Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak prebentzio ikastaro bat egingo du begiraleentzat

Jaurlaritzak 'online' bidez egingo du ikastaroa, eta adierazi du 3.000 toki eskainiko dituela. Ohiko edukiaren %60 onartuko da egingo diren jardueretan. Iruñean eta Bilbon hiri udalekuak egingo dituzte

Euskarabentura espedizioko parte hartzaileak iaz. JUNE PRIETO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Udan, haur eta gazteen aisialdiko jarduerei berriz ekitea arautzen duen agindua sinatu du Eusko Jaurlaritzak. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako begiraleek prebentziorako ikastaro bat egin beharko dutela: «Monitoreei prestakuntza berezia eta eguneratua emango zaie COVID-19aren aurreko prebentzioaren eta babesaren inguruan». Horretarako, online bidezko prestakuntza ikastaro bat egingo da; izena emateko epea jada zabalik dago, eta 3.000 plaza eskainiko dituzte.

Eguneko udalekuak eta gaua pasatzekoak egiteko aukera egongo da, baina horietan neurriak hartzea «ezinbestekoa» izango dela ohartarazi du Artolazabalek. Parte hartzaileen kopuruari dagokionez, ohiko edukiaren %60 onartuko da, besteak beste. Jarduerak egin bitartean, berriz, parte hartzaileak, gehienez, hamabost pertsonako taldeetan banatutako dira, begiraleak barne. Are, jantokiak irekitzeko aukera ere eman dute, baina edukiera mugatuarekin eta bi metroko distantzia mantenduta. Gaua igarotzea posible den udalekuetan aurreko arauez gain, lo egiteko neurriak ere gogoan hartu beharko dira. Esate baterako, ohatzeak egonez gero, pertsona bakarrak egin ahalko du lo horietako bakoitzean. Kanpin dendetan ere berdintsu; pertsona bakarra denda bakoitzeko, alegia.

Osasun egoerak iraun bitartean erakundeek eta elkarteek egindako lana goraipatu du Artolazabalek: «Aisiako eta astialdiko mugimenduaren bidez egiten ari diren inplikazioa eta hezkuntza lana funtsezkoa izaten ari da ume eta gazte askoren garapenerako». Gehitu du arauak ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, udalen sareek eta aisialdiko erakundeek egindako ekarpenetatik osatu dituztela, betiere Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak ezarritako protokoloak oinarri hartuta.

Hiri udalekuak

Iruñeko Udalak udalekuak egingo dituela jakinarazi du. Haren arabera, «kontziliazioan laguntzea eta haurren eta nerabeen jolaserako eskubidea babestea» da helburua. Horretarako, lau eskola jarri dituzte, eta haietako bakoitzean egunero ehun toki eskainiko dira. Iruñeko EH Bilduk ez du begi onez ikusi erabakia: «Benetako arduragabekeria da udarako hiri kolonien programa bat iragartzea koloniak nor artatuko dituen jakin gabe». Gaineratu du ez duela oinarri teknikorik, eta erabaki politiko bat dela.

Bilbok ere udalekuak antolatuko ditu, erakunde pribatuekin eta gizarte eta hezkuntza arloko erakundeekin elkarlanean. 4.000 plaza inguru eskaini dira, 6 eta 18 urte arteko umeentzat eta gazteentzat. Horretarako hiru aukera egongo dira: Goizeko udalekuak, Eskaut uda Bilbon eta Gaztekluba Uda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.