Ainhoa Oiartzabal Azketa. Kazetaria

«Euskarazko eduki egokituen hemeroteka izan nahi dugu»

mikel p ansa
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ainhoa Oiartzabal Azketa kazetariak (Zizurkil, Gipuzkoa, 1975) aukeratu eta atontzen ditu BERRIA Ikasgelako edukiak. Azaroaren 3an aurkeztuko diete irakasleei, streaming bidezko saio batean (izena emateko, klikatu hemen).

Zer-nolako edukiak emango ditu BERRIA Ikasgelak?

BERRIAn argitaratutako edukiak eskainiko ditu, egokituta, eta gai horiek azalduko dira, irakasleek 12 urtetik aurrerako ikasleekin eskola orduetan erabili ditzaketenak. Adibidez, Euskal Herriko biztanleriaren bilakaerari buruz argitara eman dugun azken artikulua eta infografia jarriko dugu webgunean, eta Geografia ikasgaiarekin lotuko dugu. Gaur-gaurko gaiak izango dira, arlo askotakoak. Euskarazko kulturari eta historiari buruzko edukiak ere plazaratuko ditugu, baita zientzian, humanitate gaietan eta oro har gizarte gaietan dabiltzan adituen eta ekintzaileen hausnarketak eta testigantzak ere.

Irakurri gehiago: BERRIA Ikasgela, egunerokoarekin ikasteko tresna

Ez da gune estatiko bat izango; berritu egingo duzue, ezta?

Astero-astero, eduki berriak sartuko ditugu. Gehienak azken egunetan argitaratutako edukiak izango dira, baina baita data esanguratsuen aitzakian lantzeko moduko eduki bereziagoak ere. Demagun, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren ingurumarian, gai horri buruzko edukiak.

Interesgarriak dira egunkari bateko edukiak eskolarako?

Gure ustez, bai. Batetik, datu berrituak eskaintzen dituelako gurea bezalako egunkari batek, albisteak, testu idatziak eta ikus-entzunezko materiala, eta, lehen pertsonan hitz egiten duten esparru askotako jendearen esanak. Bestetik, egungo informazio uholdearen erdian, ikuspuntu jakin batetik egiten dugu eskaintza: Euskal Herritik, eta euskaraz. Eta betaurreko moreekin begiratuta. Interneteko eskaintzaren ozeano handi horretan, euskarazko eduki gaurkotua eta egokitua eskaintzen duen hemeroteka espezializatu bat izan nahi du Ikasgelak.

Nola baliatu dezakete tresna hau irakasleek eta ikasleek?

Gure edukiak material osagarri gisa erabiliko dituztelakoan gaude, eskola orduetan lantzen dituzten gaiei buruzko adibide errealak izateko. Ikasleek geroz eta lan original gehiago egin behar dituzte hainbat ikasgaitan, eta espero dugu gure erreferentzia baliatzea berri iturri fidagarri gisa.

Bestalde, zailtasun diferenteetako edukiak eskaintzen saiatuko gara. Ikastetxe, irakasle, ikasle bakoitzak izan dezala aukera zabal bat. Eta baliagarria izango da beste maila batzuetan dauden edota derrigorrezko eskolak hartzen ari ez diren ikasleentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.