Hondarribiko alardea. Oihana Etxebarrieta. Jaizkibel konpainiako kapitaina

«Parekidetasunaren aldeko keinuak ugaritzen dira urtero»

Itxaropena piztu du alarde baztertzailearen aldeko zenbait gaztek sinatutako agiriak. Jaizkibeleko Oihana Etxebarrietaren ustez, azken urteetako «bilakaera historikoaren» ondorio da manifestua.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Zerbait aldatu da Hondarribiko alardearen auzian. Emakumeek parte hartzeko duten eskubidearen alde azaldu dira alarde «tradizionalaren» inguruko zenbait pertsona. Jaizkibel konpainiako kapitain Oihana Etxebarrieta (Hondarribia, Gipuzkoa, 1987) pozik dago, «herriko pluraltasunaren isla» delakoan.

Zer iritzi duzu alarde baztertzailearen aldeko gazte batzuek kaleratutako idazkiaz?

Jaizkibelentzat albiste pozgarria da, guztion alardearen bidean aurrera urrats bat delako. Horrez gain, pertsonalki, oso keinu hunkigarria izan da niretzat, sinatzaileak nire adin bertsukoak direlako, edo gazteagoak; lagunak edo ezagunak dira horietako asko.

Belaunaldi aldaketa faktore erabakigarria da jarrerak hurbiltzeko tenorean?

Baietz uste dut. Herriko gazteen artean, oso zaila da Jaizkibelekin ateratzen den pertsonarik ez duen kuadrillaren bat aurkitzea. Gaur egun, ohikoak dira nahasketa eta ezberdinen arteko harremanak. Jaizkibelek espazioak irabazi ditu pixkanaka, eta horren ondorio nagusia da alde bateko zein besteko jendea elkartzen dela, hitz egiten duela eta analisi partekatuak egiten dituela. Hortaz, herrian ditugun harremanen isla da gazte talde horrek kaleratu duen manifestua.

Izan ere, agirian islatzen den jarrera hori ez da ezerezetik sortu, ezta? Bilakaera baten ondorio ere bada.

Bai. Urtetik urtera, ugaritu egin dira alarde parekide baten aldeko keinuak: gero eta jende gehiagok parte hartzen du Jaizkibelen desfilean, gehiago dira, halaber, begiratzen eta txalotzen gaituztenak... Gauza bat da kale nagusian gertatzen diren istiluak eta askatasunaren aurkako erasoak; baina oso bestelakoa da herrian urtean zehar daukagun harremana. Garai bateko alardeetan, esaterako, Jaizkibelekook ez ginen ausartzen konpainiaren jantziekin kalera ateratzera ere: etxe batean elkartzen ginen denak, arropaz aldatu eta kalera ateratzen ginen. Orain, aldiz, arazorik gabe ibiltzen gara: kolore bateko zein besteko zapiak ikusten ditugu elkarrekin solasean ari diren pertsonen artean, txapel gorriak eta beltzak nahasten dira kaleetan...

Urteetan eginiko pedagogia lanaren fruitua da hori?

Jaizkibelen beti saiatu gara argudio faltsuak eta gezurrak desmuntatzen, jendeari erakutsi diogu nortzuk garen eta zer egiten dugun, eta, apaltasunetik, lan horrek eragina izan du. Jendeak ikusi du beste konpainia bat garela, eta egiten dugun bakarra dela musika jotzea, desfilatzea eta gure herriko festetan gozatzea. Parekidetasunez, baina gozatzea.

Ikuspuntu hori, baina, ez da Alarde fundazioarena...

Orain arte, Alarde fundaziokoak ez dira gai izan errealitateari zuzenean begiratzeko, ezta euren aldeko jende askok esaten diena entzuteko ere. Horren erakusle dira manifestua sinatu duten pertsona guztiak. Jendeak, finean, bestelako gogoeta egiten du alardearen inguruan. Eta, bilakaera horren aurrean, zein izan da fundaziokoek erakutsi duten jarrera? Inposizioak ezartzea, arauak zorroztea eta Jaizkibelekiko harremanak gehiago gogortzea. Era horretan, bizkarra eman diete euren taldeko askori ere. Anakronismo hutsa da.

Gatazka enkistatzea ekarri du jarrera horrek?

Orain arte, gatazkaren ikuspuntu zehatz bat inposatu nahi izan digute. Horren arabera, auziaren oinarrian dago bi alde monolitiko eta itxiren arteko eztabaida, besterik ez. Ikuspegi sinplista hori deuseztatu behar dugu: hau ez da Alarde fundazioaren eta Jaizkibelen arteko ika-mika. Hau da herriak eztabaidatu eta konpondu beharreko zerbait, eta, herrian, iritzi eta jarrera ugari daude. Alarde fundazioak ezin du herriaren iritzia ordezkatu, eurena ez baita alardea ikusteko modu bakarra. Ez. Herria askoz pluralagoa da, eta auzia konpondu nahi badugu, aintzat hartu beharko dugu hori ere, herritarren parte hartzea bermatuz. Horregatik, guretzat oso pozgarria da ñabardurak azaleratzen hastea. Idazkia sinatu duten gazteei eskua luzatu diegu jada hitz egiten hasteko eta parte hartzea sustatzeko.

Edukiarekin bat eginik ere manifestua sinatzera ausartu ez diren pertsonak aipatzen dira gazte talde horren testuan. Nola hasi beldurra eraisten?

Orain egin duten bide beretik, hain zuzen. Elkartasunez. Elkarri entzuteko errespetua eta besteak ez epaitzeko borondatea erakutsiz. Beldurrari aurre egiteko tresna da elkarrekin gaudela sentitzea eta ulertuko gaituen norbait alboan dugula jakitea.

Hondarribiko Udalak adierazi du «errespetuz» hartu duela idazkia, baina ez du konpromisorik agertu. Gizartearen atzetik doa administrazioa?

Oso atzetik, bai. Halako manifestu bati errespetua adieraztea eta ezer ez esatea gauza bera da. Zer esan behar zuten bada, erabakia ez dutela errespetatzen? Horixe besterik ez genuen falta! Gakoa da jakitea udalak zer egingo duen aurrerantzean: elkarrizketen sustatzaile den neurrian, prest dago eskaera hori aintzat hartzeko eta bestelako jarreren parte hartzea sustatzeko? Hori argitu beharko luke udalak.

Eta aurrerantzean, zer?

Tanta bakoitzak laguntzen du olatua sortzen, eta argi dago berdintasunaren olatua geldiezina dela. Euskal Herriko hamaika tokitan ikusi ditugu ereduak, eta uste dut jarrera honek segida izango duela Hondarribian ere. Manifestuaren sinatzaileek gutuna helarazi diote Alarde fundazioari, eta orain haiei dagokie hurrengo fitxa mugitzea.

Politikariak ez dira batu alardean irteteko «eskubidea» defendatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.