Albistea entzun

Pertsona bat hil da, eta 184 artatu dituzte bero oldearen ondorioz

Jaurlaritzaren arabera, Amoroton zendu da gizona, beroak jota. Hiru baso sute itzali dituzte
Ekaineko bero oldearen eraginez, tenperaturak gora egin du Bilbon.
Ekaineko bero oldearen eraginez, tenperaturak gora egin du Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2022ko uztailak 20

Amoroton (Bizkaia) pertsona batek bizia galdu zuen astelehenean, bero oldeak Euskal Herrian utzi zituen tenperatura altuak direla eta. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu zuen ezbeharra atzo, Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.

Bestalde, Osakidetzak beroaldiko hiru egunik larrienetan —larunbata, igandea eta astelehena— tenperatura altuekin zerikusia zuten 184 larrialdi dei jaso zituen: 27 Araban, 104 Bizkaian eta 53 Gipuzkoan. Horietatik 83 pertsona ospitaleetan artatu behar izan zituzten, eta 23 bestelako osasun zentroetan. Gainontzekoak ez zituzten lekuz aldatu behar izan.

Nahiz eta tenperaturarik altuenak astelehenean erregistratu ziren, igandean hartu behar izan zituzten pertsona gehien, astelehen arratsaldean tenperaturak nabarmen jaitsi baitziren. Larunbatean 33 pertsonak jaso zuten arta, igandean 45ek, eta astelehenean 35ek.

Lurraldeei dagokionez, Bizkaiko ospitaleetan artatu zituzten pertsona gehienak, 48. Gipuzkoako ospitaleetan hemeretzi pertsona hartu zituzten, eta Arabakoetan, berriz, hamabost.

Zupiriaren esanetan, joan den asteko bero oldea azken urteetako «luzeena eta gogorrena» izan da, eta nahiz eta tenperaturak jaitsi egin diren eta are gehiago jaitsiko diren, aurrerantzean ere Osakidetzaren gomendioei kasu egiteko eskatu die herritarrei.

Ondorengoak dira bero oldeari aurre egiteko gomendiorik garrantzitsuenak: ur asko edatea, kafeina duten edariak ez hartzea, barazki eta fruta gehiago jatea, gantz gehiegi duten jakiak ez jatea, pertsianak jaistea, gorputza freskatzea, kalean eguzkipean denbora asko ez ematea, eta berorik handiena egiten duenean esfortzu fisiko handirik ez egitea.

Sute txiki ugari

Azken asteetan piztutako hainbat suteren berri eman dute Hego Euskal Herriko agintariek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 38 sute erregistratu zituzten uztailaren 11 eta 15 bitartean; horietako hamabi «sute larri» gisa izendatu ditu Zupiriak: «Gehienak Araban izan dira, eta bost egunetan guztira 300 hektarea erre dira herrialde horretan». Hala, Barrundia, Mendoza, Erribera Garaia eta Gasteiz inguruko basoak izan dira gehien kaltetutako eremuak.

Bestalde, joan den larunbatetik astelehenera, beste lau sute erregistratu zituzten; larunbatean Gaubean (Araba), igandean Gasteizen eta Arrigorriagan (Bizkaian), eta astelehenean Bilbon.

Sute horietako hiru aztertzen ari direla adierazi du Zupiriak; izan ere, haren esanetan, laborantza lanekin zerikusia duten eta «saihestu zitezkeen» kasuak izan daitezke, eta, ikerketa amaitu ostean nahita piztuak izan zirela ebazten badute, zigorrak jarriko dituztela gehitu du.

Nafarroan, lau baso sute piztu ziren, Areson, Leitzan, Artaitzen eta Etxabakoitzen (Iruñea). Aresokoa izan zen larriena, baina ordu gutxitan Leitzako eta Cordovillako suhiltzaileek kontrolpean hartzea lortu zuten. Leitzan, borda batek sua hartu zuen atzo goizean, baina suhiltzaileek berehala itzaltzea lortu zuten. Artaizko sutea labore lur batean piztu zen, atzo goizean, baina aurrekoekin gertatu moduan, azkar kontrolatu zuten. Etxabakoitzen, uztatu gabeko soro batean piztu zen herenegun.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziak, gaur goizean, Getxoko Itzubaltzeta auzoan. ©Marisol Ramirez / FOKU

Getxoko Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxea hustear da Ertzaintza

Berria

Hainbat lagun bertaratu dira hustu ez dezaten exijitzera. Espazio hori erretiratuentzako eremu bat da egun, eta euskaltegi bat ere badu.

Indarkeia matxistaren aurkako protesta bat, Getxon, artxiboko irudian ©berria

Algortako mugimendu feministako bi kide ikertzen ari dira desobedientzia delitu larriagatik

Irati Urdalleta Lete

Algortako Portu Zaharreko jaietan ziztatu egin zutela salatu du neska batek. Ertzaintzaren arabera, ez zioten utzi neska artatzen; mugimendu feministako kideek ziurtatu dute ertzainekin adostu zutela nola jokatu. Prentsaurrekoa egingo dute 18:00etan; herritarrei bertaratzeko eskatu diete.

Osasun langile bat koronabirusa antzemateko test bat egiten, Nafarroan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Koronabirus datuek hobera egiten jarraitzen dute Nafarroan

Iñaut Matauko Rada

Azken astean 353 kasu positibo antzeman dituzte, joan den astean baino %52 gutxiago. Lau astez jarraian behera egin du intzidentzia metatuak.

Bilboko konpartsek egindako agerraldia, atzo. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...