Ernairen aurkako ikerketa. Gorroto delitua. Aratz Estonba. Abokatua

«Bazterketa jasan dezaketen taldeak babesteko sortu da»

Aurretik ere gorrotoa bultzatzea delitu gisa jasotzen zen arren, 2015eko Zigor Kodean jaso zen gorroto delitua. Xedea da gizarte talde jakin batzuk babestea. Estonbak argi du fiskalak ez duela aintzat hartuko eskaera.

EIDER GOENAGA.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gorroto delituaren inguruko eztabaida juridiko sakona dago, eta gai konplexua da berez. Dena den, Aratz Estonba Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak taldeko ordezkariak (Donostia, 1979) argi du Jaurlaritzak fiskalari bidalitako eskaera «inondik ere ez» dela sartzen delitu horren eremuan. «Uste dut badakitela zer gertatuko den». Auzitegietatik at, gizarteko eztabaida baldintzatu nahi duela uste du.

Zer helbururekin sortu zen gorroto delitua?

Haien aurkako jarrera erasokorren aurrean, pertsona edo talde jakinak babesteko helburuarekin sortu zen. Norbanakoarengandik haraindi doan delitua da. Pertsona hori partaide den taldearekiko diskriminazio joera zigortzen du.

Zein da delituaren jatorria?

Oso lotuta dago Alemaniako holokaustoa ukatzearekin eta Hirugarren Reich-aren gorazarrea egitearekin. 1995eko Zigor Kodean gorrotoa bultzatzea delitu gisa jaso zen, baina, espresuki, 2015eko erreforma sakonean jaso zen gorroto delitua bere horretan. Europako Batasuneko estandarrak eta nazioarteko adierazpenek Espainiako Estatua behartzen dute delitu hori legedian jasotzera. Gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak genozidioaren ukapena zigortu zuen, eta horrek garapena eskatzen zuen.

Legeak zer irizpide hartzen ditu aintzat?

Delitua oso argia da. Zuzenean edo zeharka talde baten aurkako gorrotoa, aurkakotasuna edo indarkeria zigortzen du arrazoi arrazistengatik, motibazio antisemitagatik, ideologikoengatik, sinesmen kontuengatik, etnia baten partaide izateagatik, identitate sexualarengatik, generoarengatik, gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik. Zerrenda oso argia da.

Babestu beharreko talde horien definizioan, edozein gizarte talde sar daiteke?

Ez, funtsean bazterketa jasan dezaketen taldeak babesten ditu. Paralelismo bat egin dezakegu genero indarkeriaren aurkako legediaren garapenarekin. Zigor Kodean, bikote harreman baten barruan, gizonezko edo emakumezko baten kontrako erasoak diferente zigortzen dira. Guztiok gara berdinak legearen aurrean, baina, abiapuntu desberdin batetik abiatzeak eskatzen du desoreka jasaten dutenei babes berezia ematea.

Ertzaintza babesteko ez al dago beste figura juridikorik?

Bai, delitu mota bat dago, oso argia: agintaritzaren aurkako delitua. Polizia edo agintari bati bere egitekoak betetzen ari den bitartean eraso eginez gero, zigor jakin bat ezartzen da. Beste kontu bat da Josu Erkorekak [Herrizaingo sailburuak] gustuko duen edo ez, baina hori beste eztabaida bat da. Epaitegietan, herri mugimenduarekin lanean gabiltzanok kokoteraino gaude delitu horrekin borrokatu behar izateaz. Protesta bat dagoen bakoitzean, bultzada bat edo dena delakoa dagoenean, agintaritzaren aurkako delitua leporatzen dute automatikoki.

Gorroto delituaz gero eta gehiago entzuten da, baina oso sententzia gutxi daude. Zergatik?

Ez dago kontzientziarik sistema judizialean behintzat gorroto delituen babes funtzio horren inguruan. Ez da serio hartzen delitu horren garapenak egoera orekatzea ekar dezakeela.

Txosten akademiko batean aipatzen zen poliziek ere ez dutela aintzat hartzen txostenetan.

Formakuntza falta izugarria da, baina ez soilik Poliziarena, baita abokatuona ere. Zenbat urte behar izan dira indarkeria matxistaren arloan aurrera egin zedin...

Ez al du egoera nahasten sortzez horretarako helburua ez duen delitu bat ikertzeko eskatzeak?

Borroka ideologikoaren eremuan sartzen da. Duela urte askotatik hona, poliziaren inpunitate eremuak zabaltzeko joera dago. Poliziaren barruan dauden taldeak izugarrizko presioa egiten ari dira haien inpunitatea gehiago zabaltzeko. Ez da kasualitatea. Poliziaren jokabide oldarkorrak gora egin du, eta, orain, hau dator.

Talde sozial jakin horiek babesteko orduan, eztabaida juridikoa dago gizarte talde horien aurkako gorroto mezuak zenbateraino mugatu behar diren eta noraino egiten den talka adierazpen askatasunarekin.

Oso gai konplexua da. Oso arriskutsua da talde bateko kide izate hutsagatik norbaiten eskubideak deuseztatu nahi dituztenen mezuei bide ematea. Beti jotzen dugu Hitlerren Alemaniaren adibidera, baina ikusi dugu frankismoan zer gertatu zen. Eztabaida asko dago horren inguruan, baina ni faxistei hitza ez ematearen aldekoa naiz.

Eta parekatu daiteke ezbai juridiko hori, Jaurlaritzak egindako eskaerarekin?

Ez. Lehenik eta behin, frogatu beharko dute pintaketak, kartelak eta abar kanpaina beraren ondorio direla. Bestetik, Egin zaitez artzain eta ez ertzain kanpainak polizia ereduaren kritika egiten du. Jendarteak aurrera egiteko kritika eta adierazpen askatasuna behar dira. Kanpainak sistema bera kritikatzen du, eta hura debekatzea autoritarismoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.