30ean joateak ez ditu denak konbentzitu

Atzotik, hiribideetako abiadura muga orduko 30 kilometrokoa da Hegoaldean. Neurriak hainbat aldaketa eragin ditu Donostiako trafikoan, eta baita iritzi kontrajarriak sortu ere

Orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarri da Donostian, bide bakarreko hiribide guztietan. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
Donostia
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Vanesak egunero egiten du autoz Oiartzundik (Gipuzkoa) Donostiarako bidaia, hiriburuko erdigunean lan egiten duelako; goizero, bere ibilgailua kanpoaldeko parking batean uzten du, eta hiri barreneko bidea bizikletaz egiten: «Autoarekin sartzea ez du merezi, eta bizikletan autobusean baino azkarrago noa». Bada, atzotik, azkarrago joateaz gain, seguruago ere ibiliko da Donostian zehar, Hego Euskal Herrian indarrean sartu den hiri bideetako abiadura muga berriak oinezkoen eta txirrindularien alde egingo duela uste duelako: «Radarrak dauden eremuetan abiadura asko murrizten da, eta bizikletan goazenok nabaritzen dugu; ea hori orain benetan hiri osora zabaltzea lortzen den».

Ikusi gehiago.Pilar Arana (Donostiako zinegotzia): «Bizpahiru urte barru pentsatuko dugu: nola jasan genezakeen abiadura hori?»

Bere lehenengo egunean, orduko 30 kilometroko abiadura muga orokorraren ezarpenak ez zuen aldaketa nabarmenik eragin hiriburuko trafikoaren ohiko itxuran, baina, luzera begira, neurriak ondorio garbiak izango dituela uste dute bai murrizketaren alde daudenek zein aurkakoek.

Rodriguez, esaterako, gaiarekin kezkatuta mintzatu da bere taxi barruan bezeroen zain dagoen bitartean: «Zenbait kaletan gehiegi moteldu dute abiadura, eta ia oinezkoen erritmora joan behar gara. Nik badakit istripuak gutxitzeko egiten dutela, baina ez dakit gugan asko pentsatu duten. Honek gure lanean eragina izango du, eta ez da onerako izango».

Berak bezala, errepidean lan egiten duten beste hainbat lagunek ere mesfidantzaz ikusi dute aldaketa, motelago gidatu behar izateak eskaintzen duten zerbitzuari kalte egin diezaiokeela uste baitute. Ramon DBus autobus konpainiako gidaria da, eta, azaldu duenez, abiadura muga berriak jada ondorioak izan dituela bere jardunean: «Oso estresagarria da, abiadura neurgailuari etengabe begiratu behar baitiogu errepideari begiratu ordez. Eta ez hori bakarrik. Une oro frenatzen gabiltzanez, denbora pila bat galtzen dugu, eta galdutako marjinak jada ez ditugu hiriko kanpoaldean berreskuratzen, han ere abiadura moteldu egin baitute. Gauzak horrela, zaila izango da gure lana behar den bezala egitea».

Positiboa, baina ez nahikoa

Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak urteak zeramatzan Donostiako hiri bideetako abiadura muga 30era jaisteko eskatzen. Horregatik, bertako presidente Gorka Hoyosek positibotzat jo du aldaketa, baina oinezko zein txirrindularientzako hiri seguruago bat lortzeko bidean pauso gehiago eman beharra dagoela azpimarratu du: «Honekin batera bestelako neurri batzuk hartu behar dira. Abiadura muga errespetatua izateko, ezinbestekoa da espazioa ere horretara egokitzea, bide estuagoen eta sakanguneen bidez. Soilik seinale bat jarriz eta kanpaina bat eginez ez da ezer aldatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.