Ismael Manterola
BEGIZ

Unibertsitateak eta erakunde publikoak

2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Unibertsitate publikoaren bukaeraren hasierako garaiak bizi ditugu Bolognako prozesua hasi zenetik. Eusko Jaurlaritzaren iazko abenduko dekretuak baieztatu besterik ez dizkigu egin aspalditik genituen beldurrak. Horregatik, erakunde publikoak arte alorrean EHUrekin duen utzikeria ez da harritzekoa.

Azken egunetan jakin dugu Bilboko Udalak enpresa pribatu bati diru laguntza eskuzabalak eta lurrak eman dizkiola diseinuko goi eskola bat Zorrozaurre auzoan kokatzeko. Erakundeek artearen gaineko interesa galdu dute, eta, ezagutzaren beste alorretan gertatzen ari den bezala, etorkizunean arte aplikatuari emango diote garrantzia, artearen ezagutza hutsari baino gehiago.

Badirudi askotariko ekintzek bat egiten dutenean asaldatzen garela, eta Bilboko beste erakunde batek —oraingo honetan Arte Ederren Museoak— antolatuko duen lehendabiziko udako kurtsoa Deustuko unibertsitatearekin antolatzea erabaki du, eta ez unibertsitate publikoarekin. Aurreko astean Haizea Barcenillak argi utzi zigun bezala, Museografiak. Artea ikusteko erak ikastaroak gizonen ikusteko erak aztertuko ditu, beste ezer baino gehiago, baina udako kurtsoak beste zerbait utziko digu: erakunde publiko batek EHU bazterrean utziko du berriz ere arte gaietan. Erabaki larria iruditzen zait, kontuan izanda EHU aspalditik ibili dela museografiari buruzko ikastaroak antolatzen Bilbon.

Azken egunetako bi adibide hauek erakundeen eta unibertsitatearen arteko harremanei buruzko hausnarketa eragin didate. Pare bat buelta eman ondoren, ondorioztatu dut ez direla maila bereko harremanak. Iruditzen zait museo handietako zuzendariek eta hiriko alkateek fakultate bateko dekanoaren gainetik ikusten dutela beraien burua. Adibidez, museo handi bateko zuzendariek ardura hartzen dutenean, administrazioko goi karguekin biltzen dira, edo enpresa handien zuzendariekin, dirua lortu ahal izateko. Aitzitik, ez gaude ohituta zuzendari hori bera Arte Ederren Fakultateko dekanoari bilera eskatzen ikusten, bere burua aurkezteko eta elkarlana eskaintzeko. Euskal Herriko zenbat arte museo zuzendari pasatu dira EHUko dekanoaren bulegotik? Errazago ikusten dut nire buruan arte ederren fakultate bateko dekanoa museko zuzendariaren bulegotik pasatzen, edo bilera eskatzen. Zergatik dismetria instituzionala?

Bolognaren zaleek behin eta berriz errepikatu ziguten unibertsitatea gizartearen aurrean gotortuta bizi izan dela. Ez dut ezetz esango, baina ez al dira erakunde guztiak hala bizi izan beraien arteko eta biztanleekiko harremanetan (edo ez-harremanetan)? Edo unibertsitatea bakarrik izan da? Ez al du unibertsitateak berak izan gizartearekin harreman handiena, beste erakunde batzuekin alderatzen badugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.