Ismael Manterola
BEGIZ

Leopoldoren porrotak

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko egun horietako batean, «zein da zure pasioa?» galderari erantzuteko eskatu zuten irratian. Erantzun batzuek jendearen zaletasuna eta gustuekin harremana zutela pentsatu nuen, benetako pasioekin baino gehiago. Nola azaldu zer den norbaitentzat pasioa? Leopoldo Zugazaren heriotzaren berri jakin nuenean etorri zen erantzuna. Liburuak ziren Leopoldoren pasioa. Ez zen gustu kontu bat, ez zen denbora-pasa bat, hori guztia eta gehiago zen Zugazak sentitzen zuena liburuen aurrean: gogoa, grina, pasioa.

Aurretik ezagutzen banuen ere, batez ere Zarautzen antolatutako hainbat ekitaldi bereziri esker, elkarrizketa luze bat egiteko aukera izan nuen orain dela urte gutxi. Gizon apasionatua zen Leopoldo, kulturaren alor guztien aurrean gogoz eta indarrez hitz egiten zuen 80 urte pasa izan arren. Zahartzaroak ez zion apaldu hitz egiteko, iritzia emateko edo alde batetik bestera mugitzeko gogo bizia. Aktibitate handiko gizona zen, nahiz eta adinean aurrera egin.

Kultur eragile moduan ezaguna zen Durangon Gederiaga elkartearen fundatzaile izateagatik eta liburu azoka famatua antolatzeagatik. Baina alderdi ezezagun gehiago zituen: liburu argitaratzaile, kultur zuzendari garai bateko Bizkaiko Aurrezki kutxan, Bilboko Arte Ederren Museoaren berrikuntzaren, Arteder arte azokaren eta Durangoko Arte eta Historia museoaren bultzatzaile, Zarauzko Photomuseumeko fundatzaile Ramon Serrasekin batera, Zarauzko poesia etxearen eta poesia esperimentalaren jaialdien antolatzaile, Manuel Larramendi institutu bibliografikoko fundatzaile, etab.

Leopoldorekin hitz eginez gero, kultura alorreko alderdi guztiak interesatzen zitzaizkiola zirudien. Lehen aipatu dudan moduan, liburuari buruz pasioz hitz egiten zuen, eta, 1975. urtetik 1980ra argitaratzaile moduan egin zuen epealdiaz galdetuta, bi kontu azpimarratzen zituen: bat, porrota (bere iritziz, argitaratzaile on baten ezaugarria), eta bi, nahi zuena argitaratzeko askatasuna.

Baina gure atal honetan interesatzen zaiguna artea denez, artearen apasionatu moduan aurkeztu behar dugu hil berri den eta 2020an Eusko Jaurlaritzako Gure Artea saria jaso zuen Leopoldo Zugaza. 1960ko hamarkadako arte berrikuntzak bete-betean ezagutu zituen, eta bere kezketako bat gertatzen ari ziren aldaketak gizarteratzea izan zen. Horretarako, eta Gerediaga elkartearen babesean, erakusketak antolatzen hasi zen 1965. urtetik aurrera. Gero, Durangoko Ezkurdi plaza berritu ondoren, erakusketa aretoa zabaldu zen 1970ean Zugazaren zuzendaritzapean. Garai hartako artista berritzaileenak erakutsi zituen han: Marta Cardenas, Carlos Sanz, Vicente Ameztoi, Nestor Basterretxea, Agustin Ibarrola, Rafael Ruiz Balerdi, Vicente Larrea, Ortiz de Elgea, Genoveva Gastaminza, Juan Luis Goenaga, Jose Luis Zumeta, Ramos Uranga, Eduardo Txillida, Andres Nagel, Remigio Mendiburu, Ricardo Ugarte, Jose Ramon Morquillas...

Hala ere, nire oroitzapenik indartsuenak Zarauzko Interolerti jaialdiari lotuta daude. Zarauzko Olerti Etxea Leopoldok pasioz bultzatutako beste proiektu harrigarria izan zen; bertatik antolatu zuen poesia esperimentaleko lehen jaialdia 1999an. Han entzun nituen lehen aldiz Bernardo Atxagaren hitz hiptonikoak edo han ikusi nuen poesia esperimentalari buruzko nire lehen erakusketa. Jarraipena izan bazuen ere 2003. urtean, ez zen gehiago ospatu nazioarteko erreferentzia izan zitekeen ekimena. Baliteke hau ere Leopoldoren beste porrot bat izatea, eta, hala ere, nik Leopoldoren porrotak arrakastatsu moduan saldutako beste proiektu asko baino gehiago estimatzen ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.