Albistea entzun

ANALISIA

Euskara: errealitatea eta nahasketa

Maria Txibite, herenegun, lehendakari izendatu berritan. Azpian, Uxue Barkos lehendakari ohia.
Maria Txibite, herenegun, lehendakari izendatu berritan. Azpian, Uxue Barkos lehendakari ohia. VILLAR LOPEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko abuztuak 4

Nafarroako gobernu berriari buruzko zalantza nagusietako bat da zer jokabide hartuko ote duen euskarari dagokionez. Itunean 11 puntu orokor adostu dituzte hizkuntza politikari buruz, eta Maria Txibite lehendakariak minutu batean bukatu zituen gai horri buruzkoak inbestidura saioko hitzaldian. Aurreko legealdiko arrastoek ez dute baikortasunerako zantzurik ematen: gobernua higatzeko bide nagusia izan zen euskararen gaia —baita PSNren aldetik ere—, eta ziurra da eskuinak banderatzat hartuko duela berriro. Duda da zer egingo duten sozialistek —areago kontuan izanda zer diskurtso erabili duten orain arte—, eta bazkideek non jarriko dioten marra.

Inbestidura saioko hitzaldian egun on izan zuen euskarazko hitz bakarra Txibitek, eta bi ardatz jo zituen hizkuntza politikarako giltzarritzat: «Kontsentsua eta errealitatea». Adostasuna, euskarari buruzko akordio «soziopolitiko bat» josteko. Hori da itunaren puntuetako bat, hain justu. Oinarria argi ezarri dute: 1986ko Euskararen Legea, zonifikazioarena. Oraingoz, hori da «adostasuna», akordioak zehatz dioenez, nahiz aipatu duten «aldatzeko» aukera ere.

Eta hor dator Txibitek aipatutako bigarren ardatza: «Errealitatea». Hori izan da eskuinaren eta PSNren beraren argudioa urteotan: gehiegi egiten ari zela gobernua, «errealitatea» ikusi gabe. «Inposizioa», haien hitzez.

Hizkuntza politikari dagokionez, bi mugarri nagusi izan zituen aurreko gobernuak. Bat, Euskararen Plan Estrategikoa, gobernuaren jardun ildoak zehazteko; bestea, administrazioko dekretuen aldaketa, langile publikoen hautaketan euskarari ordura arte baino pisu handiagoa emateko.

Dekretu horiek aldatzeko aukera aipatu dute gobernu itunean, honela: «Aztertu, eta, hala badagokio, egokitu euskararen erabilera zehazteko arautegia». Zehazki, hitzeman dute urtebete baino lehen egingo dutela administrazioko dekretuen azterketa, «aldaketa» egiteko. Nahi dute «errealitate soziolinguistikoa» kontuan hartzea arau horietan.

Baina «errealitatea» zein da? Gobernuaren beraren datuak dira hauek: euskara eskakizuna duten postu gehienak hezkuntzan daude, eta hamarretik bat dira (%11); gainerako arloetan, postu publikoen %0,5etan eskatzen dute euskara. Eta euskaldunak %13 dira —16 urtetik gorakoak; gehiago izango dira datozen urteetan—. Bestela esanda: euskara eskatzen ez duen postu publiko bat dago 20 erdalduneko; eta euskara eskatzen duen postu bat 23 euskalduneko. Are, elebidunak dira nafarren %13 horiek: euskaraz bezala gaztelaniaz lan egiteko gai. Dekretuak aldatuta «aukera berdintasuna» bermatu nahi dute, gobernu itunak dioenez. Berdintasuna ez, berdinkeria da hizkuntza bat dakiena eta biak dakizkiena berdin hartzea.

Negoziazioetan aipatu dute berdinkeriarekin lotutako beste proposamen bat ere, hezkuntzari dagokiona: hizkuntza eredu desberdinetako ikasleak nahastea, erdarazko eta euskarazko adarretako neska-mutikoak nahastea. Ezkerrak eraman du gaia negoziazio mahaira. Ez du aldarri berria: 2014an, ikasleak nahastearen aldeko mozio bat onartu zuten parlamentuan, Ezkerrak bultzatuta. «Hizkuntza segregazioaz» mintzatu ziren testu hartan, eta «elkarbizitza» zuten argudio. Azkenean ez dute gobernu itunean jaso puntu hori —Geroa Baik jarri dio betoa—, baina bai beste bat: eskoletan hizkuntza eredu desberdinak ezartzea bultzatzea.

Euskarazko eredua soilik duten eskolek zer «elkarbizitza» arazo duten, ez dute horri buruzko argudiorik eman ikuspegi pedagogikotik. Eta bistakoa da kalterako neurria dela euskara ikasteari eta erabiltzeari dagokionez. Nafarroako ikasle gehienek erdara jaso dute etxean, eta ikastetxea dute euskarazko leku bakanetakoa. Azterketek erakutsi dute euskarazko eskoletako jolastokietara ere aise sartzen dela gaztelania: hizkuntza nagusia da gizartean, eta ikasle gehienen ohiko hizkuntza. Pentsa euskararen erabilera nola jaitsiko litzatekeen euskaraz ez dakiten umeekin nahasita. Berdintasunaren izenean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

BERRASMATU BEHARREKO SISTEMA

Arantxa Iraola - Garazi Aduriz

Erruz ugaritzen ari dira osasun sistema publikoan dauden arazoei buruzko berriak; izurriak zamatu egin du aurrez ere usu herren ari zen lan eredua. Populazioa zahartzen ari den neurrian, premia handitzen ari da, eta sistema berriz asmatzeko garaia da, sare publikoak sendo iraun dezan, pribatuaren itzal gero eta luzeagoaren aurrean.
 ©JON URBE / FOKU
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU
Osasun langileek antolatutako protesta bat, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Aintzat hartuak izateko bide bila

Arantxa Iraola - Garazi Aduriz

Profesional eskasiaz kexu dira agintariak usu, osasun sistemaren zailtasunez aritzean; lehen arretan izaten da arazoa sarrien. Lotuta dago lan zamarekin, antolaketa txarrarekin, prestigio urriarekin: hortxe erronkak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...