Ismael Manterola
BEGIZ

Logelatik irten gabe

2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Zaila da azaltzea zergatik den interesgarria beti gauza bera egiten duen artista baten lana. Giorgio Morandiren erakusketan nagoela egindako hausnarketa da. Bolognarrak bere logelatik ia irten gabe pintatu zituen ia bizitza osoko koadroak. Objektu berdinak hondo neutro baten kontra lerrokatuta. Botilak, latorrizko gaileta kaxak, zeramikazko dekorazio-objektuak, katiluak, zapiren bat, kinke bat edo beste, pitxarrak. Gelako leihotik ikusten zuen patioko zatia edo udako etxetik ikusten zuen paisaia. Horiek izan ziren bizitza osoan pintatutako gaiak. Beraz, zer dute Morandiren lanek? Zerk egiten du erakargarri botila bat kartoizko kutxa baten aurrean?

Norbaitek pinturaren misterioa erantzungo luke. Artearen alderdi mistikoa edo esentzialista. Baina, artea ikerketa gai dugunok ezin dugu horretara mugatu, batez ere norbaitek gure aditu lana egiteko eskatzen digunean. Nork esan zuen arte figuratiboa abstraktua baino errazagoa zenik?

Figurazioaren arrakasta koadroan ikusten duguna identifikatzearen plazerrean oinarritzen omen da. Baina, behin eta berriz ia koadro bera ikusterakoan ez al gara aspertzen errealitate berarekin topatzeaz? Non dago objektuak tokiz aldatzearen erakarpena edo interesa?

Morandiren koadroetan artistak eskura zituen objektuak ikusiko ditugu behin eta berriz; hala ere, koadro guztiak ezberdinak dira. Eta ezberdinak dira, errealitatea inoiz ez delako berdina. Argia da ikusmenaren oinarrizko osagaia eta horrek gure ingura alda dezake. Ñabardura nimiño horiek harrapatzean datza Morandiren lana. Objektu beraren alde bat edo bestea erakustea ez da gauza bera, eta alde bera erakutsita ere, argia aldatzen bada, objektua ezberdin ikusiko dugu. Horri objektuek okupatzen duten espazioaren aldaketak gehitzen badizkiogu, bizitza guztia pintatzen jarduteko zigor modukoa izango dugu.

Argiak espazioa eta objektuak aldatzen ditu, bai, baina pintatzeko erak argia, formak eta espazioa baldintza dezake, horregatik Morandiren koadroak ez dira errepikatzen; beti zerbait berria topatzen dugu, teknikaren bidez errealitatea irudikatzeko modu agorrezinak daudelako: marrazkiari garrantzia ematen badiogu, objektuen bolumenek garrantzia hartzen dute, eta espazioak garbitasuna eta zehaztasuna; aldiz, pintzelkada lodiak eta urduriak erabiltzen baditugu, formak desitxuratuko dira, eta bat egingo dute hondoarekin. Morandik erabiltzen dituen pintzelkadek objektuak dantzan jartzen ditu fokatu gabeko espazio dardarti batean.

Morandik erakusten digu mundua ezagutu daitekeela norberaren logelatik irten gabe. Hori bai, Virginia Woolfek esan zuen bezala, garrantzi handia du gela bat norberarena izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.