Artelan baten bila nenbilen fitxa teknikoa zehazteko. Banekien Artiumekoa zela, eta, horregatik, EMSIME izeneko web orrian sartu nintzen bilaketa egitera. EMSIME online dagoen Euskal Autonomia Erkideko museoen katalogo kolektiboa da, eta bertan topatu daitezke museo publiko askotan dauden lanak. Web orria zabaldu bezain pronto, inoiz ohartu gabeko datu batek eman zidan arreta: datu basean 75.350 objektu daudela jartzen du nabigatzeko aukera ematen duen geziaren azpian. Ia beti bilatzailean izenburu baten edo artista baten izena tekleatzeko joera dudanez, ez nion zenbaki horri erreparatu, baina behin kopurua ikusi ondoren, harrituta geratu nintzen. Gizarte bildumatzailean bizi ginela banekien, baina hainbestekoa zenik ez nuen uste.
75.350 objektu horiek guztiak ez dira artelanak, noski, beste mota batzuetako gauzak baitaude Euskal Herriko museoetan, baina seguru nago horietako asko artelanak direla, eta badakit bilduma publikoetan dauden artelan guztiak ez daudela EMSIME-n sartuta. Beraz, Euskal Herrian ondare izugarri aberatsa dugula onartu beharko genuke. Historiak eta gaur egun egiten diren politikek aukera eman dute artelan bilduma zabalak osatzeko; orain, begiratu beharko genuke onak diren edo koherentzia minimoa duten edo ez, kantitateak ez baitu beti kalitatea bermatzen.
Hala ere, bilduma osatzearekin batera, zabalkundea da museoen edo erakunde publikoen egitekoa, eta EMSIME web orriak aukera ematen digu artelanak non dauden eta nolakoak diren jakiteko; horri argazkia gehitzen badiogu, fitxa ederra izango dugu artelan baten nondik norakoa ezagutzeko. Sarritan ezkutuan dagoen artelana ona izan daiteke, baina ez badugu ezagutzen, ez du presentziarik izango gizartean, eta desagertzeko arriskuan egon daiteke. Zenbat artista desagertu dira beren lana ezkutuan egon delako edo ezkutarazi izan delako? Baliabide digitalak ez dira arazo guztiak konpontzeko tresna magikoak, baina asko laguntzen dute guztion ondarea zaintzeko eta dibulgatzeko lanean. Azken hori erraz ulertu daiteke; baina, zaintzan lagundu al dezake EMSIME bezalako tresna batek? Zalantza handirik gabe, baietz esan beharko genuke, artelan baten manipulazioa saihesten duen momentutik aurrera.
Sasoi batean, museoak artelanak gordetzen zituzten erakundeak ziren, eta beren lana ondo betetzen bazuten ere, zaila zen erakusgai zegoenaz aparte artelanak ikustea edo ezagutzea. Badakit argazki digital batek ezin duela artelanaren ezagutza zuzena ordezkatu, baina ikerlariek eta artea interesatzen zaion edozeinek eskura dauzkate museoek bere bildumetan gordeta dituzten artelanak. Lan asko egiteko badago ere, askotan ez gara konturatzen alor horretan zenbat aurreratu dugun.

BEGIZ
EMSIME
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu