Koronabirusa

Txertatzen hasita daude biztanleen %30 Europan

Txertaketa pauta osoa dute %17k. OMEk ohartarazi du horrekin ez dela aski agerraldiak saihesteko: %80ko tasa behar da. Beste koska bat bidean: Osakidetza 45 urtekoei deitzen hasi da jadanik

Erizain bat, txertoaren dosia prestatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Arantxa Iraola - Uxue Rey Gorraiz
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Urrun heldu gara, baina ez behar bezain urrun». OME Osasunaren Mundu Erakundeko Europako zuzendari Hans Klugek era horretan baloratu zuen atzo kontinentean txertaketa kanpainek daramaten martxa, eta egungo txertaketa tasekin oraindik COVID-19aren agerraldiak izateko arriskua agerikoa dela dela esan zuen. Herritarren %30ek txertoaren dosi bat hartua dutela azaldu zuen, %17 guztiz txertatuta daudela, baina oraindik urrun dagoela arriskuak nabarmen urritzea ekarriko duen portzentajea: %80ko tasara heltzea garrantzitsutzat daukate OMEko adituek. Horretara ailegatuta ere, arazoa «globala» dela oroitarazi zuen, eta Europan tasa onak lortuta bakarrik ez dela aski izango izurriari behar bezala aurre egiteko.

Hala, adierazi zuen ezinbestekoa dela mundu mailako txertaketa planak sustatzen jarraitzea, eta txalotu egin zuen bide horretan berriki Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak egindako iragarpena, esan baitu 500 milioi txerto erosiko dituztela mundu osoan banatzeko. Birusak zenbait tokitan oldartuta jarraitzen duen heinean birusaren aldaera berriak agertzeko arriskua aski handitzen dela diote aditu askok, eta zuhur jokatzeko eskatzen ari dira. Bide horretan, asmo zehatzak ditu OMEk: irailaren 10erako populazioaren %10 txertatzea da asmoa; urtea amaitzerako, %30.

Ordea, helburua aski urrun dago oraindik. OMEren esanetan, ekoiztuak diren dosi kopuruak eta eskura diren horien banaketak ezinbestean baldintzatuko du bidea. Adierazi dutenez, esaterako, 11.000 milioi dosi behar dira mundu osoko biztanle guztien %70 txertatzeko, eta, argitu dutenez, kantitate horren ehuneko txiki bat baizik ez da ekoiztu oraingoz; 1.600 milioi egin dira, eta horien %0,3 baizik ez dira iritsi «herrialde txiro» deiturikoetara.

Aurrerapausoak

Euskal Herrian ere nabarmen ari da aurreratzen txertatuen ehunekoa. Kanpainak azken asteko erritmoari eutsiko balio, abuztuaren lehen astean lor liteke herritarren %80k dosiren bat hartua izatea: hain zuzen ere, OMEk aholkatu duen langara iristea. Egun, Hegoaldeko herritarren %47,34kdute dosi bat hartua; pauta osatua dute, berriz, %29,38k. Iparraldean, txertaketa orokorra da jada: edade tarterik gabe, nahi duen orok du ordua hartzeko era. Osakidetza eta Osasunbidea dagoeneko 40-49 urte arteko adin tarteari begira ari dira. Atzo, Osakidetzak jakinarazi zuen 45 urtekoei deitzen hasteko asmoa duela, asteburuan ekiteko ziztei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.