Albistea entzun

Zaldi Ero: bizinahia eta herioa

Zaldi Ero siux buruzagiaz Mari Sandozek idatzitako biografia itzuli du Aitor Fresnedo Gerrikabeitiak, eta Ataramiñek kaleratu du
Aitor Fresnedo Gerrikabeitia Jaenen da preso; hala, senide eta argitaletxeko kideek aurkeztu dute liburua.
Aitor Fresnedo Gerrikabeitia Jaenen da preso; hala, senide eta argitaletxeko kideek aurkeztu dute liburua. L. J. / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko uztailak 23 - Bilbo

Tantaka hasi, eta uholde bilakatzen den jario atzeraezin baten modura. Mari Sandoz idazle eta historialariak hala deskribatzen du kolono zurien etorrera Zaldi Ero siux buruzagiari eskainitako biografia mardularen hasieran. «Jende zurizko jario mehetxo bat ekarriz hasi zen bidexka; eta indiarra, eskua ongietorria emanez jasota, pipatzera joan zen, eta ikustera nola igarotzen zen zurien herri luze hura: egunak joan egunak etorri, uda osoan zehar, beti norabide berean. Pentsakor geratu zen, ez baitzituen sekula itzultzen ikusi; haatik, urtero berberek izan behar zuten, ezinezkoa baitzen horrenbeste jende egotea mundu osoan. [...] Harrizko pipa hodi luzeari pafaka, indiarra gauza horiei guztiei begira egon zen, eta oso berri eta arraro iritzi zien. Baina, laster, zurien jario mehea ibai handi bihurtu zen, arma baten tiroak zuen zabalerakoa». Eta gero datoz hilketak, bake hitzarmenak, sarraskiak, erresistentzia eta, azkenik, heriotza. Haurtzaroa eman zuen idazleak Nebraskako estatuan gatazka hartako protagonista izandakoen kontakizunak entzuten, eta hamaika elkarrizketa egin ostean, 1942an eman zuen argitara biografia. Zaldi Erori buruz idatzitako libururik onenen artean aipatzen dute haren lana adituek. Aitor Fresnedo Gerrikabeitia euskal presoak itzuli du orain euskarara, eta Ataramiñe argitaletxeak argitaratu du: Zaldi Zoro.

Oglala leinuko siux tribuko buruzagi izan zen Zaldi Ero. 1840an jaio eta 1877an hil zen, eta XIX. mendeko Ipar Amerikako jatorrizko herrien erresistentzia mugimenduko izenik handienetako bat bilakatu zuten 37 urte horietan erakutsi zuen kemenak eta lortu zituen garaipenek, harik eta, azkenean, Crook jeneralaren aurrean amore eman, eta egun gutxira hil zuten arte. Bada, borrokalari haren biografia biltzen du Sandozek liburuan, baina baita hori baino gehiago ere; idazleak esfortzu berezia egin baitzuen kolonoak heldu aurretik tribu haiek guztiek zuten bizimodua eta ohiturak deskribatzeko. Hain zuzen ere, galdutako eta mantendu nahi izandako horren guztiaren «metafora bat» da Zaldi Eroren bizitza, Jokin Urain idazle eta euskal preso ohiaren hitzetan.

«Lurra eta askatasuna aldarrikatzen zuten nazio eta jende haien historia bat da liburu honek ekartzen duena, Zaldi Zororen bidez», azaldu du Urainek liburuaren aurkezpenean. «Historia tristea da, azkenean, Zaldi Zoro hil egiten dutelako, traizioz hiltzen dute, atxilotuta daukatela, baionetaz, bizkarretik, eta hori izan daiteke jatorrizko Ipar Amerikako biztanleekin pasa zenaren metafora. Hil egin zituzten, erreserbetan sartu zituzten, gaixotu egin ziren». Eta, halere, Urainen ustez, nolabaiteko justizia poetiko bat ere badakar inprimatzen den Zaldi Eroren biografiaren kopia bakoitzak. «Haien filosofia eta bizinahi hura oraindik ere gogoratzen eta jendearen eskura jartzen duelako».

Oier Gonzalez Ataramiñe elkarteko kideak gogoratu duenez, 2000. urtean sortu zuten elkartea, eta euskal preso eta iheslarien sorkuntza lanak argitaratzea izan dute helburu hasieratik. «Espetxeaz hitz egitea, gure gizarteaz hitz egiteko manera bat da. Espetxea gure gizartearen isla izan daiteke. Gure gizartearen gabezien eta kontraesanen sintoma, eta, beraz, espetxetik datozen sorkuntza lanak irakurtzea espetxea irakurtzeko manera bat da».

Oreka mantentzeko

Hain zuzen ere, espetxean bizi izandako estualdien berri ematen du Fresnedo Gerrikabeitiak liburuari idatzitako hitzaurrean. 2002an iritsi zitzaion Sandozen lana lehenengoz esku artean, Ocaña I espetxean zegoela. Katalogatu gabe zegoen liburua, eta baita hondatuta ere, baina zaborretara bota beharrean, lan hura Fresnedo Gerrikabeitiari ematea erabaki zuen liburutegia zaintzeaz arduratzen zen presoak, eta, seguruenik ohartu gabe, baina salbamendurako ohol bat ere helarazi zion presoari liburu haren bidez. «Bizitzako une hartan, burua kili-kolo neukan. Ordurako sei urte neramatzan preso, lau bakartuta. Ordu gehiegi bakarrik, ordu gehiegi pentsatzeko; aurretik, 30 urtera arteko espetxealdia... Bat-batean, egun batez, errealitatea desitxuratzen hasi zitzaidan. Zaldi Zororen liburuak lagundu egin zidan buruari atseden ematen, eta oreka mantentzen, ohiko munduaren eta zentzu berri batez ageri zitzaidan errealitate horren artean».

«Testu irakurterraz bat sortzea izan da nire kezka». Hitzaurrean dioenez, testuko terminologia zainduz egin nahi izan du lan hori Fresnedo Gerrikabeitiak, baita Sandozen jatorrizko testuaren tonu poetikoa errespetatuz ere. Eta bi mutur horien arteko oreka bilatzen ahalegindu dela dio. Itzultzailearen hitzetan, gainera, eta Euskal Herriaren eta Ipar Amerikako jatorrizko herrien errealitateen arteko distantzia onartuta ere, balio dezake Sandozen biografiak euskal gatazkari buruz gogoeta egiteko ere. «Interesgarria den beste ikuspegi bat aurkitu daiteke liburu honetan, gure herriaren borrokarekin parekotasun handia; bereziki, borroka armatuaren amaiera izandako bilakaerarekin».

Kartzelak motelduta

Egun, Jaenen dago preso Fresnedo Gerrikabeitia, eta, horregatik, Eider Fresnedo arrebak eman ditu liburuari eta anaiaren egoerari buruzko azalpenak aurkezpenean. Gogoratu duenez, kalean egon beharko luke Fresnedok jadanik, zigorraren hiru laurdenak beteak dituelako, baina bigarren graduan jarraitzen du. «Zaldi Zororen liburu honek bizitza salbatu zion», esan du. Eta, kontatu duenez, kartzelak nabarmen moteldu du itzulpen prozesu osoa. Izan ere, Koldo Zumalde izan du zuzentzaile Fresnedo Gerrikabeitiak, baina komunikazio guztiak interbenituak dituenez, bihurria izan da bien arteko harremana. «Hari karta bidali, karta hori interbenitu, Madrilen ez dakit zenbat hilabete pasatu, iritsi Koldoren [Zumalderen] etxera, Koldok irakurri, errebisatu, bere karta bidali, berriz ere interbenitu, eta horrela, ba, orain arte».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hertzainak taldeak joan den asten aurkeztu zituen amaierako kontzertuak. ©Monika del Valle / Foku

Hertzainak-ek beste kontzertu bat emango du BECen, abenduaren 17an

Mikel Lizarralde

Abenduaren 16ko emanaldirako sarrera guztiak amaitu dira dagoeneko.

Ander Lipus eta Manex Fuchs aktore lanetan <em>Hondamendia</em> obran. Harkaitz Canok du idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendu. ©GUILLAUME FAUVEAU

Hondamendien gailurra

Ainize Madariaga

Axut eta Artedrama konpainien 'Hondamendia' obrak pandemia eta Zaldibarko zabortegiaren drama ditu mintzagai. Historiatik istorioa idatzi du Harkaitz Canok, eta Ximun Fuchsek du zuzendu

Aitziber Atorrasagasti, Edurne Ormazabal eta Ibon Salvador, jardunaldiak aurkezten, Tabakaleran. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zazpi sorkuntza prozesu erakutsiko dituzte Dantzan Bilaka topaketetan

Ainhoa Sarasola

Donostiako Tabakalera zentroak hartuko ditu 16. jardunaldiak, hilaren 7an, 8an eta 9an. Pieza koreografikoak ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek, baita gorputzari eta atsedenari lotutako tailer batean parte hartzekoa ere

 ©ANDER SAGASTIBERRI / ANDER SAGASTIBERRI

Balerdiren lagunen etsipena

Iñigo Astiz

Rafael Ruiz Balerdi artistak 1980. eta 1985. urteen artean sortutako paper gaineko 11 margolan jarri ditu ikusgai Bilboko Carreras Mugica galeriak. Obrak salgai ere badaude

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...