Hezkuntza legea

Hasi dira legea ehuntzen

Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoak hasiak dira hezkuntza hitzarmena negoziatzen. Hizkuntza eredua eta finantzaketa dira eztabaidagai nagusiak, baina uste dute badirela ados jartzeko aukerak

Haur bat, Donostiako ikastetxe batean artxiboko irudia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean, legegintzaldi honetako helburu nagusietako bat izango da hezkuntza legea egitea eta onartzea. Alderdi politikoak hasiak dira mugitzen, eta eztabaida ere lekua hartzen ari da hedabideetan eta kalean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek behin eta berriz esan du hezkuntza hitzarmena adostu behar dutela legearen aurretik.

Hasi dira pausoak ematen, baina oraindik ez dute jakinarazi akordio hori lortzeko bide orria. Bildarratzek, ordea, prozesuaren zertzelada batzuk eman ditu. Esan duenez, Eusko Ikaskuntzak ezarriko ditu gogoetarako guneak. Urriaren 22a izango da aintzat hartzeko hurrengo data: Eusko Ikaskuntzarekin kongresu bat antolatu dute, hezkuntzaz eztabaidatzeko.

Duela zortzi urte onartu zuten Heziberri 2020 proiektua Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragile batzuek, eta hezkuntza legea egitea zuen azken helburu. Bi legegintzaldiz ezinean aritu ostean, baikor daude zenbait eragile. Horren seinale da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak legea onartzeko epea urtebete aurreratu izana, 2022ra. BERRIAk Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko ordezkariekin hitz egin du; besteak beste, hitzarmenak jaso behar lukeenaz eta akordioa lortzeko ikusten dituzten aukerez.

LEIXURI ARRIZABALAGA
EAJko legebiltzarkidea

«Aukera ezin hobea da, eta aprobetxatuegin behar da»

EAJ Euzko Alderdi Jeltzaleko parlamentari Leixuri Arrizabalagak onartu du badirela oinarriak hezkuntzan lege bat egiteko era ekar dezakeen akordio bat lortzeko. Gobernua bera hezkuntza eragileei galdezka hasia denez, eta talde politikoen partetik ere lege berri bat ehuntzeko beharraren gainean «hausnarketa partekatua» dagoenez, «XXI. mende honetara moldatutako» hezkuntza sistema baten zimenduak jartzeko garai egokia dela uste du: «Aukera ezin hobea da, eta aprobetxatu egin behar da».

Hizkuntza ereduen gaineko eztabaida lehen lerroan egongo da, eta hau da jeltzaleen jarrera, egungo sistema guztiz gainditzearen alde egingo duten argitu gabe: «Guk D ereduaren alde egiten dugu. Euskal gizartearen nahiaren isla da: egun, familien %81ek eskatzen dute; B eta A ereduak, berriz, 3 urtetik beherakoen %2k. Guk beti esaten dugu bermatu egin behar dela familia guztien aukeratzeko askatasuna, eta hori egiten dugu, baina errealitatea da hein handi batean D ereduaren alde egiten dela, eta guk, noski, hori bermatu behar dugu, eta sendotu».

Dena den, hezkuntza sareen finantzaketak eta ikastetxeen titulartasunak eragin dituzte eztabaida gordinenak azkenaldian. Itunpeko eskolei begira, haien alde mintzatu da Arrizabalaga: «Guretzat egungo eredua ona da, eta euskal gizartearen errealitatea islatzen du horrek ere». Hortik jarrera: «Itunpeko sarea ez da etsaia. Beste eztabaida batzuk zabaldu ditzakegu, adibidez, itunak egitean batzuek dituzten eskubide edo derrigortasunen inguruan; baina sare bien elkarbizitzak ondo funtzionatu du orain arte, eta euts dakioke». Dagoenari begira onduko den eztabaida prozesu bat nahi dute: «Gure hezkuntza sistemak berezitasunak ditu, hemendik kanpo ulertzen zailak, baina gure izateko moduari oso lotuak. Horri erreparatu beharko diogu: errealitateari».

IKOITZ ARRESE
EH Bilduko legebiltzarkidea

«Akordioa tinkoa bada, asko erraztuko du etorkizuneko legea»

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidearen irudiko, hezkuntza akordioa lortzeko bideak «prozesu deliberatibo bat» izan behar du, «azken hamarkadetan hezkuntzan izandako gatazkak eta korapiloak askatzeko balio behar duena», eta «askotarikoa»: «Hezkuntza hitzarmenak akordio sozial eta politiko bat izan behar du; beraz, alderdi politikoon artean adostasun ahalik eta zabalena lortu beharko luke, baina hezkuntza komunitateak ere partaide izan behar du».

EH Bildu da, gaur-gaurkoz, hezkuntza proposamen bat aurkeztu duen bakarra. Arresek nabarmendu du egungo sistemaren «agortze zantzuei» buelta emateko «funtsezko gaiak» landu beharko direla. Haien proposamenean, «hezkuntza sistemaren antolaketa berri bat» planteatu dute: «Iruditzen zaigu publiko-itunpeko dikotomia gainditzeko balio beharko lukeela akordioak, eta guk deszentralizazioaren eta ikastetxeen autonomiaren gaia azpimarratzen dugu». Euskara eta euskal kultura sustatzeko beharra ere hizpidera ekarri dute: «Transmisiorako oinarrizko akordio batzuk lortu behar ditugu». Eta hori guztia egin ahal izateko, ezinbesteko faktore bat: «Hitz egin behar litzateke finantzaketaz ere».

EH Bilduk hitzarmena lortzeko «borondate osoa» duela ziurtatu du Arresek, eta «marra gorririk gabe» egingo duela gogoeta. Hasi dira hizketan: «Alderdi politikoen arteko elkarrizketak ez dira inoiz eten». Legeari baino gehiago, hitzarmenaren prozesuari eman dio garrantzia: «Akordio hori benetan tinkoa bada, adostasun zabalak lortzen baditu eta maila politiko eta sozialean lortzen bada, asko erraztuko du etorkizuneko hezkuntza legea». Halere, «arduragabekeriatzat» jo du Urkulluk legea onartzeko epea aurreratu izana: «2022an onartuko den iragarpen horrek antsietate handia sor dezake hezkuntza komunitatean».

JOSE ANTONIO PASTOR
PSE-EEko legebiltzarkidea

«Ez dut esaten erabateko akordioa behar denik; ahalik eta zabalena, bai»

PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek argi du hezkuntza lege batek, «ona izateko» eta behar den eran «funtzionatzeko», ezinbestekoa duela ezaugarri bat: «akordioa» oinarri izatea. «Ez dut esaten erabateko akordioa lortu behar denik: akaso, ezin da; baina ahalik eta zabalena, bai».

Uste du egungo hezkuntza sisteman badela zer hobetua. «Zuzendu» beharrekoen artean, itunpeko zenbait ikastetxeren funtzionamendua: «Ituna oker erabiltzen dute zenbaitek: baztertzera egin dute, gehiegizko kuotak kobratzera... Gai horiek zuzendu egin behar dira». Hizkuntza ereduei begira ere, azterketa «sakon» bat egin behar dela uste du: «D ereduak ikasleen %81 hartzen baditu ere, hizkuntzaren eguneroko erabileran zailtasunak daude. Horrek esan nahi du zerbaitek kale egiten duela».

EH Bilduk euskarazko murgiltzean oinarritutako eredu bakar bat proposatu du, eta, PSE-EEren eredua hori ez bada ere, elkarrizketarako ateak zabaldu daitezkeela dio Pastorrek. «Behin betiko konponbidea hori ote den, zalantzak ditugu, baina egon daitezke formulak elkarrengana hurbiltzeko. Nik proposamen bakar bat ez dut deabrutuko, ezta aldareetara eramango ere. Ez litzateke batere eraginkorra gaur-gaurkoz. Akordioa lortzeko zer aukera erreal dauden aztertu behar da».

Pastor ez da saiatu elkarrizketa prozesuak izan ditzakeen zailtasunak eztitzen: «Konplexua izango da». Esan du, hala ere, talde politiko nagusi guztiek adierazi dutela akordio bat lortzen ahalegintzeko asmoa, eta hori goraipatzekoa dela: «Jar dezagun denok gure aldetik hori lortzeko».

ISABEL GONZALEZ
EP-IUko legebiltzarkidea

«Harritu egiten gaitu azken asteetan zer presa dagoen gai honi heltzeko»

Isabel Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak argi du zer den lehentasunezkoa hezkuntza akordioan: segregazioa desagertzea, eskola publikoa «sistemaren ardatz» izatea eta ikasketak doan izatea, besteak beste. «Haur guztiek baldintza eta eskubide berekin ikasiko duten eredu baterantz joan behar da, eredu publiko baterantz; hau da, itunpeko ikastetxe pribatuak ikastetxe publikoen sare bakar batean integratu behar dira, borondatez eta modu negoziatuan». Hizkuntza ereduen sistema «gainditu» behar dela ere nabarmendu du, eta, oro har, aldaketak egin: «Orain daukagun sistemari eusteko deitzen badigute, ez gara egongo akordioan».

Hitzarmena erdiesteko bidea «parte hartze prozesu bat» izan behar delakoan dago: «presarik gabe, pazientziaz, entzunez eta sakontasunez» egin beharrekoa. «Harritu egiten gaitu azken asteetan zer presa dagoen gai honi heltzeko». Uste du EAJk eta EH Bilduk «lehenbailehen» lortu nahi dutela akordioa, eta PSE-EE ere batu zaiela; aitzitik, ziurtatu du eurek ez dutela jaso parte hartzeko gonbidapenik: «Ez digu inork deitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.