Itxaro Borda
HAMAR URTE LABOA GABE

Hitzetik hotsera

2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Duela hamar urte utzi gintuen Mikel Laboak. Abenduaren lehena zen eta gutariko asko umezurtz senditzen dira geroztik. Zuzenean ikusten genuen, han eta hemen, Herriko tauladetan, oin bat aulki batean pausaturik, gitarra akustikoa altzoan eta begitartea mikrotik hain hurbil, burutik buru ezagutzen genituen (ditugun?) kantak zintzur ahotsez harilkatzen zizkigula. Momentu bereziak eta hunkigarriak ziren, etxera-eta idaztera bultzatzen gintuztenak. Aldi oroz, lekuko ohituraren eta musika joera unibertsalagoen gurutze-bidean aurkitzen ginelako iduripena geneukan. Opari bat. Harro ginen.

Pariseko osabak igortzen zizkigun LP txikietako lehen kantak oroitzen ditugu oraindik ere. Kantutegi tradizionaleko puska distiratsuak eskaintzen zizkigun, alien ahotsak harritzen gintuela, gitarra jokoaren zehaztasunak bezain. Orduko jadanik, 70eko hamarkadako bihurgunean, irratian pasatzen ziren Bob Dylanen edo Leonard Cohenen abesteko erak genituen kasko zokoan eredu. Ituringo arotzaren jukutriak, Goizuetako Trabukoren ele faltsuak, Urtsuako anderearen edo Bereterretxeren tragediak gaurkoturik ekartzen zizkigun. Testu zaharren erritmoarekin jolasten zen, hala nola Baga-biga-higa (lehen Lekeitio-a) edo Haika mutil antologikoarekin. Halakorik behar bailitzan, frogatzen zuen ondarearekin azken puntako obrak sortu zitezkeela, euskal kultura horrela beti bizirik mantentzeko desio indartsuarekin.

Bertolt Brecht ezagutu genuen Mikel Laboaren 1969ko disko laburrari esker. Bertan lau poema musikatzen eta kantatzen zituen, nekazal kutsua zeukan gure kultura giroan, klase proletarioa inarrosten zituzten aldarriak txertatuz: denak ala inor ez, dena ala ezer ez... Alabaina, bere burua artista politikotzat zeukan Laboak, miresten zituen Atahualpa Yupanqui eta Violeta Parraren antzera. Horrek erran nahi zuen, eskualde honetako eliteen begi pera hupatzen ari zen langileriaren alde zela, beranduago Imanolek ere egingo zuen bezala. 1958 eta 2008 arteko bere ibilbide sortzailean beti kezka berdinak edukiko zituen, galderak erantzun gabe geratzen direlako!

Euskal kantagintza, batez ere Mikel Laboaren xendratik, euskarazko poesiaren oihartzun kaxa izan da, dudarik gabe. 1966an, EP batean, Gabriel Arestiren Apur dezagun katea eta Egun da Santimamiña eman zituen. Bat-Hiru diskoan, 1974an, agertzen dira hainbat idazleren testuak: Telesforo Monzonen Haize hegoa, Xabier Leteren Bedeinkatua eta ororen gainetik, Ez dok Amairu taldearen kide zen Josean Artzeren pieza ederrenak, denborarekin klasikoak bilakatu direnak: Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak, Ama hil zaigu, Baztan erraldoia, Nire Juaneteak, Gure bazterrak, Gernika eta edozein dela hizkuntza, beren altxorra bailitzan, Iparraldeko errugbi partiden hirugarren denboraldian, ahoak eman ahala orroatzen den Txoria txori uhergarria.

Ahantzi gabe Daniel Landarten Zure begiek musikatu zuela, eta Xalbadorren Herria eta Hizkuntza, bai eta hondar urteetan Sarrionandiaren Sorterriko koblak, Lili bat, Hegazti errariak eta Gure oroitzapenak bai eta Atxagaren Lizardi, Antzinako bihotz eta Galderak olerkiei melodia itsatsi ziela.

Euskal kantagintza berriaren ikur handiena zen Laboa eta ez bakarrik bere abestiengatik. Lekeitio handiosetan, doinurik arraroenen labe gorrietan tolesten zituen hitzak, hots, oihu, korrok edo murmura ulertu-ezin bihurtzen zirela, jendarte eta diskurtso frakasatuen irudira eta John Cage ezagunak jada egiten zuen musika disruptiboaren ildotik. Lekeitio bat hastera zihoanean, publikoan, petzerotzat jotzen gintuzten euskaldunok, egiazki, mundurik aitzinatuenaren garaikide sentitzen ginen: puntako literatura, puntako soinuak, puntako abes-joerak eta puntako diskoen azalen diseinuak, guztiak Usurbilgo Jose Luis Zumetaren eskutik.

Mikel Laboaren konpaktuak (eta diskoak) Björken eta Mursegoren lanen erdian emanak ditugu, hiruRak, gure bihotz-gogoen eremu hutsetan, musika eta hitzak lantzeko bide esperimental berdineko muga-harriak bailiran!

Bihar: Juan Gorostidi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.