Gaur izanen da Xilabako finala Baigorrin

Mattinsalto eta Dilindan taldeak lehiatuko dira taldekako Xilabako finalean. Xumai Murua elkarte-burua kontent agertu da formularekin

Joanes Etxebarria (Kantiniersak) eta Amets Arzallus (Dilindan), Zizpa gaztetxeko finalerdian. BOB EDME.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Hamaika kanporaketa eta bi finalerdiren ondotik, bere finala eginen du gaur arratsean taldekako Xilaba bertso lehiaketak, Mattinsalto eta Dilindan taldeen artean. Baigorrin (Nafarroa Beherea) izango da saioa.

Parte hartzaile franko zituen hastetik, bai bertsolarien partetik, baita antolatzaile, gai jartzaile eta epaileen aldetik ere. Xumai Murua Bertsularien Lagunak elkarte antolatzaileko lehendakariak guziz ondorio baikorrak atera ditu aurtengo formulatik: «Urritik azarora bitarte, saioz saio, oro har bilan positiboa egiten da. Parte hartzaile andana bat izan den bezala, entzuleak ere jarraitu du. Gorabeherak izan dira, saio guziak ez dira lepo bete, baina ohartu behar da udazken hau oparoa dela kultur eskaintza aldetik. Agendak uztartzea ez da beti erraza. Baina banakako Xilabari konparatuz, jende kopuru berdintsua mugitzen duela erran daiteke. Ikusirik saio gehiago antolatu direla, azkenean jende gehiago mugitzea ekartzen du».

Saldoaz gain, giroan ikusi du kausitzea: «Giro aldetik, dudarik gabe, bilan arras positiboa da. Taldekakoak bere helburuak arrunt bete ditu, ez baldin bada gainditu ere. Usaiako xapelgoak ekartzen duen zurruntasun eta seriotasun hori hausteko xedea badu. Lehiaz haratago, taldean, giro goxoan, formatu desberdinetan, taulatik jaitsi, eta tabernetarat edo mahai ingururat ekarri da bertsoa. Giro goxoagoan, lagunkoiagoan, anitzetan giro zinez beroan iragan dira saioak. Horrek bertsolariendako bertze lasaitasun batean kantatzeko parada ematen du, eta entzuleendako onura handia dakar; bertsozale sutsu ez direnek ere preziatzeko aukera dute».

Beste ezaugarri bat izan du taldekako Xilabak: jende gazte parrasta bildu dutela saio bat baino gehiagok: «Jadanik banakakoan ere sentitzen da jende gaztea mugitzen dela bertsotarat bertze lurraldeei konparatuz. Uste dut badela eskola eta ikastoletan egiten den lanaren ondorioetako bat. Baina egia da taldekakoak banakakoak baino gazte gehiago ere bildu duela. Azkenean, ez gara bakarrik bertsoa maite dugulako entzutera joaten, bada ere gure herritarrak ari direlako eta inguruko lagunak ari direlako». Horren lekuko, Baxenabarreko bi adibideak eman ditu Muruak: «Garaztarren inguruan talde biziki gaztea zen, eta lizeotik gazte andana bat etorri da entzuterat. Amikuztarren inguruan, Donapaleuko gaztetxe inguruko gazte eta zaharragoak ere bildu dituzte. Taldeak segitu dituzten entzuleak izan dira».

Ariketa berriak finalean

Usaiaz kanpoko ariketak eginarazi dizkiete bertsolariei orain arteko saioetan, zailtasunetan ere mota orotarikoak. Finalak hari beretik segituko du: «Itxura bera izanen du. Berdin bertsolarien artean banatu beharko dira ariketak, finalerdietatik ariketa zenbait aldatzen badira ere. Orain arte xapelgoan ikusi ez diren ariketa batzuk izanen dira finalean. Saiatu da pixka bat urruntzen banakako txapelketa tradizionaletik. Ariketa bakoitza behin egiten da, eta ez da errepikatzen. Onura ekartzen du bai kantarientzat eta bai entzulearentzat; oren bat eta erdi fite pasatzen dela iduri du».

Saio batzuetarik landa izan da bertsolari bat edo beste aitortu duena, berdin gehiago ariko zela. Anitz izanez, gutiago kantatzen baitu bakoitzak, eta berotzeko doi bukatua zela sentitu dutela. Lehendakariak dio marka ona dela: «Egia da hori gerta daitekeela. Ariketa andana bat bada, baina bertsolari andana bat ere bai. Seik kantatzen dutelarik, bakoitzak gutiago kantatzen du. Halere, hein batean joko arauen ondorioetako bat baizik ez da. Beharbada,bertze formatu bat asma daiteke, beroketa bat edo, baina oren bat eta erdiz jendea gogoz uztea seinale ona da. Gehiago kantatu nahi dela entzutea beti positiboa da, sobera kantatu duten edo aspertu diren mezua entzutea baino».

Esperientzia errepikatzeko asmotan dira Bertsularien Lagunak elkartekoak, baina ez berehala: «Heldu den urtean segur ezetz, gure erritmoa bi urtean behingoa baita. 2020a banakakoaren urtea izanen da Euskal Herriko txapelketara sailkatzen baitira hemendik ere bertsolari batzuk. 2022an litzateke ondoko taldekakoa. Iduri luke urrun dela, ikusiz arrakasta, baina, aldi berean, taldeek beren saioak bukatu zituztelarik elkarren artean jadanik gomitak luzatzen zizkioten batak besteari. Funtsean hori da ederra; taldekakoak bere bizi propioa izan dezala, segi dezatela taldeek elkarren artean biltzen. Ez da xapelgo bat antolatu beharrik bi taldek elkarren artean saio bat antolatzeko».

Haatik, zaila da errateko taldekakoak harrobi lana egin duen banakakorako bertsolari gai berrien egiteko: «Esperantza bagenuke, eta xede horrekin antolatu dugu, nonbait. Baina goizegi da argiki galderari erantzuteko».

Gaurko finala 18:00etan hasiko da Baigorriko Plaza Xokon. Ondotik apairu bat izanen da Manexenean 120 lagunentzat. Gaualdiak, Bixentainian segituko du kontzertuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.