«Eromena da; gainezka gaude»

Gasteizen, ilara luzeak sortu dira Correosen bulegoetan posta bidezko botoa emateko. Askok aitortu dute oporraldiak bertan behera laga beharko dituztela hauteskunde mahaian egotea egokitzen bazaie.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
G oizeko bederatzi eta erdiak dira, eta Gasteizko Zabalgana auzoko Correosen bulegoko giroa lasaia da. Hiru bat lagunek osatutako ilara txiki bat dago ezkerreko aldean, gutunak eta paketeak jaso eta bidaltzeko mostradorean. Hiru lagun daude, berriz, eskuineko mostradorean, eskari orriak betetzen. Posta bidezko botoa emateko idazkiak betetzen ari dira. Burua paperetik altxatu gabe ari dira, Correoseko langile bat argibideak ematen ari zaien bitartean. «Gehienek aurreneko aldia dute posta bidezko botoa ematen, eta zalantza ugari izaten dituzte». Posta bidez botoa eman nahi dutenen mahaian jendaurreko arreta eskaintzen ari den emakumeak aitortu du lanez gainezka daudela egunotan. «Gaur egun lasaia dugu, baina aurreko egunak eromena izan dira».

Hauteskunde egunean kanpoan egongo direnez, euren botoa ziurtatu nahi dute arabar askok egunotan. Hiriburuko Correosen bulego guztietan sumatzen da mugimendua azken asteotan. Hainbatetan iritsi ezinda dabiltza. Posta kaleko bulego nagusian, esaterako, ilara luzeak sortzen dira egunero. «Han gerra bat da».

Martxoaren 5ean posta bidezko botoa emateko epea zabaldu zenetik, etengabea izan da jendearen joan-etorria posta bulegoetan. Zabalgana auzokoa ere ez da salbuespena izan. «Ikaragarria izan da». Azken egunotan bulegora sartzeko ilarak ikusi dira kalean. «Ordubetean 110 lagun ingururi ere eskaini diegu arreta. Gainezka egon gara».

Posta bidezko botoa eskatzeko epea ireki zenetik, Araban ikaragarri egin du gora eskaerak. Aste Santuko oporretan eta Pazko astean kanpoan egoteko asmoa dutenak ez ezik, asko eta asko diraSan Prudentzion eta maiatzaren 1eko zubian ere oporretara joateko asmoa dutenak. Apirilaren 1era arte, postaz botoa emateko22.100 eskakizun jaso dituzteAraban. Epea amaitzeko 13 egun falta dira, eta jadanik aise gainditu da 2016ko ekaineko bozetako kopurua (14.000 eskaera izan ziren). 2015eko abenduaren 20ko hauteskundeetan, berriz, 5.800 eskaera izan ziren denera.

Botoa, bidaiatu aurretik

Apirilaren 28an Gasteiztik kanpo egongo diren gasteiztar horietako bi dira Jaime Grisaleña eta Carmen Txabarri. Correosen bulegora botoa ematera joan dira. Oporretan egonda ere euren botoa zenbatuko dela ziurtatu nahi dute. «Uste dut orain inoiz baino garrantzitsua izango dela botoa ematea, eskuinak irabaz ez dezan», dio Grisaleñak. Nahikoa lasai daudela aitortu du: bidaia azaroan erreserbatu zuten, eta ez dute zertan hauteskunde mahaian egon, egokituz gero.

Iñaki Vozmediano gasteiztarrari, berriz, ez zaio arrotza egiten posta bidezko botoa emateko aukera. «Beti ematen dut botoa horrela. Erosoagoa da, eta botoa ematea ziurtatzeko modu bat ere bai, kanpoan harrapatzen banau». Apirilaren 28an, hain justu, oporretan egongo da. Erreserbatuta dauka bidaia Aste Santuko eta San Prudentzioko egunetarako, eta espero du ez egokitzea hauteskunde mahaian egotea; bestela, bidaia bertan behera utzi beharko luke.

Gorka Telleriarentzat, ostera, berria da posta bidezko boza ematearena. Gasteiztarra uste oker batekin joan da, baina, Zabalganako posta bulegora idazkiak betetzera: «Pentsatzen nuen postaz botoa emateak hauteskunde mahaian egoteaz salbuesten zuela». Ez dela horrelakorik gertatuko jakinarazi diote eskuorriak betetzen hasi denean. Hala eta guztiz ere, botoa posta bidez emateko tramiteak berdin-berdin egin ditu. Izan ere, San Prudentzioko zubian oporretara joateko asmoa du, nahiz eta oraindik ez duen erreserbarik egin, badaezpada. «Hauteskunde mahaian egotea egokitu zaidan jakin arte ez dut ezer ordainduko».

Aurten hauteskunde mahaian egotea ez zaiola egokituko esperantza dauka, bestalde, Marta Rodriguezek. «Duela zortzi urte egokitu zitzaidan, eta ez dut uste berriro tokatuko zaidanik. Behin egonda nahikoa da, ezta?», dio zalantzatsu. Aste Santuko eta Pazko asteko egunetan hondartzara joango da familiarekin eta bidaiaren erreserba eginda dauka. Kasualitatez mahaian egotea egokitzen bazaio, oporrak egun batzuk eten eta Gasteizera bueltatuko dela dio. Hori bai, oporrak ez ditu bertan behera utziko. «Senarra eta umeak hondartzan utziko nituzke, eta Gasteizera bueltatuko nintzateke, ondoren hondartzara itzultzeko».

Hauteskundeak opor garaian izateak jende askoren planak aldrebestu egin ditu, eta posta bidezko botoa ematera joandako asko kexu dira Espainiako Gobernuak aukeratutako datarekin. «Hau amorrua! Ematen du nahita egin dutela botorik eman ez dezagun», dio Rodriguezek. Hauteskunde eguna oso desegokia dela iritzi dio, halaber, Jon eta Nuria bikote gasteiztarrak. Opor luzeak hartzeko asmoa dute: apirilaren 20tik maiatzaren 5a arte. Furgonetarekin bidaiatuko dutenez, ez dute aldez aurretik ezer erreserbatu. Horrek, neurri batean, ematen die lasaitua. «Mahaian egotea egokitzen bazaigu, ibilbidea moldatuko dugu». Hala ere, bozek atseden garaia baldintzatu behar izatea «gogaikarria» dela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.