Sekretu Ofizialen Batzordea egokitu nahi dute independentistak sartzeko

Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidenteak bidea ireki du EH Bildu, ERC eta CUP batzordean sartzeko. Bolañosek esan du gobernuak «legearen barruan» jokatu duela

Felix Bolaños, atzo eman zuen prentsaurrekoaren ondoren. J.J GUILLEN / EFE.
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Kongresuko Sekretu Ofizialen Batzordea baliatu nahi du independentisten aurkako espiotza kasuak ikertzeko. Orain arte, batzorde horretan parte hartzen duten alderdiak kongresuaren hiru bostenen babesarekin izendatzen zituzten, baina, orain, Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidenteak proposatu du batzordeko partaideak aukeratzeko metodoa aldatzea. Hain zuzen, gehiengo absolutuaren bidez aukeratzeko proposamena egin du; horrela, EH Bilduk, ERCk eta CUPek modua izango lukete batzordean parte hartzeko. Gobernuak,PSOEk eta Unidas Podemosek horren alde egin dute; Vox eta PP, ordea, aurka agertu dira.

Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak oniritzia eman diote proposamenari, eta aste honetan osoko bilkurara eramatea da asmoa; horren bidez, aste honetan bertan sortu ahalko litzateke batzordea.

Ikerketa batzordea

Beste aukera bat jorratu nahi zuten EH Bilduk, ERCk eta JxCk. Espainiako Senatuak kargu publikoen espioitza kasuak ikertzeko batzordea eratzea nahi zuten, eta EAJk bat egina zuen EH Bilduren, ERCren eta JxCren eskaerarekin. Izan ere, Senatuko Mahaiko presidenteorde Cristina Narbonak azaldu zuen haiek ez dutela eragotziko eskaerak aurrera egitea. Halere, batzordea eratzeko gehiengoa beharko dute, eta PSOEk ez du mahai gainean jarri nahi aukera hori.

Zelatatzeko agindua

Espioitza kasua zabaldu zenetik luzatuz doa auziak eragindako soka politiko eta informatiboa. Azkena, atzokoa: CNI Espainiako zerbitzu sekretuak agindu judizialpean zelatatu zituen Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat politikari, eta, gainera, banaka zelatatu zituzten, ez «bereizi gabe». Hori aldezten dute Espainiako zerbitzu sekretuen «hurbileko iturriek», El Pais egunkariak filtratutako informazioaren arabera. Egunkariak azaldu duenez, iturri horrek ez du baieztatu zeintzuk izan ziren erakundearen arabera zelatatu zituzten pertsonak. Hala ere, esan du The New Yorker kazetak argitaratu duen zerrendako asko ez dituztela zelatatu, eta, horrenbestez, espioitza kasuen biktima izan direnak askoz ere gutxiago direla.

Hala ere, iturri horiek onartu dute azken urteotan Kataluniako elkarte independentistetako buruak «jomuga informatibo» izan dituela CNIk. Esan dutenez, buruzagi independentistak zelatatzeak badu arrazoi bat: CNIko barne araudian ageri denez, «Espainiako lurraldetasuna edozein mehatxutatik babestea» da zerbitzu sekretuen helburu nagusietako bat.

Zelatatuek erantzukizunak eskatu dituzte, eta egoera horren erantzuleak «atoan» kargutik kentzea galdegin dute. Halaber, Kataluniako Gobernuak gutxiengora murriztu ditu Espainiako Gobernuarekiko harremanak, «konfiantza faltarengatik».

Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak azaldu zuen Espainiako Gobernuaren ildoa: «Funtsezkoa da aurreiritzirik ez izatea eta pausoz pauso joatea. Lehenengo eta behin, argitu dezagun CNI barnean zer gertatu den». Horrez gain, gehitu duEspainiako Gobernuak «kontzientzia oso lasai» daukala, beti «legearen barruan» jokatu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.