Eskolen erdiak hurbildu dira dagokien zaurgarritasun indizera

Bildarratzek Eusko Legebiltzarrean esan du ikasleen %15 direla «zaurgarriak». Umeen %94 aukeraturiko lehen eskolan sartu dira

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea, atzoko bileran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Desegregazioa». Horixe da hezkuntzan dituzten lehentasunetako bat, Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren hitzetan. Ildo horretatik, zenbait neurri jarri dituzte martxan 2023-2024ko ikasturteko matrikulaziorako, eta, behin betiko zerrendak eskuan, Bildarratzek agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Egindako aldaketek ekarritako emaitzak nabarmendu zituen: sailburuaren esanetan, ikastetxeen %50,8 beren eragin eremuari dagokion zaurgarritasun indizera hurbildu dira. «Lehen pausoa» dela azpimarratu du Bildarratzek, eta «progresiboki» bidea urratzen jarraitzeko asmoa dutela.

Eskola segregazioari aurre egin asmoz, 2 urteko umeen geletatik hasita, Jaurlaritzak 2023-2024ko matrikulaziorako aldaketak egin ditu zonifikazioan, eskaintzaren plangintzan eta lekuen erreserban, besteak beste. Hasteko, familiei galdetegi bat bidali zien, eta horren arabera zehaztu du ikasle bat «zaurgarria» den ala ez. Gainera, medikuaren diagnostikoren bat dutenak ere aintzat hartu ditu —85 kasu egon dira—. Hala, Jaurlaritzak ebatzi du 2 urtekoen geletan matrikulatutako 11.969 ikasleetatik %15,4 direla «zaurgarriak»: Araban ikasleen %20,4 dira; Gipuzkoan, %14,6; eta Bizkaian, %14,4. Hiriburuen artean, berriz, ehuneko handiena Gasteizek du: ikasleen %19,9 dira «zaurgarriak».

Hori kontuan hartuta, zehaztu dute zenbatekoa den eragin eremu bakoitzeko zaurgarritasun indizea, eta ikastetxeak horra hurreratzea izan dute xede, «ikasle zaurgarrientzako» lekuak gordearazita. Bildarratzen datuen arabera, izena eman zitekeen 514 ikastetxeetatik %50,8 beren eragin eremuari dagokion zaurgarritasun indizera gerturatu dira; %31,1ean ez dute esku hartzerik egin behar izan, eragin eremuko zentro bakarra delako edo «gutxieneko doikuntzak» soilik egin behar zirelako; eskolen %14,8tan zaurgarritasun indizea ez da aldatu; eta %3,3 lortu beharreko zaurgarritasun indizetik urrundu egin dira.

Azaldu du matrikulazioan Hezkuntza Sailak kontuan izan dituela zenbait «egoera berezi». Batetik, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei —diagnostiko medikoa duten 85ei— nahi duten ikastetxean egin diete lekua. Bestetik, neba-arrebak ikastetxe batean dituzten 2 urteko umeen kasuan, hasieran lekurik ez lortu arren, ikastetxe horietan sartu ahal izan dituzte azkenean. Horretarako, eskola horietarako planifikatutako leku kopurua areagotu egin dute, baina ez dute beste talderik sortu. Horrelako hamasei kasu egon dira.

Sareari dagokionez, hasieran, 6.384 ikasle matrikulatu ziren sare publikoan (%53,3), eta 5.585itunpekoan (—46,6).Aldaketen ostean, baina, sailburuak esan duenez, ikastetxe publikoek hasieran baino 82 ikasle gehiago jasoko dituzte. Halaber, Bildarratzek iragarri du «hausnarketa estrategiko bat» egingo dutela etorkizunean ikastetxe publikoek eduki beharko duten tamainaren inguruan, «kalitatezkoak, bideragarriak eta iraunkorrak» izan daitezen.

%68,9tan baremazioa

Neurri berriak martxan jarrita, baremazioak ere ugaritu egin dira. Alegia, eskola batzuetan puntu gehien dituzten ikasleak sartu dira, eta gutxiago dituztenak kanpoan geratu dira: ikastetxeen %68,9tan barematu egin behar izan dute. Dena den, aldaketak aldaketa, sailburuaren datuen arabera, 2 urteko haur gehienek, %94,1ek, matrikulatzerakoan aukeratutako lehen ikastetxean ikasiko dute; %3,8 familiek hautatu duten beste zentro batera bideratu dituzte; eta %2ri sendiak eskatu ez duen eskola bat esleitu die Hezkuntza Sailak.

Ohiko matrikulazioarekin bezalatsu arituko dira matrikula biziarekin ere —ikasturtea hasita dagoela iristen diren ikasleak—, Bildarratzek azaldu duenez. Ikasleak «modu orekatuan» banatzea izango dute irizpidetzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.