Haizea Barcenilla
BEGIZ

Galderatxoak

2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Elena Mendizabal (1960). Bere lanak Artium, San Telmo eta Bilboko Arte Ederren museoetako bildumetan daude, eta Artiumek 2019an erakusketa handi bat eskaini zion.

Maria Luisa Fernandez (1955). Bere lanak Artiumeko, Bilboko Arte Ederren Museoko, MACBAko eta Madrilgo Reina Sofiako bildumetan daude, besteak beste. Gure Artea saria jaso zuen 2017an eta hurrengo urtean Azkuna zentroak erakusketa handia eskaini zion.

Dora Salazar (1963). Bere lanak Artium, San Telmo eta Bilboko eta Nafarroako Arte Ederren museoetan daude, beste askoren artean. Erakusketa ugari egin ditu eta anitz dira espazio publikoetan ikusgai dauden bere artelanak.

Cristina Iglesias (1956). Bere lanak Solomon Guggenheim, Tate Modern, Centre Pompidou, Artium, San Telmo eta Bilboko Arte Ederren Museoko bildumetan daude, beste askoren artean. Munduan zehar ehun bat erakusketa eta instalazio publiko egin ditu. 1999an, Arte Plastikoen Espainiako saria jaso zuen.

Koldobika Jauregiri zuzendutako zerrenda da hori; boteprontoan etorri zitzaidan laguntzeko nahia irratian bere belaunaldiko emakume eskultorerik ezagutzen ez zuela esan zuenean. Vital fundazioan ikusgai duen Bost más bost erakusketari buruz ari zen, non bost gizonezko eskultoreren lanen artean beste gauzatxoak egiten dituzten bost neska gazte sartu behar izan dituzten, ez baitzuten haien adineko eskultore emakumeen berri.

Baieztapenak harrituta utzi ninduen, zenbait galdera sortzeraino, artistari berari sortu ez zaizkionak, antza. Hasteko, emakumezkoen izenen hutsunearen aurrean, ez zitzaien Jauregiri eta mostraren komisario Martinez de Viñaspreri otu agian egin beharreko galdera zergatik zela? Zergatik ez zituzten Euskal Herriko arte zentrorik inportanteenetan erakusketak egin eta sariak jaso dituzten haien belaunaldiko emakumeak ezagutzen? Maiz entzun dut emakumezko artisten erakusketak neurriz kanpo hazi direla. Baina badirudi hori esaten dutenak (hori esaten dutelako agian) ez direla gero erakusketa horiek ikustera joaten, eragin gutxi baitute haien artearen historiaren iruditegian.

Edo agian Jauregik esan nahi zuena zera zen: ez dago guk egiten dugun eskultura mota, hau da, Txillidaren jarraipen sutsu eta zorrotza, egiten duen emakumerik. Hala balitz, berriz ere, galderak zergatik behar luke. Baliteke 60ko eskultoreek emakume jarraitzailerik ez izatea sortu zituzten giroak zein hizkuntza formalak, maskulinitatean hain errotuta egoteagatik, emakumeak sistematikoki baztertzen zituztelako?

Eta sortu zitzaidan azken galdera: zeinek irakurriko du zutabe hau? Ziur aski nirekin ados dagoen emakume mordoak; gizon batzuek ere bai, baina gutxiago. Oso erosoa, eta behar baino errazagoa delako zure munduan existitzen ez direnei ez ikusiarena egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.