko portutik sartu zen, hain zuzen. 11 urtez, mendietan irauten zuten gerrillariak handik atera eta erbestera eramateko lan egin zuen. Orotara, 28 gizon eta emazte bat atera zituen handik, itsasontziz.

Internet bidez ere lan berezia egitekoa da Martinez. «Transmedia-bidaia» bat dute asmatu, zuzendariaren hitzetan, Jainkoakezditbarkatzen.eus webgunetik hasita. Mapa baten bidez, Urreiztietaren bizilekuak aurki daitezke bertan. Argazkien bidez, berriz, haren bizitza ezagutu zutenen lekukotasunak. Modu ludikoan beste hurbilpen bat eskainiko diote pertsonaiari.

Artetik errateko, haatik, Urreiztieta Baionan zendu bazen ere, Baionan ez da ikusten ahalko filma. Ez eta Miarritzen ere. Atalantek eta Le Royalek ez baitute nahi. Bertan filma ikusi nahiko luketen ikusleei dei egin die Gastibeltza ekoizle banatzaileak: bi zinema gelei jakinaraztea beren nahia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna