Hondarribiko alardea

Politikariak ez dira batu alardean irteteko «eskubidea» defendatzeko

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk mozio bat itundu dute andreen eskubidea gogoan hartuta, baina ez dute erakarri PSE. EAJk ordezko bat egin du: «elkarrizketa» aipatu du, «berdintasunik» ez

Jaizkibel konpainiaren desfilea, aurten. IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Hondarribitik heldu diren azken mezuek (Gipuzkoa), alegia, alarde ez-parekidearen inguruko hainbat gaztek emakumeek desfilean parte hartzeko «eskubide osoa» dutela adieraziz plazaratu berri duten mezuak, bi hamarkada pasatxo daramatzan gatazka hori konpontzeko bidean dagoen esperantza piztu du, eta pentsarazi du, gainera, konponbiderako urratsak egingo direla emakumeek alardean —beste edozein jardueratan bezala— gizonen pare irteteko duten eskubidea aintzakotzat hartuta: hori gauzatzeko bideak garatuta. Atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek horixe eskatuz aurkeztu zuten mozioak, ordea, ez zuen aurrera egin, eta argi geratu ziren gaiaren inguruan oraindik dauden ikuspegi arrunt ezberdinak. Bi talde politikoek hitzartu zuten testuan jartzen du konponbidea bilatzeko egin beharreko urratsetan andreek festan parte hartzeko duten «eskubidea» hartu behar dela ardatz, eta EH Bilduko batzarkide Amaia Azkueren arabera, hortxe jarri zieten PSE-EEko kideek eragozpena. Hain justu, talde horrek aurkeztutako ordezko testuan aipatzen da berdintasuna hitza, baina puntuetako bakar batean ere ez da ageri eskubidea.

Bestelakoa izan zen EAJk aurkeztutako zuzenketa. Emakumeen parte hartzeko eskubiderik ez da aipatzen. «Elkarrizketa» sustatu behar dela dio testuak: errepikakor. «Hiru puntu ditu testuak; hiruretan agertzen da elkarrizketa hitza. Orain hori da garrantzitsuena: denon arteko elkarrizketa», azaldu zuen Maije Zelaia batzarkideak. Eta, azkenean, ia batere adostasunik gabe amaitu zuten gaiari buruzko eztabaida. Testu guztiak geratu ziren aski babesik gabe. Soilik PSE-EEren zuzenketan agertzen zen puntu batek lortu zuen gehiengoaren babesa; mozioa puntuka bozkatzen bazen, testuaren hirugarren puntuari atxikimendua erakutsiko ziotela esan zuten jeltzaleek. Horrek bakarrik egin zuen aurrera. «Elkarrizketa» du hizpide, horretan egin diren urratsetan «lanean» segitzeko.

«Pena» adierazi zuten EH Bilduko ordezkariek harago egiterik lortu ez zelako. «Tentsioa jaisteko asmoarekin ibili zarete azken urteotan: ez da nahikoa», esan zien Amaia Azkue batzarkideak foru gobernuko buruzagiei. Auzian esku hartu behar dutela oroitarazi zien. «Galdera oso sinplea da: berdintasunaren alde egiteko prest al daude aldundia eta ahaldun nagusia?». Elkarrekin Podemoseko ordezkari Marivi Eizagirre antzera solastatu zen, eta Jaizkibel konpainiaren jarduna —parekide bakarra da, aldarri parekidearen sustatzailea— goraipatzeko eskatu zuen: «Jaizkibel tradizioaren parte da. 25 urte daramatza hori eskatzen, eta ez zaio onartzen; hori diskriminazioa da, instituzioen abaroan egindako diskriminazioa». Horregatik, jarduteko modu hori gainditu, eta norabide aldaketa egiteko eskatu zuen: «Aldundi honek ez dio berdintasun printzipioari babesa argi adierazi, eta tradizio ororen gainetik egon beharko luke».

Maije Zelaiak, aldiz, urteotan alardeen auzia bideratze aldera egin den lan instituzionala goratu egin behar dela defendatu zuen. Areago, aurreko legealdian —EH Bildu agintean zela— lanari ekiteko ipini ziren oinarriak zein izan ziren zehaztu gabe, esan zuen 2018a izan zela konponbidean urratsak egiteko «inflexio» puntua. Urte horretan aparteko gogortasuna izan zuten Jaizkibel konpainiaren kontrako arbuio keinuek, eta ozendu egin ziren auzian esku hartzeko eskeak. Urrats erabakigarriak egin direla esan zuen. «Esaterako, aldundiarentzat ezinbestekoa zen udala inplikatzea, gidari izatea; lortu da». Hondarribiko alkatea beti izan da alarde baztertzailearen aldekoa, eta publikoki inoiz ez dio atxikimendurik azaldu Jaizkibeli, baina jeltzaleen aburuz, hor dago konponbiderako gakoa. «Mugimenduak badira; gauzak aldatzen hasi dira. Prozesua martxan da, modu diskretu batean». Jenny Pearce bitartekariak azken hilabeteotan egin duen lana ere nabarmendu zuen.

PSEko ordezkari Petri Romerok «berdintasun eskubidea» hizpide izan zuen haren hitzartzean, aurkeztu zuten zuzenketan ez bezala. Andreen aldarria aitzakiarik gabea dela onartu zuen: «Ezin da ulertu ukaziorako motibo izatea andre batzuek jai batean parte hartu nahi izatea».

Oihana Etxebarrieta: «Parekidetasunaren aldeko keinuak ugaritzen dira urtero»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.