Jaurlaritzak «masiboki» bultzatu nahi du energia berriztagarria

Industriaren energia kontsumoak murrizteko, ezinbestekotzat jotzen du Madrilek bat egitea eskakizun horrekin

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, atzo. IREKIA.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Aste honetatik, indarrean dira energia aurrezteko Espainiako Gobernuak ezarritako lehen neurriak. Uda bete-betean, saltokietan eta ostalaritzan jarri dute askok arreta, baina kontsumoa murrizteak ekonomia guztiari eragingo dio. Kosta ahala kosta, Jaurlaritzak industriaren kontsumoa eraldatu nahi du, eraginkorragoak izateko eta produkzioa deskarbonizatzeko bidean. Sektore horrek kontsumitzen du gas gehien (%43,7) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horregatik,

Irailetik aurrera, neurri gehiago iragarriko ditu Madrilek, Bruselara bidali behar duen planaren barruan, Europako Batasunak zehaztutako %7ko energia kontsumo murrizketa gauzatu ahal izateko. Ordura arte, autonomia erkidegoek izango dute aukerarik beren proposamenak egiteko. Jaurlaritzak uztailaren amaieran jakinarazi zuen lanean ari zela «plan propioarekin». Zertzelada batzuk eman zituen orduan; orain, Madrilera bidaliko dituen proposamenen lehen zirriborroa aurkeztu du.

Zirriborroa, oraindik ere hainbat eragileren proposamenak biltzeko asmoa baitu: enpresenak, bereziki. Hilaren 25era arte zabalik izango du postontzia, «alde guztien ekarpenak» jasotzeko. Gero, abuztua amaitu aurretik, Madrilera bidaliko du, han kontuan har dezaten .

Oposizioko buruak, EH Bilduk, Jaurlaritzari leporatu dio «ez dagoela ez planik, ez ideiarik» aurkeztu berri duen lehen zirriborroan. Koalizio horrek adierazi duenez, egungo energia krisiak «egiturazko aldaketak eskatzen ditu, eta ez neurri kosmetikoak».

Atzo egindako aurkezpenean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu zuen Jaurlaritzaren eskakizunek hiru «oinarri» dituztela: administrazioak, enpresak eta erabiltzaile partikularrak. Haren ustez, energia aurreztea eta berriztagarrien kontsumoa areagotzea izan behar du xedea, baina neurriak betetzen ez dituztenak zigortzearen aurka azaldu da.

ADMINISTRAZIOAK

Tapiaren arabera, hiru herrialdeetako administrazioek «nahitaezko konpromiso boluntarioa» erakutsi beharko lukete energia aurrezteko helburuarekin: eraikin publikoetako argiztapenean, tenperaturan, langileen joan-etorrietan, eta ur eta paper kontsumoan, besteak beste. Horretarako, Madrilen partetik «laguntza teknikoa beharrezkoa eta ezinbestekoa» izango dela uste du, batez ere herri txikietan eta tokiko eragileen artean, izan ditzaketen «zailtasunak» tarteko.

INDUSTRIA ETA ENPRESAK

Tapiak azpimarratu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria sektorean eta enpresa guztietan, oro har, lan handia egin da azken hamarkadetan energia kontsumoa murrizteko, baina uste du ahaleginak «areagotu» behar direla. Jaurlaritzak legegintzaldi honetan eman dituen laguntzen laburpen bat egin du, baina ez du berririk iragarri. Adierazi du garraioaren alorrean Renove plan bat egitea aztertzen ari direla.

Madrilera igorriko dituen eskakizunen artean, berriz, bat nabarmendu du Tapiak. «Hornidura arazoak izatekotan», Jaurlaritzak zera proposatuko dio Espainiako Gobernuari: energia asko kontsumitzen duten enpresek borondatez jarduera etenez gero konpentsazio ekonomikoak jasotzeko aukera izatea.

PARTIKULARRAK

Erabiltzaile partikularrei dagokienez, sentsibilizazio kanpainak funtsezkoak direla uste du, kontsumo ohiturak hobetzeko, autokontsumoa sustatzeko, joan-etorri jasangarriagoak areagotzeko... 700.000 euro iragarri ditu horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.