Albistea entzun

BERRIA Ikasgela, egunerokoarekin ikasteko tresna

Proiektu berri bat sortu du BERRIA egunkariak: Ikasgela. 12 urtetik aurrerako ikasleekin eskola orduetan lantzeko gaiak proposatuko ditu webgune batean, Berria.eus/ikasgela helbidean. Material osagarria eskainiko dio hezkuntza komunitateari.

Mikel P. Ansa -

2021eko urriak 26

Ezagutza zabaltzeko, eztabaida sustatzeko eta ikasteko tresna bat ere badira egunkariak. Eta hezkuntza arautuan, tresna lagungarria ere bai. Irakasleek eta ikasleek askotan erabiltzen dituzte egunkarietako artikuluak eta Interneteko informazioa. Baina beti ez dago eskura eta sailkatua bilatzen duten informazioa. Eta euskarazko materiala urriagoa da, eta zailagoa da lortzen: erdaretara jotzen dute maiz. Arazo horiei aurre egin nahi die BERRIA Ikasgelak. Azaroaren 3an egingo dute irakasleei aurkezteko saio bat, streaming bidez.

Ikusi gehiago: Ainhoa Oiartzabal: «Euskarazko eduki egokituen hemeroteka izan nahi dugu»

Egunero ikasten delako. Lelo horrekin zabaldu da proiektua, gaurtik, eta eskura dago, denentzat eta modu irekian, Berria.eus/ikasgela helbidean. Ez da hori eskolen arazo bakarra, eta BERRIAk abiatutako proiektuak ez ditu arazo guztiak konponduko, baina irakasle eta ikasleentzat helduleku bat izan nahi du: euskaraz eta Euskal Herriko ikuspegitik sortutako gaur eta hemengo eduki gehiago izan ditzaten irakasleek eta ikasleek. Aktualitatetik abiatuta, eta ikasliburuetan eta beste baliabideetan dauden materialen osagarri gisa.

12 urtetik aurrerako ikasleekin arlo ugaritako gaiak eskolan lantzeko proposamenak egingo ditu webguneak. BERRIA egunkarian argitaratutako artikuluak izango dira abiapuntua. Horiek egokitu eta moldatu egingo dituzte Ikasgelan, ikasleekin lantzeko eran. Euskaraz gaitasun apalagoa duten ikasleentzat, laburpen bat izango dute testuek hasieran, eta kontzepturik zailenek hiztegi gisako azalpen bat edukiko dute.

Norberak nahi duen artikulua edo gaia bilatu eta topatzeko erraztasunak ematen ditu webguneak. Batetik, ikasgaiaren arabera miatu ahalko dira artikuluak, eta bada gaien arabera ere bilatzeko aukera. Bestetik, hitzen araberako bilaketa libre eta adimentsua egiteko aukera ematen du. Edukietara azkar iristeko aukera jarriko du horrek.

«Oso erabilgarria»

Ane Telleria Iparragirre filosofia irakasleari egokia iruditu zaio emaitza: «Oso erabilgarria da. Eskertu dut edukiak irakaskuntzari begira antolatuta ematea. Lana erraztuko du». Lur Gallastegi Zendegi hizkuntza eta literatura irakasleari ere «oso praktikoa» iruditu zaio Ikasgela: «Oso erabilgarria iruditu zait eskolak prestatzeko eta material osagarri gisa».

Testua izango da artikulu askoren oinarria, baina bideoak eta infografiak ere eskainiko ditu BERRIA Ikasgelak. Artikuluak era askotakoak izango dira, gainera: elkarrizketak, iritzi artikuluak eta erreportajeak eta albisteak agertuko dira, ikasleekin lanketa diferenteak egin ahal izateko.

Josune Iñarra euskara irakasleak sumatzen zuen horrelako zerbaiten beharra, «aspalditik». Donostiako ikastetxe batean lan egiten du, eta gertatu izan zaio 16 urteko 25 ikasleko gela batean galdetzea ea Maule nongo hiriburua den eta ikasle bakar batek ere ez jakitea. Behar handia dago, haren esanetan. «Ikasleen profila asko aldatzen ari da azkeneko urteetan, eta euskal kulturarekin inolako harremanik ez duten ikasle asko ari dira etortzen», azaldu du. Eta irakasleek zailtasun handiak dituzte ikasleak euskal kulturara ekartzeko: «Gaztelaniar kultura nagusitzen da haien artean». Horregatik, tresna «izugarria» iruditu zaio Ikasgela. Ikasleek proiektuka egiten dituzte lan asko orain: «Baina beti gaztelaniazko materialak topatzen dituzte, eta gero itzultzaile automatikoan sartuta itzultzen dituzte euskarara, eta edozer gauza ateratzen da». Iruditzen zaio «oso inportantea» dela euskarazko iturri fidagarri bat edukitzea.

Iritzi berekoa da Sergio Garcia Nieto gorputz hezkuntzako irakaslea. «Beste hizkuntza batzuetara jotzen duzu azkenean, material gehiago dagoelako gaztelaniaz eta ingelesez». Iruditzen zaio Ikasgelarekin errazagoa izango dela, informazioa antolatua dagoelako eskolako beharren arabera. «Ikaragarrizko aukera da».

Telleriak beste alderdi batean ere egin du indarra: iruditzen zaio garrantzitsua dela irakaskuntza ikasleen egunerokoarekin lotzea. Ikasten ari direnari «errealtasuna» emateak ikasketa indartzen baitu. Eta albisteok funtzio hori bete dezakete.

Aiert Ordoñez Adarragari ere ezinbestekoa iruditzen zaio «edukiak errealitatearekin konektatzea». Irakaslea da bera ere, matematika erakusten du besteak beste, eta iruditzen zaio ikasliburuetan eta curriculumetan zenbakietan «zentratuta» daudela eduki horiek, «testuingururik gabe». Matematikek bizitza errealean eragina duten adibideak bilatzen ditu ikasleekin lantzeko, eta gustatzen zaio pedagogia aldetik ere esperimentatzea, baina beti ez da erraza, eta heldulekuak falta dira; euskaraz, batez ere. Horregatik, «ederra» iruditu zaio Ikasgelaren proiektua. Harago ere joango litzateke, bere esku balego: «Ederra izango litzateke ikasleekin hitz egitea eta haien interesak aintzat hartzea. Ikasleen jakin-minetik abiatu beharko genuke. Ez zaie galdetzen zer nahi duten, zer gustatzen zaien».

Iñarrak erabiltzen du prentsa ikasleekin, eta haientzat interesgarriak izango diren gaiak topatzen ahalegintzen da. «Eskoletan egunkaria irakurri beharko litzateke egunero». Gallastegi ere prentsa erabili zalea da eskolan. Eta ikusten du ikasleak urrun daudela euskal kulturatik: «Irakasle moduan, konpromisoa hartu beharko genuke euskal prentsarekin eta kulturarekin, ikasleek ez baitakite badenik ere; gugandik jasoko dute, edo ez dute jasoko».

Buletin bat astero

Oraingoz urrats bat egingo du BERRIA Ikasgelak, abiatu egingo da, eta pixkaka neurtuko dute etorkizunean beste zer urrats egin litezkeen. Oraingoz, astero artikulu berriekin eguneratuko dute gunea, eta buletinean izena ematen duten irakasleei mezu elektroniko bat igorriko diete astero, berrikuntzak jakinarazteko. Foro bat ere izango du webguneak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Fernando Rey itzultzailea eta Irene Vallejo idazlea, Iruñean egindako aurkezpenean. ©KIKE MORA

«Ahozkotasunari eginiko omenaldia ere bada»

Jakes Goikoetxea

Liburuen jatorriari buruzko saiakera atsegingarri, osatu eta arrakastatsu bat idatzi zuen Vallejok. Euskarara itzuli du Fernando Reyk, Pamielaren eskutik: 'Infinitua ihi batean'.
1 ©IDOIA ZABALETA / @FOKU

Urriaren azkenean, gaztaina etxean

Olaia L. Garaialde

Lehen, oinarrizko jakia zen gaztaina, baina, orain, gutxitan jaten da; esportatu egiten zen lehen, eta inportatu orain. Azken mendeetan, harremanak sortzen lagundu du. Batzuek historia ahaztu izan arren, badira gaztainari bizi berria eman dioten pertsonak, proiektuak eta ekintzak ere.

Uigurrek jasaten duten errepresioaren aurkako manifestazio bat, Hong Kongen, 2019ko abenduan. ©JEROME FAVRE / EFE

Uigurren etniako 71 kazetari preso ditu Txinako Gobernuak

Urtzi Urkizu

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute informazio eskubidearen kontrako «errepresio gogorra» dagoela gaur egun Txinan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.