Telebista pantailan harrapatu duzu pertsona ezezagun bat harrotasun handiz esanez: «Campo de Criptanakoa naiz ni, Sara Montiel bezala». Harrotasun irrigarria iruditu zaizu. Campo de Criptanan jaio izanaren meriturik ez du berak; Sara Montielen ospetik parasitatuz harro egoteko adina badu, ez du bizitzan gauza handirik egin; eta gainera, Sara Montiel askok miretsiko zuen, baina beste askorentzat ez zen inolako erreferente izango.
Elkano zen, Elcano edo El Cano; esklabista izan zen edo komertzio-marinel soila; Espainiako koroa gogo onez edo halabeharrez ordezkatu zuen; euskalduna zelako merezi baino gutxiago ezagutzera eman duten edo ez; Victoria ontzia Zarautzen, Ondarroan edo auskalo non egin zuten; gaurko begiradak epaitu dezakeen lehen gertatua; lehen eta orain gizalegeak arau berak dituen ala ez... Bost mende joan dira eta urak nahasirik dabiltza. Perretxikoak adina ugaldu dira historialari eta historiazaleak. Askok daki asko nonbait, eta gutxi batzuk galduak sentitzen gara itsaso horretan.
Kontuak kontu, gaur, erkidegoan, jaiegun. Kamerak zaleak izaten dira horrelakoetan kalera irten eta huskerien inguruan galdetzen, eta nik, badaezpada, prest dut erantzuna: «Ez dakit. Ez naiz hemengoa. Campo de Criptanakoa naiz, Sara Montiel bezala».

HITZ ETZANAK
Nongoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu