Albistea entzun

Garamendik ez ditu azaldu Etika Publikoko Batzordearen filtrazioak

Sailburuak argudiatu du legeak debekatzen diola auziaz jendaurrean hitz egitea. Ate birakariez galdetu dute
Olatz Garamendi, atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Olatz Garamendi, atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2023ko martxoak 18

Ate birakarien auzia eta, oro har, Etika Publikorako Batzordearen jarduera eztabaidagai izan ziren atzo Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta oposizioko taldeek zenbait galdera egin zituzten horren inguruan. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronak batzordean izandako filtrazioen auziaz galdetu zion Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendiri. Sailburuak erantzun zion batzordeko kideek betebeharra dutela han jorratzen duten informazioa sekretupean gordetzeko eta, beraz, legeak galarazten diola jendaurrean horretaz hitz egitea.

Hain zuzen ere, informazioa sekretupean gordetzeko betebehar hori urratu izana leporatu zion EH Bilduk batzordeari joan den astean. Koalizioak esan zuenez, duela zenbait hilabete Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak Garraio Plangintzako zuzendari Ivan Pedreiraren kasua eraman zuen Etika Batzordera, eta ondoren Pedreiraren abokatuaren mezu elektroniko bat jaso zuen, nahiz eta teorian batzordeko kideek baino ezin zuten jakin hura izan zela salatzailea.

Estarronak uste du gertatutakoa «larria eta onartezina» dela, eta Garamendiri leporatu dio «ezer egin ez izana» mehatxuen harira, «hasiera-hasieratik izan arren horren jakitun»; izan ere, abokatuak Garamendiri ere igorri zion mezua kopian. Zenbait galdera egin zizkion atzoko saioan: «Espero dut filtrazioa zeuk egin ez izana, baina batzordea osatzen duten gainerako lauretatik nor izan da? Lehenago ere filtraziorik egon da? Pentsatu duzu honen harira zerbait egitea? Eta gertatutakoaren ostean, nor ausartuko da ordezkari publiko baten jokabidea salatzera?».

Garamendik erantzun zion beti saiatu dela «zorroztasun juridikoz eta gardentasunez» jokatzen, eta Estarronak aipatutako gaiak jorratu dituztela batzordean, baina legeak galarazten diola horretaz adierazpenak egitea. «Gauzak nahastea» eta «funtzionario publikoen jarduera susmopean jartzea» leporatu zion Estarronari.

«Susmo arrazoituak»

Oposizioko beste taldeek ere galdetu zuten batzordearen jardueraz, bereziki ate birakarien auziari lotuta. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Miren Gorrotxategik gogorarazi zuen batzordeak orain arteko bere jardunean oso gutxitan egin dituela ordezkari publikoen jokabidea txarretsi duten ebazpenak. «Hala ere, susmo arrazoituak daude ate birakariak zabalik daudela pentsatzeko», erantsi zuen.

Gorrotxategiri Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun zion. Haren ustez, kargudun publikoen interesen kontra hain ebazpen gutxi egin izanak erakusten du «ordezkari gehien-gehienak zintzotasunaren eta gobernantza onaren irizpideen arabera» aritzen direla.

PP-C's taldeko Jose Manuel Gilek, berriz, «eskandalutzat» jo zuen enpresa pribatuetan lanean hasi diren bost kargudun ohien auzia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Aldaketak eragiteko motorra izateko gaitasuna dugu»

Iosu Alberdi

Apirilaren 6tik 9ra egingo du Ernaik Gazte Topagunea, Elorrion. Ekitaldiaren nondik norakoez zein gazte antolakundearen hamar urteko ibilbideaz eta erronkez aritu da Alaba.
Iñigo Urkullu, gaur, Eusko Legebiltzarrean. / ©Raul Bogajo, FOKU

Urkulluk barkamena eskatu die Pasaiako sarraskiko biktimen senideei

Jon Ordoñez Garmendia

EHUk 2020an hilketa horien inguruan egin zuen txostena «lehenago eta aurrez aurre» ez emateagatik eta ekitaldi publiko batean ez aurkezteagatik autokritika egiteko beharra aitortu du. Txostenarekin gertatutakoa «kudeaketa negargarri, mingarri eta krudel baten azken atala» izan dela adierazi du Pello Aizpuru Pasaiako sarraskiko biktimetako baten senideak.

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Euskal Herria asimilazio prozesu betean dago»

Gotzon Hermosilla

Aurten ere Gernikan egingo ditu Jardunek Aberri Eguneko ekitaldiak. Haien ustez, «Euskal Herriak pairatzen dituen zapalkuntza guztiak gainditzeko» beharrezkoa da «proposamen politiko bat» eraikitzea.
ELAko kideak, atzo, Altsasun. ©ELA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.