Ismael Manterola
BEGIZ

'Un inglés vino a Bilbao'

2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Begiz ataleko nire kide den Haizea Barcenillarekin elkarrizketan hasiko dut denboraldi berriko nire parte hartzea.

Aurreko asteko artikuluan, Haizeak Pragan ikusitako Eva Kmentovaren lanari buruzko hausnarketa egin zuen eta herri txikiek beraien artisten berezitasunak erakusteko beharra aipatuz bukatu zuen artikulua. Hausnarketa horrekin bat nator zeharo, ni ere nekatuta nagoelako toki ezberdinetan arte garaikideko museo bera ikusteaz: artisten izen berberak antzeko bildumetan.

Haizearen hitzak bat etorri ziren aurreko astean gaurko artikulua idazteko aukeratu nuen gaiarekin: Bilboko Guggenheim museoaren erosketa politika. Hain zuzen irailaren 21eko BERRIAn, museoak egindako hainbat artelanen erosketaren berri eman zigun Iñigo Astizen artikuluak. Azken erosketen izarra El Anatsui Ghanako artista ezagunaren lana da, eta, horrekin batera, AEBetako abstrakzio geometrikoaren barruan sailkatu dezakegun Ellsworth Kellyren Kurba horia izeneko lana.

Museoko arduradunen hitzetan, aspalditik ibili dira Kellyren lan baten atzetik, eta azkenean lortu omen dute bildumarako falta zitzaien ustezko pieza. Hori bai, ez dute esan zenbat ordaindu duten horrelako lan bat eskuratzearen truke, baina seguru nago gure inguruko museo askoren urtebeteko aurrekontuaren kopurura iritsi dela. Diru publikoen gaineko gardentasuna non dagoen galdetu beharko genuke horrelako aurkezpenak egiten direnean.

Beti harritu nau Bilboko Guggenheim museoak 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Ameriketako Estatu Batuetan egindako artea erosteko izan duen temak. Proiektua bultzatu zutenek hasiera-hasieratik azpimarratu zuten Bilbokoak New Yorkeko museoaren osagarri izan behar zuela, eta horregatik aipatutako hamarkadetako artelanak erosi eta erakutsi behar zituela. Zur eta lur geratu nintzen Museoak Cy Twombly artistaren Komodori buruzko bederatzi gogoeta koadro multzoa erosi zuenean 2006. urtean, dirutza ordainduta.

Horrelako erosketen aurrean bururatu zaizkidan galderak dira ondorengoak: Guggenheim museoa bertakoarekin harremanik ez duen museo bat dela onartuta, zer eskaini diezaioke Bilboko museo batek munduko turista bati? AEBetako artea Bilbon? Gainditu al dezake Bilboko museo batek Ameriketako arte garaikideko museo batek beraien arteari buruz eskaini dezakeena? Zein da Euskal Herriko museo batek kanpotik etorritako norbaiti erakutsi diezaiokeen bilduma? Zer dugu munduari eskaintzeko? Ellsworth Kelly eta Cy Twombly?

Eskerrak kanpoaldeko terrazan Jeff Koonsen Tulip eskulturaren ordez Txillidaren eskultura jarri behar duten. Txillidaren eskutik museoa kolonizatzen hasi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.