Gasteizen gasa bilatzeko zundaketa bat baimendu du Espainiako Gobernuak

'Armentia 2' izeneko putzuak ingurumenean izango duen eraginari buruzko txostena aldekoa izan da
Berriztu plataformak 2018an aurkeztu zituen Armentia 2 proiektuaren kontrako helegiteak.
Berriztu plataformak 2018an aurkeztu zituen Armentia 2 proiektuaren kontrako helegiteak. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2019ko azaroak 28
Espainiako Ingurumen Ministerioaren Bioaniztasun eta Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza Nagusiak atea ireki dio lur azpian gasa bilatzeko Armentia 2 putzuan zundaketa egiteari. Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoaren arabera, ingurumen txostena aldekoa izan da, «eragin kaltegarri esanguratsurik» ez duela eragingo iritzita. Putzua Gasteizen egin nahi dute, Subilla Gasteiz herrixkako lurretan, zehazki, 1997an Armentia 1 putzua egin zuten lekutik oso gertu. Txostenaren arabera, zundaketa hartan frogatu zen leku hartan gasa zegoela, eta «ingurumenari aparteko kalterik eragin gabe» egin zela.

SHESA hidrokarburoen sozietate publikoak egingo du zundaketa. Txostenean agertzen denez, baztertu egin dute zundaketan fracking edo haustura hidraulikoko teknikak erabiltzea, eta «30 gradu makurtutako zulo bat egitea» hobetsi dute. Txostenean nabarmendu dute inguru hori lehenagotik ere «gizakien eraginez eraldatua» izan dela, eta ez dagoela interes geologiko bereziko edo gune naturalen legediak babestutako leku batean. Ingurunea Gasteizko Mendien Parke Naturalaren egitasmoaren barnean dago, baina, txostenean zehazten denez, alderdi hori parke natural izendatzeko proposamena onartu gabe dago oraindik.

Halaber, ez dute lurrikarak sortzeko aparteko arriskurik sumatu. Ura kutsatzeko arriskua ere baztertu dute txostenean. Ekosistemari dagokionez, azterketa egin dutenek azaldu dute Zadorra ibaiaren ingurukoa dela interesgarriena, baina hura zundaketa egin asmo duten lekutik kilometro batera dagoenez, ez dute uste kalterik sortuko denik.

Zundaketa Gasteizko Udalaren Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrarekin bateragarria ote den ere aztertu dute txostenean, baina horren inguruan ez dute ondorio argirik atera. Txostenean agertzen denez, hori «administrazio auzia» da, eta epaileei dagokie horren inguruan ebaztea.

Egitasmoari ekiteko baimena eman arren, zundaketak bete beharreko baldintzak ere zerrendatu ditu Espainiako Ingurumen Ministerioak, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenean. SHESA sozietate publikoak derrigorrezko baimen guztiak aurkeztu beharko ditu, eta legeak ezartzen dituen segurtasun neurriak eta hondakinak kudeatzekoak hartu behar ditu.

2018an, egitasmoa aurkeztu zenean, Berriztu plataformak eta Arabako Fracking Ez plataformak helegiteak aurkeztu zizkioten SHESAk prestaturiko ingurumen txostenari. Berriztuk bere helegitearen aldeko 2.000 sinadura ere aurkeztu zituen orduan. Haien ustez, egitasmoak gabezia nabarmenak zituen, eta, gainera, ez zuten bidezko ikusten erregai fosilen aldeko hautua egitea «klima aldaketaren eta erregai fosilen agortzearen testuinguru honetan».

Eskaera Jaurlaritzari

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kritikatu egin dute Espainiako Ingurumen Ministerioaren erabakia, baina eskaera zuzenak Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Udalari egin dizkiete. EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok «oso larritzat» jo du egoera, «oraindik orain klima larrialdia aldarrikatu dugulako, eta gizarteak argi utzi duelako ez duela hidrokarburoen bidetik jo nahi». Jaurlaritzari «egitasmoa baztertzeko» eskatu dio, eta iragarri du SHESA sozietatea desegitea galdegingo dutela Eusko Legebiltzarrean.

Halaber, Oterok gogorarazi du Gasteizko Udalak baduela egitasmoa gelditzeko ahalmena, «hari dagokiolako obra eta jarduera baimenak ematea», eta erantsi du Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrak ez dituela horrelako jarduerak baimentzen.

Elkarrekin Podemosek Espainiako Kongresuan duen diputatu Juantxo Lopez de Uraldek ere egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dio Jaurlaritzari: «Erregai fosilek lur azpian jarraitu behar dute, eta energia berriztagarrien aldeko hautua egin behar da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna