Igerileku politikora jauzi egiteko prest

Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok 150 pertsona elkartu dituzte Navarra plataformaren agerraldian. Txibiteren eta Sanchezen alternatiba izan nahi dutela diote

Sergio Sayas, atzo, Tres Reyes hotelean, eta igerilekua atzean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Iruñeko Tres Reyes hoteleko Cristina aretoa apurka betetzen hasi da. Adin guztietako pertsonak bildu dira, dotore jantzita gehienak. Aurrean, beirate zabalaren bestaldean eta Iruñeko bero sapari aurre eginez, igerileku batean jauzika ari dira hotelean ostatu hartutako haur batzuk. Aretoa bete ahala, elkar agurtzen dutenen marmarra gero eta ozenagoa da, baina ezin dezake ezkutatu atzean, leun, Europe musika taldearen kanta ezagunaren doinua: The Final Countdown. Bai, atzerako kontaketa hasi da. Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok sortutako ikusminari erantzun diote Iruñean, eta badirudi prestdaudela erronkari erantzuteko: atzean duten hoteleko igerilekuaren antzera, aurrean txaloka dituztenen babesa nahikoa ote den Nafarroako igerileku politikora jauzi egiteko.

Aretoan bildutako 150 pertsonek zutik eta txaloka hartu dituzte, eta aretoko aire egokituaren giro freskoa berotu dute ordurako. Entzule anonimo gehienen artean izen-abizen deigarri bakan batzuk daude: Luis Zarraluki, Barcinaren gobernuan Sustapen kontseilari izandakoa; Paz Prieto, Anvite Nafarroako ETAko biktimen elkarteko presidente eta Iruñeko hautetsi ohia; Ignacio Polo, Iruñeko UPNko zinegotzi izandakoa Barcinaren eta Maiaren agintaldietan, 2015era arte; Begoña Ganuza, Lizarrako alkate izandakoa. Garai batean Yolanda Barcinarenlerroko aurpegi ezagunak izandako horiez gain, bada berririk. Adibidez, 2019an Vox-en Iruñeko hautagai izandakoa, Irene Gorritxo bere Twitterreko kontuan Santiago Abascalen ondoan ageri da, eta, bere azken txioen artean, eskuin muturreko mezuez gain, Adaneroren diskurtsoren bat ere txiokatua du.

Sergio Sayas izan da hitza hartzen lehena. «Aurten Nafarroan izan den ekitaldirik jendetsuenaren aurrean gaude», nabarmendu du, hasteko. Kanpoan jendea sartu ezinik geratu dela aipatu du. Haren diskurtsoan, eta ondoren Garcia Adanerorenean, ez da UPN aipamenik egin. «Ez dugu erresumin hitzik esan nahi, ezta herraz jokatu ere. Hemen bat egiteko gaude», nabarmendu zuen. Haatik, UPN aipatu ez arren, zeharka bota dizkiote geziak euren alderdi izandakoari, eta besteak beste kritikatu dituzte haren lidergo ahula, koherentzia falta eta sozialistekiko morrontza.

Sayasen arabera, gaur egun politikan «gezurra da nagusi», eta horren aurrean balioa hartu dute «emandako hitzak eta koherentziak; alegia, ez esateak gauza bat eta ondoren kontrakoa». Gaineratu duenez, ausardiak eta amore ez emateak ere garrantzia hartu dute. Ezinbestean, otsailaren 3an gertatutakoa etorri da denen gogora. UPNk lan erreformaren alde bozkatzeko PSOErekin ituna egin ostean, Adanerok eta Sayasek kontra bozkatu zuten zuzendaritzaren irizpidearen kontra; krisia piztu zuen horrek, eta de facto alderditik kanpo geratu ziren.

Argitu duenez, UPNk aldatutako ildo politikoaren aurrean, eremu bat libre dago euren Navarra plataformaren aterkipean hartzeko UPNrekin atsekabetuak. «Nafarrok ez gara inoren ondare», azpimarratu du. «Askok galdetzen digute ea alderdia osatuko dugun. Batzuek itxaropenez galdetzen dute, eta beste batzuek, urduri. Kezkatuta daude euren boto emaileei huts egin baina alternatiba faltaren ondorioz ezinbestean eurei botoa ematera behartu nahi dutenak».

Ilusioa, ausardia, koherentzia, askatasuna eta, «hori guztia osatuz, Nafarroa». Bost ardatz horien inguruan osatu nahi dute plataforma, baina batik bat lehen bietan jarri du azpimarra Sayasek. Emozioari erreparatuz, «PSOEri eta nazionalismoari» aurre egingo dion alternatiba bat osatu nahi dute, eta ilusioa piztu. «Inork ez dezala pentsa PSOEren jostailu hautsia garela; egun batean erabili eta bestean saltzen zaitu. Ez gabiltza haien atseginaren bila: haien alternatiba izan nahi dugu».

Adanerok EH Bilduren menpe dagoen Pedro Sanchez bat deskribatu du. Adaneroren arabera, «egunero egin behar zaio aurre Sanchezi; bestela, arrisku bat da Espainiarentzat». Adanero konbentzituta dago bidea ez dela sozialistekin hitzartzea, baizik eta eskuinak gehiengoa lortzea. «Honi buelta eman dakioke. Nafarroa Espainia da, eta ez dago espainiar izateko modu hoberik nafar izatea baino». Bi protagonistek ez dute argitu bozetara aurkeztuko diren, baina, haien hitzak entzunda, igerileku politikora jauzi egiteko gertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.