Herritarrak «gero eta toleranteagoak» dira immigranteekin

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %78k uste dute immigrazioa beharrezkoa dela ekonomiarako, Ikuspegiren arabera. Kolektibo batzuen «estigmatizazioa» ez da desagertu

Errefuxiatuen aldeko manifestazio bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
«Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat immigrazioa ez da inoiz arazo izan, ezta orain ere». Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren 2021eko Barometroaren ondorio nagusienetakoa da hori. Atzo aurkeztu zituzten inkestaren emaitzak, Bilbon, eta, horiei erreparatuta, ondorio argia atera daiteke: koronabirusaren pandemiak ez du aldatu azken urteetako joera, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek gero eta jarrera «inklusiboagoa eta toleranteagoa» erakusten dute jatorri atzerritarra dutenekin. Are, tolerantzia indizea 66 puntukoa da orain, «inoizko handiena».

Azterlanaren aurkezpenean izan ziren Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Gorka Moreno EHUko Bizkaiko campuseko errektoredeordea; biek ala biek«positibotzat» jo zuten gizarteak immigrazioarekiko duen pertzepzioa. Arkaitz Fullaondo Ikuspegiko ikertzaileak xehatu zituen ikerketaren emaitzak, eta nabarmendu zuen koronabirusaren pandemiak sortutako krisiari «tolerantzia handiagoarekin» erantzun diola gizarteak. 2020. urtearekin alderatuta, gainera, gora egin du atzerritar jatorriko pertsonek ekonomian egiten duten ekarpena begi onez ikusten duten herritarren kopuruak. Hala, %78k uste dute etorkinak beharrezkoak direla ekonomiarako, eta %66k iritzi diote haiei esker ekonomiak hobera egiten duela.

Txanponaren ifrentzuan daude bizikidetza eta kultura ereduekin lotutako datuak. Ikuspegiren inkestak agerian uzten du jatorri atzerritarra duten kolektibo batzuk «estigmatizatuta» daudela oraindik; batez ere, marokoarrek, aljeriarrek eta magrebtarrek sortzen dituzte errezeloak herritarren artean. Janzkera ohituren inguruko iritziak dira horren adierazgarri: biztanleen %77k baino gehiagok ez dute ongi ikusten beste kultura eta erlijio batzuetako emakumeek burka edo nikaba erabiltzea, esaterako. Bizikidetza ereduaz galdetuta, berriz, ia hamar herritarretik zortzik uste dute etorkinen erantzukizuna dela «bertako ohituretara» egokitzea, eta %63k iritzi diote euren ohiturak albo batera utzi beharko lituzketela «bertako arauekin» gatazkan baldin badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.