Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Igogailua gaizki dabil

2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Mendebaldeko gizarteak itun jakin batzuen inguruan egituratu dira. Horien artean, garrantzitsuenetako bat aukera berdintasunarena da: itun horren arabera, hiritar guztiek aukera berak —edo antzekoak— ditugu eta bakoitzaren ahalegin eta merezimenduan datza batez ere errentan, aberastasunean eta bizi-baldintzetan izaten diren ezberdintasunak. Azken urteetan, ordea, itun honen haustura gero eta nabariagoa omen da eta gero eta gehiago dira gizarte-mugikortasuna murriztu egin dela diotenak. Gizarte igogailua hondatu egin omen da eta —XIX. mendean bezala— jatorrizko familiak gero eta eragin handiagoa du pertsona bakoitzak bizitzan zehar eduki ahal izango duen lanpostu, diru-sarrera, gizarte-posizio edota bizi-baldintzetan.

Azken asteetan datu berri ugari eman dira jakitera honen inguruan. Gizarte mugikortasunaren atlas delako bat argitaratu du Felipe Gonzalez Fundazioak, Espainiar Estatuko hiritar guztien gaur egungo errenta bere gurasoen errentarekin konparatuz eta bien arteko aldea kalez kale eta auzoz auzo irudikatuz. Mapa horrek, tamalez, ez du Euskal Herriko lurraldeei buruzko daturik ematen. Emaitzak, edozein kasutan, interesgarriak dira oso, argi ikusten baita, maparen egileen arabera, haur bat hazten den etxeak eragin zuzena duela haren etorkizuneko errentan. Diru-sarrera txikiagoak dituzten etxeetako haurrek aukera asko dituzte posizio horretan jarraitzeko 20 urte geroago, eta, era berean, diru-sarrera handiagoak dituzten familietako seme-alabek aukera gehiago dituzte gehiengoak baino errenta handiagoa lortzeko. Mugikortasun hori, gainera, bereziki txikia da Espainiako hegoaldeko hiri eta erkidegoetan.

Estatistika Institutu Nazionalak aste honetan kaleratu ditu pobreziaren belaunaldien arteko transmisioari buruzko datu berriak ere. Ondorioak nahiko argiak dira: Espainian pobrezia tasa orokorra gaur egun %20koa bada, jatorrizko etxean egoera ekonomiko txarrean edo oso txarrean bizi izan zirenen artean % 35ekoa da. Haurtzaroa egoera ekonomiko onean edo oso onean pasatu izan zutenen artean, berriz, % 13koa. Pobrezian bizitzeko arriskua 2,5 aldiz handiagoa da txikitan ere pobre izan zirenentzat: igogailua badabil, beraz, baina nahiko makal eta kosta egiten zaio gora (edo behera) egitea. Zailtasun horiek, gainera, gero eta handiagoak dira, datuen arabera.

Europa mailan, Espainia eta Italia omen dira gizarte-mugikortasuna gehien oztopatzen duten herrialdeak. Gosta Esping-Andersen soziologo ospetsuak kaleratu berri duen lan baten arabera, nahiz eta herrialde guztietan goi-mailako ikasketak dituzten gurasoen seme-alabek aukera gehiago izan gizarte-maila altuetan amaitzeko —trebetasun kognitibo txikiagoak edukita ere—, alde handiak daude herrialdeen artean. Ipar Europan, Kanadan eta Herbehereetan, adibidez, abantaila hori nahiko urria da. Espainian edo Italian, berriz, jatorrizko familiak gizarte-mugikortasunean duen eragina askoz ere nabarmenagoa da, eta hezkuntza-maila altuko eta baxuko gurasoen seme-alaben mugikortasun-aukerak oso txikiak dira.

Ikerketa hauek ez digute esaten zeintzuk diren mugikortasun hori bizkortzeko tresna eraginkorrenak. Argi adierazten dute, ordea, ezinbestekoa dela —hasieran aipatutako itun hori bete nahi bada— hainbat neurri hartzea aukera berdintasuna bermatzeko; bereziki, baina ez bakarrik, hezkuntza arloan. Frantzian eta Erresuma Batuan, esaterako, egoera honi buelta emateko neurri eta estrategia zehatzak jarri dira abian. Ez legoke gaizki gure artean ere bide horri jarraitzea, aukerak ezin badira berdindu, bizi-baldintzak, errenta eta aberastasuna berdindu beharko baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.