Ferreirarentzat, «plurala» da EHU, eta bere lantaldeak hori ordezkatzen du

Manoli Igartua, Gorka Moreno eta Agustin Erkizia dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako errektoreordeak izateko hautagaiak

Ferreira (erdian) taldekide batzuekin, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Eva Ferreira EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen errektoregaiak bere lantaldea aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Nabarmendu zuen EHU «plurala» dela, eta bere lantaldeak, hain zuzen, pluraltasun hori ordezkatzen duela. Hiru campusetako (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) katedradunak, doktoreak, irakasleak eta, besteak beste, ikerlariak daude hamahiru pertsonaz osatutako talde horretan: zazpi gizonezko eta sei emakumezko. «Zientzia hutsetako jendea dago, baita humanitateetakoa ere. Eskarmentu handia dutenak, gazteagoak... Pixka bat denetik; hain zuzen, hori gara unibertsitate honetan», adierazi du Ferreirak.

Azaroaren 26ko hauteskundeetan errektore aukeratzen badute—oraingoz, harena da hautagaitza bakarra, eta ez da espero besterik izatea—, EHUren idazkari nagusia Aitor Zurimendi izango da. Merkataritza Zuzenbideko katedraduna da Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Arabako Campuseko errektoreorde izateko hautagaia Manoli Igartua Farmazia eta Farmazia Teknologiako katedraduna da; Bizkaiko Campuseko errektoreorde izateko hautagaia Gorka Moreno Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari ohia da (2011-2019); eta Gipuzkoako campuseko errektoreorde kargua Agustin Erkizia Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktoreak hartuko du, Ferreirak irabaziz gero.

Nekane Balluerka ordezkatzeko hautagai bakarrak esan zuen programa lantzen ari direla. Aurreratu zuen, ordea, helburu izango dituztela «garapen jasangarria», ikasleen parte hartzea, «hobeto eta gehiago irakastea eta ikertzea», eta gizarteari jakinaraztea zer lan egiten den unibertsitate publikoan. Azken urteetako errektoreen ildo berekoa izango da Ferreiraren proiektua, lantalde horietan jardun izan baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.