Josep Casadevall. Estrasburgoko magistratu ohia

«Estrasburgok ezin du aldatu prozesuaren kondena»

Casadevallek duela lau urte utzi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegia (Estrasburgo), 2015eko azaroan, Andorrako Estatuari dagokion berdintasun kuota 19 urtez bete eta gero.

martxelo otamendi
Andorra
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gironan jaio eta 11 urtez geroztik Andorra bizi den abokatu honek oso gertu dauka bulegoa Espainiak Andorran daukan enbaxadatik; kale berean eta ezkaratzetik hurbil. Irribarre gaiztoa egin du kazetariak detaile hori aipatu dionean eta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko terminologia erabiliz, Espainiako Erresuma zenbat aldiz kondenatu duen gogoratu dionean. Auzitegi horretan jardun duen hemeretzi urteetan, lehendakariordea izan zen bost urtez, eta hirugarren salako burua beste lau urtez.

Auzi korapilatsuekin lan egitera behartuta dagoen magistratuaren zuhurtziarekin mintzo da, eta aita erlojugilearengandik ikasi zuen zehaztasunarekin. Auzitegia utzi eta gero, abokatu lanera itzuli zen, alabarekin eta semearekin batera osatutako bulegora. Estrasburgoko Auzitegia, murgiltze azkar bat liburua argitaratu berri du, askoren hizpide izanagatik benetan oso gutxik ezagutzen duten erakundeari buruzko eskuliburu praktikoa.

Zer iritzi duzu Espainiako Gorenak prozesuaren epaiketan eman duen epaiaz?

Epaia ez da gogorra: oso-oso gogorra da. Oso garesti ordaindu dute. Ikusi behar da epaiak egitateei buruz ematen duen azalpena, frogaren balorazioa bat datorren zigor tipologiarekin.

Estrasburgok onartuko du tramiterako defentsaren helegitea?

Imajinatzen dudan legez helegiteak ondo argudiatuta badaudeeta Hitzarmenaren artikuluen urraketa salatzen badute, Estrasburgok badu zer aztertua.

Estrasburgok zigorrak jaitsi ahal izango ditu…

Ez, ezin du hori egin teknikoki. Ezin du epaia indargabetu, ez du esango errudun edo errugabe diren, ezta zigor urteak asko edo gutxi diren ere.

Zer erabaki lezake orduan?

Esango du epaiketa justua izan den, Hitzarmenaren oinarrizko eskubideak errespetatu diren, epaia bat datorren zigor legezkotasunaren printzipioarekin.

Jende askok Katalunian, eta kanpoan ere bai, uste du Estrasburgok zigorra jaits lezakeela.

Ez dagokio hori egitea. Ikusten badu Hitzarmenaren 6. artikuluaren urraketa garrantzitsuak egon direla, esan lezake Gorenak epaiketa berraztertu egin beharko lukeela.

Epaiketaren errepikapena?

Ez, ez da gauza bera. Duela zenbait urte, Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluak gomendioa egin zuen epai batek epaiketa justuaren eskubidea urratzen bazuen epaiketa berraztertu egin beharko litzatekeela. 25 estatu inguruk onartu zuten gomendio hori, Espainiak barne.

Kataluniako auzian zer ondorio ekar ditzake Estrasburgoren erabaki batek, esaten badu epaia berraztertu egin beharko litzatekeela?

Defentsak berraztertze helegitea jarri beharko luke Espainiako Gorenean, eta hark erabaki beharko du helegitea onartzen duen edo ez, eta onartzen badu, zigorra aldatzen duen edo baliogabetzen duen.

Orduan Gorena ez dago behartuta, behin helegitea aztertuta, epaia aldatzera.

Zuzenbide kontu bat da. Berraztertzea barne zuzenbidean txertatuta badago, eta horrela dago, eta aztertzeko mamia badago, eta nire ustez badago, uste dut berraztertu egin beharko luketela. Oraintxe egin du Gorenak Atutxa auziarekin.

Katalanek etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukate?

Herri guztiek dute eskubidea erabakitzeko zer erabaki nahi duten, izan katalanak, euskaldunak, andaluziarrak edo galiziarrak. Beste kontu bat da nola txertatzen duzun nahi hori ordenamenduan.

Miquel Icetak %60z hitz egin zuen.

Eta zergatik ez 65 edo 54? Mamian dago arazoa, ez kopuruan.

Eta nola konpondu mamizko arazoa?

Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazkari buruzko akordio batekin bakarrik.

Akordio horrek jaso beharko luke katalanek etorkizuna erabakitzeko eskubidea?

Nire ustez, oraingoz, oso zaila.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezarri egin dio Kataluniako Parlamentuari zer gai eztabaida eta erabaki ditzakeen.

Parlamentuaren funtzioa da politikari, ideiei eta konbikzioei buruz aske hitz egitea eta erabakitzea.

Estrasburgora eramateko gaia izan liteke?

Bai, adierazpen askatasuna aipatuz, kontuan edukita parlamentariak direla, Parlamentuko egoitzan ari direla, egon liteke Estrasburgon zer aztertua.

Eta estatu batek ez baditu Estrasburgoko epaiak bete nahi edo barne legeria aldatu nahi ez badu?

Behin eta berriro egingo balu, Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluak azalpenak eskatuko lizkioke estatu horri. Estatuak libre dira Europako Kontseiluan sartzeko, klub bat bezalakoa da; behin barruan zaudela, errespetatu egin behar dituzu adostutako arauak, edo bestela baja eman.

Zuk parte hartu duzu giza eskubideen urraketengatik hainbat euskal herritarrek aurkeztutako helegiteak aztertu eta onartu zituen salan.

Bai, helegite horiek ni nengoen 3. salara iritsi zirelako. Gogoan ditut Otamendi auzia, ni bainintzen Espainiako Erresuma zigortu zuen salako burua, bi Arnaldo Otegirenak, Parot doktrina... batzuk bai.

Zu txostengile izan zinen sententzia horietako bakarren batean?

Ez da sekula publiko egiten sententziako txostengilearen izena...

Estrasburgoko epaileek esan dezakete kasu jakin batean torturak izan direla?

Bai, noski. Askotan ebatzi izan du Estrasburgok torturak izan direla.

Zertan bereizten dituzue tortura eta tratu txarra?

Beti ez da erraza bereiztea. Magistratuen sentsibilitatearen arabera izaten da. Intentsitatea behar du torturak: belarrondokoa tratu txarra izan liteke, baina ez tortura. Bortxakeria fisikoa behar du torturak, min eragitea zer edo zer lortzeko.

Zure epaitegira Arnaldo Otegiren bi helegite iritsi ziren.

Bai, bi. Bata izan zen esateagatik «Espainiako Erregea torturatzaileen burua» zela. Auzi horretan, adierazpen askatasunak dauka lehentasuna; parlamentaria zen hori esan zuenean, eta horrek estatus berezi bat ematen zion.

Eta Otegiren bigarrena?

Zigortu zuen salako lehendakariaren jarrera partzialagatik [Angela Murillo]. Behin epaitu zuten, epai hura baliogabetu egin zuen Espainiako Gorenak magistratu horren partzialtasunagatik. Gero beste epaiketa bat eduki zuen [Bateragune auzia] magistratu horrekin berarekin. Zigortu egin zuten, Estrasburgora jo zuen, eta gure salan arrazoia eman genion.

Beste erabakirik euskal auziarekin lotuta?

Parot doktrina izenarekin ezagutu zena ere gure salara iritsi zen. Guk ez genuen esan Ines del Rio errugabe edo errudun zen, ezta zigor handia edo txikia ezarri zioten ere. Esan genuen Espainiako Estatuak zigorrak betetzeko kalkulua aldatu nahi izan zuela, zigor urte guztiak batuta, eta, egitekotan, aurrera begira egin beharko zuela, baina ez atzerako eraginez.

Espainiako bi ministrok prentsaurrekoa eman zuten biek batera esanez ez zutela beteko zuek emandako epai hori.

Politikariek nahi dutena esan dezakete, baina, Espainiako justizia egituren izen onerako, esan beharra daukat eredugarria izan zela haien jokabidea. Zortzi eguneko epean, kalera atera ziren eskaera egin zuena [Ines del Rio] eta egoera berean zeuden preso asko.

Zigorra 800 kilometrora betearaztea giza eskubideen urraketa da?

Analisia merezi duen arazoa planteatzen du horrek. Estatuak emandako arrazoiak ikusi beharko lirateke.

Eta argudiatzen badute «borroka antiterroristaren» tresna bat gehiago dela?

Egon liteke bizitza pribatuaren eta familiarraren eskubidea zaintzen duen Hitzarmenaren 8. artikuluaren urraketa, bere herritik eta familiarengandik urruntzen ari direlako.

Ondo ezagutzen dugu Estrasburgoko Auzitegia? Asko hitz egiten da auzitegi horretaz.

Liburuaren azpitituluak dioen bezala, auzitegiaren funtzionamendua erraz ulertzeko saio bat da, dibulgazioa helburu daukana.

Maiz entzuten dugu «Estrasburgora joan gara» bezalako adierazpenak, eta ez dakit oso ondo dakiten zer den Estrasburgo.

Hiru zati dauzka liburuak.

Bai, lehenengoan nola jaio zen; bigarren zatia prozesalagoa da, eta hirugarrenean, auzitegiaren jurisprudentzia aztertzen dugu. Hirugarren zati horretan, bost auziz dihardugu: bizitza eskubidea, norberaren bizitzaren erabakia, bizitza pribatua, adierazpen askatasuna, diskriminazioa, eta sententziak eta haien ondorioak.

Atentzioa ematen du Andorrak magistratua edukitzea Estrasburgon.

Estatu bat gehiago gara Europan, 47 denetara, eta, beste estatuei bezala, Andorrari berea dagokio.

Zenbat denborarako aukeratzen dira auzitegiko epaileak?

Ni hemeretzi urtez egon naiz, garai hartan agintaldiak sei urtekoak zirelako, luzagarriak. Gaur egun, bederatzi urtekoa da agintaldia, eta ezin da luzatu. Erabateko dedikazioa da.

Lehia handia eduki zenuen aukeratu zintuztenean?

Estatu txiki bat gara; nire garaian desberdina zen. Andorrak 1993an onartu zuen konstituzio idatzia, 1994an sartu zen Europako Kontseiluan, eta 1996an aukeratu ninduten Estrasburgorako. Aurreneko epaile andorratarra izan nintzen auzitegi horretan.

Estatu bakoitzari epaile bakar bat dagokio?

Bai, noski. Bat Andorra bezalako estatu batentzat, eta bakar bat beste edozein estatu handirentzat.

Pisu bera zuen zure botoak eta Espainia edo Frantzia bezalako estatu handietako epailearenak?

Bai. Horren froga da bost urtez auzitegi horretako lehendakariorde izan nintzela, eta sei urtez 3. salako buru.

Estatu bateko epaileak esku hartzen du bere estatuari dagozkion eztabaida eta erabakietan?

Ahal du, eta arauz egon behar du, salbu auziarekin lotura zuzena daukatenen kasuan. Estatuko magistratuak lagun diezaiekebeste kideei eztabaidatzen ari diren auzia hobeto ulertzen.

Ez du oso logikoa ematen.

Nire kasuan, Andorrak hiruzpalau kondena eduki ditu, eta nik bat egin dut erabakiarekin. Andorrako Estatuaren batere presiorik gabe.

Berdin gertatzen da estatu handietan?

Jakin dugu sobietar errepublika ohien estaturen batean epaileei ordainarazi dietela nahiko estatuzale ez izatea. Agintaldiabukatu ondoren, beren estatura itzulitakoan ez dute laniktopatu.

Zenbat salaketa onartzen dira?

Ez %4 edo %5 baino gehiago. Oso estuak dira, eta urraketa ez bada nabaria, kexu prozesalengatik bakarrik bada, ez dira onartzen; nahiz eta garbi ikusi urraketa bat gertatu dela, baina uste bada ez duela zigor epaiaren mamia aldatuko, ez dira tramiterako onartzen.

Tonu kritikoa nabari zaizu…

Hori da ordaindu behar duguna ez baditugu kolapsatu nahi Europako babes sistema eta auzitegiaren funtzionamendua.Uztailean auzi bat aurkeztu nuen, eta urte honetako 45.000.a zen, eta urte bukaeran 60.000 salaketara iritsiko dira. Urtero 3.000 bakarrik onartzen dira.

Magistratuei filtroa pasatu eta gero iristen zaizkizue salaketak?

Lehendabizi formazko analisia pasatu behar du, ikusteko bat ote datorren arautegiarekin. Onartzen badute, legelari batek aurkeztuko du, eta onargarria ez dela ikusten badu, auzitegiko kidea den epaile bakar batek aztertu beharko du onartu edo ez. Epaile bakar horrek irizten badio onartzeko modukoa dela, hiru epaileek osatutako komite baten esku utziko du. Komite horrek onartzen badu, auzi hori eztabaidatu beharrekoen zerrendan sartuko da, nahiz auziaren edozein unetan salak erabaki lezakeen auzi horrekin ez segitzea.

Horrenbeste auzi ez balego, onartzen ez diren batzuk onartuko al lirateke?

Baliteke. Baina ez da gauza bera torturengatik aurkezten den auzi bat, 3. artikuluaren barruan sartzen dena, eta urraketa prozesalengatik aurkezten dena.

Zein da auzi gehien sortzen duen eskaera?

6. artikuluaren alorrekoak, hau da, epaitegien partzialtasuna, zigorra behar bezala ez argudiatzea, defentsa eskubidea...

Hobe, orduan, epaile beteranoak?

Ibilbidea eginda daukatenak. Adin muga 70 urtekoa bada, 55 eta 60 urte bitartekoak.

Estatuen presioa jasaten duzue?

Epaileek ez, baina estatu batzuk oso ezeroso daude auzitegiaren erabakiekin.

Adibidez?

Erresuma Batua. Ez zaio gustatzen zigorra jasotzea.

Badago Europako Kontseiluan dagoen eta Estrasburgoko Auzitegian ez dagoen magistraturik?

Ez, derrigorrezkoa da. Aurrenekoan bazaude, bigarrengoan egon behar duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.